Mende bat txirrindularitzea bultzatzen
2026-06-11 10:25 KultureaAurten GAC bizikleten fabrikazinoaren eta Eibarko Txirrindulari Alkartearen mendeurrenak ospatzen dira.
Industria, kirola eta tradizinoa batzen dituan urteurrena, Eibar erreferentzia historiko bihurtu dauen txirrindularitza-ondarea autortzen dauena. Bizikletearen fabrikazinoaren sustraiak armagintzeak mende hasiera inguruan izandako arma-fabrikazinoaren beherakadearen ondorioz sortu ziran. Krisien eta legeen zorroztasunaren eraginez, arma-fabrikek beste bide batzuk bilatu behar izan zituen eta bizimoduari eusteko aukeretako bat bizikletearen fabrikazioa izan zan.
Armagin gehienek euren makina zaharrak moldatu eta bizikletak egiteko prestau zituen. GAC, Orbea eta BH enpresa ezagunak oso garrantzitsuak izan ziran txirrindularitzearen historian. Aitatutako hiru horreek izan ziran handienak eta ezagunenak baina Eibarko bizikletearen eta txirrindularitzearen arrakastatik kanpo, ezin dira aitatu barik itxi Nicolas Arregui, Zeus, Echasa-Fenix, Cil, Gamma, Abelux...
Aurtengoa urte berezia izateko arrazoi handi bi dagoz: 100 urte beteko dira Eibarren GAC bizikletea fabriketan hasi ziranetik. GAC (Gárate, Anitua y Cía) 1892. urtean erregistrau eben; errebolberrak eta pistolak egiten zituen gehienbat. Lehen aitatutako krisi eta legeek industriaren dibersifikazinoa ekarri eben eta GAC etxeak Italiako bizikleta baten patentea erosi eban. 1926tik aurrera bizikletak egiteari ekin eutsen. Aurrerago, 1951. urtean, GAC Mobylette-ak egiten hasi ziran, Motobecana frantziarraren lizentziapean. 1974an, Eibartik Abadiñora joan zan. Marka honen bizikleta ospetsuenetakoa Motoretta izan zan. 1970eko hamarkadan egina, Motoretta azkar bihurtu zan Espainiako uri-mobikortasunaren ikono. Eredu hau, bere diseinu barritzaile eta funtzionalagaitik ez eze, herritarrentzako produktu eskuragarria izateagaitik be nabarmendu zan, bizikletea eguneroko garraiobide bezela erabilten hasi ziran eta. Motorettak aldaketa berezia ekarri eban bizikletak antzemoteko eta erabilteko moduan.
Bizikletak fabriketan hasteaz batera eta sasoi haretan ohikoa zanez, GAC enpreseak bere txirrindulari-taldea eukan eta hor kokatu behar dogu, hain zuzen be, urte berezi honen bigarren arrazoia: Eibarko Txirrindularitza Alkartea. Eulogio Gárate, Hermogenes Larrañaga eta Eulogio Bustindui Club Ciclista GAC sortu eben, enpreseak berak fabriketan zituan produktuak ezagutzera emoteko asmoz. Laster klubaren izena Club Ciclista Eibarrés-GAC zan, Eulogio Bustindui presidentea zala. Eibarko Bizikleta entzutetsuaren eta Eibar-Madrid-Eibar (1932-1936) ekimenaren atontzailea izan zan, baita beste hainbat lasterketaren sustatzailea be. Urteak pasau eta gorabehera askoren ondoren, 1978. urtean alkarteak bide barri bati ekin eutson gaur egunera arte jarraitzen dauena. Nabarmentzekoa da 1980. urtean, bakotxak 10.000 pezetako ekarpena eginda, Eibarko Klub Deportiboa eta Eibarko Txirrindulari Alkartea batu zirala Arrateko Igoerea eta Eibarko Bizikletea lako proba profesionalak atontzekoo.
Azken 25 urteetan, Eibarko Txirrindularitza Alkarteak txirrindularitza probak atondu ditu bai gazteen kategorietan bai eta profesionaletan be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
