30 erraldoi batuko dira domekan Bermeon

Bizkaie! 2026-06-11 07:43   Kulturea

Erraldoien Konparsearen 20. urteurrena ospatzeko.

Aurten 20 urte beteko dira Bermeoko Erraldoien Konparsea sortu ebenetik. Hamarkada bitan zehar, konparseak herriko jai-giroaren, kultur transmisinoaren eta herri-nortasunaren parte bihurtu diran personaiak jagon, sustatu eta bizirik mantendu ditu, hainbat herritarren konpromisoari eta lan boluntarioari esker.

Urteurrenaren harian, Bermeoko Erraldoien Konparseak hainbat ekimen atondu ditu bere ibilbidea herritarrakaz konpartiduteko eta azken hogei urteetan egindako lanari balioa emoteko.

Lehenengo ekimenetako bat Arrantzaleen Museoan dagoan erakusketea da. Bagilaren 14ra arte bisitau ahal izango da, museoaren ohiko ordutegian, eta bertan konparsearen hamarkada bitako ibilbidea jasoten daben argazkiak eta ikus-entzunezko materiala dagoz. Erakusketeak aukerea emoten dau urte horreetan guztietan bizitako momentu bereziak, egindako bidaiak, atondutako jarduerak eta lortutako erronkak ezagutzeko.

Era berean, Nestor Basterretxea Aretoan beste erakusketa bat dago eta bagilaren 13ra arte egongo da zabalik, 19:00retatik 21:00etara, eta bertan erraldoien panpinak, jantziak eta konparsearen jardunagaz lotutako hainbat objektu eta bitxikeria ikusi daitekez. Erakusketeak erraldoien gorabeherak, lana eta ondare materiala gertutik ezagutzeko aukerea eskaintzen dau.

Urteurreneko ospakizunen momenturik esanguratsuena, ostera, bagilaren 14an izango da, datorren domekan. Egun horretan egingo baita Erraldoien Bilkurearen ekimenez, Euskal Herriko hainbat txokotako konparsak batuko dituan ikuskizuna Bermeon, 30 erraldoi inguru batuko dira herriko kaleetan. Goizeko 11:00etatik aurrera, Sanjuanportaletik abiatu eta Alde Zaharra, Lamera eta Portuzarra zeharkatuko ditu ekitaldiak.

Bermeoko Erraldoien Konparseagaz batera izango dira Sanduzelaiko Erraldoien Konparsea (Iruñea), Ondalan (Deustu), LEBE (Lekeitio), Irrintzi (Donostia), Bihotza Konparsea (Urduña), Mundakako Erraldoiak eta Arrasateko Erraldoien Konparsea, Bizkaiko Gaiteroen laguntzeagaz.

Hogei urteotan, Bermeoko erraldoiak herriko jai, ospakizun eta ekitaldi nagusietako ezinbesteko protagonistak izan dira. Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari ez dira erraldoiak bakarrik, herritarren gomutan, argazki-albumetan eta belaunaldiz belaunaldi transmitidutako bizipenetan txertatutako ikurrak dira. Ume askoren lehen gomutak erraldoien jantzakaz lotuta dagoz eta helduentzat be herri nortasunaren adierazpen berezi bilakatu dira.

Etorkizunari begira be pausu garrantzitsuak emoten dabiz, izan be, Bermeoko Udala erraldoien panpinak egiteko prozesuan dabil, herriaren ondare kultural hori indartu, barritu eta datozen belaunaldiei transmitiduteko helburuagaz (laster egongo dira danen eskura). Hola, azken 20 urteetan egindako lanari jarraipena emongo jako, erraldoiek Bermeoko kaleetan protagonismoa izaten jarraitu deien.

Bermeoko Erraldoien Konparseak eskerrak emon nahi deutsee hogei urte honeetan bidelagun izandako persona guztiei: Erraldoiak sorbaldan eroan dituenei, jantziak josi eta jagon dituenei, atontzaileei, lagundu daben erakunde eta alkarteei eta, oro har, urteotan konparesaren jarduera babestu eta hauspotu daben herritar guztiei. Izan be, hogei urteko ibilbide hau ez da persona edo talde baten lorpena bakarrik; herri oso baten inplikazinoaren, konpromisoaren eta maitasunaren emoitzea da. Horri esker, Bermeoko erraldoiak jaietako elementu huts izatetik harago joan dira, eta gaur egun herritarren gomuta eta bizipenetan sustraitutako ikur bihurtu dira.

Erraldoiak jaietako irudi ikusgarriak eta herri baten nortasuna, memoria eta bizitasuna dira. Gure erraldoiek hogei urte aurrerago, oraindino be irribarreak eragiten eta belaunaldiak batzen ditue eta Bermeoren izena harrotasunez eroaten dabe. Jarrai deiela urte askotan, gure kaleetan historia eta ilusinoa eskutik helduta jantzan. Domeka honetan Bermeok bere kaleetan 30 erraldoi inguru hartuko ditu, baina benetan batuko dana askoz handiagoa da: urte honeetan guztietan tradizino honi eusten deutson komunidade oso baten lana, ilusinoa eta maitasuna, adierazo dau Nadia Nemeh Shomaly alkateak.

Bermeoko Erraldoien Konparsako kideek herritar guztiak animetan ditue urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu