XXI. Deiadar Mendien Eguna: bagilaren 7an, Ganekogortan

Bizkaie! 2026-06-05 12:16   Kulturea

Adarraren soinuak Gernikan antxina egiten ziran bileren deialdia iragarten eban.

Aurten, bagilaren 7an, Ganekogorta mendira igoteko eguna izango da, Bizkaiko tontor enblematikoa da, urte batzuk lehenago beste lau bozina-gailurretara (Gorbeia, Oiz, Kolitza eta Sollube) igon ondoren.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak 2004. urtean erakunde honen berrezartzearen 25. urteurrena dala eta hasitako tradizinoari eutsiz, Bilboko Gailurra klubaren lankidetzeagaz ekingo deutse. Ibilaldia goizeko 08:00etan hasiko da Kobetamendiko aparkalekuank. Parte-hartzaileak Ganekogortako tontorrera igotea izango da ames (998 metro), bilbotarrek Pagasarrira igoteko erabilten dabena barik beste bide batetik, hain zuzen be. Tontor mitiko horretan, eguerdiko 12:00etan, adarrak joteko ohiturea zintzo beteko dabe.

Adarrek gailurrean joten daben soinuaren ondoren, atontzaileek jai-gune txiki bat atondu dabe Pagasarriko zelaietan eta hor ez da faltauko musikarik, jantzarik, bilbainadarik, indarrak hartzeko aperitibo txikia eta igoera osoa egiten dabenentzako erregalua. Horrezaz guztiaz arduratuko dira Bilbo Kantari, Salbatzaile Dantza Taldea (bere sortzailea, Begoña Arroyo Aldekoa, oraintsu Bilboko Udalaren autortzea jaso dau egindako lanagaitik) eta Peñascal Kooperativea irabazi-asmorik bako erakundea.

Bilboko Gailurra mendi taldeak, aurtengo kirol igoeraz arduratzen danak, Lemoako Ganzabal klubeko ordezkariari emongo deutso lekukoa domekan, tradizinoa dan bezela, 2027an Gorbeiarako igoerea atondu Daian, holan, bozinea-mendietara igoteko zikloa ez da etengo.

Bizkaiko Deiadar Mendien ibilbidea

Bagilaren 1etik 7ra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiak, Bizkaiko Mendizale Federazinoagaz batera eta Kirolur programearen barruan, Bizkaiko Deiadar Mendien ibilbidea atontzen dau. Zazpi etapa dituan zeharkaldi hau, Pagomakurren hasi, Gorbeia inguruan, eta Ganekogorta tontorrean amaituko da.

Ekimenak aire zabaleko kirol-jarduera, lurraldeko natura eta kultura-ondarearen ezagutza eta herritarren parte-hartzea sustatu nahi ditu, herritar guztien artean. Zazpi egunez, parte-hartzaileek Bizkaiko enklabe enblematikoenetako batzuk zeharkatuko ditue, Bocineros mendi historikoen ibilbidea jarraituz.

Atontzaileek jarduerearen izaera edegi eta parte-hartzailea azpimarratu nahi izan dabe, herritarrak aurreikusitako edozein etapatan ibiltariei laguntzen hurreratu daitezan. Interesa daben personek egun bakotxeko ibilbide osoa egin ahal izango dabe, edo jagokon tontorraren igoereagaz bat egin ahal izango dabe, eta ondoren jatorrizko lekura bueltauko dira.

Kirolur programeak natura-inguruneko kirol-jardueren alde egiten jarraitzen dau. Jarduera horrek ariketa fisikoa, bizikidetzea eta inguruneari balioa emotea buztartzen ditue, Bizkaiko mendizaletasunean erreferente diran erakundeakaz lankidetzan, besteak beste, Bizkaiko Mendizale Federazinoagaz.

Ibilbideko zazpigarren eta azken etapeak, gainera, Bizkaiko Deiadar Mendien XXI. Egunagaz bat egingo dau, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak antolatuta, eta bagilaren 7an kirol eta kultur jardunaldi oso berezia egingo dabe Ganekogortan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu