Aizu! erabarritua, euskera ikasle eta irakasleentzat arabere erabilgarriago

Bizkaie! 2025-11-19 13:11   Kulturea

Papelezko euskarria txikitu eta alor digitala indartu dau aldizkariak.

Orain 44 urte (1981ean) 0 zenbakia Durangoko Azokan aurkeztu eben eta AEK-k leku berean jarriko dau ikusgai aurtengo abenduko alea. Euskerea ikasten dabizanen neurrira sortutako aldizkaria, erraz eta eroso irakurtekoa eta erabiltekoa da; bada, aurrerantzean, askoz errazagoa, erosoagoa eta erabilgarriagoa izango da. Horretarako, hainbat aldaketa gauzatu ditu, hedabide izaereari eutsita eta ikuspuntu didaktikoa indartuta.

Itxuran zein edukian izango dau bilakaera Aizu!-k, betibere sortu zaneko helburua baztertu barik, hau da, euskerea ikasten dabizanen aldizkari izatea: euskalduntze prozesuan laguntzeko eta euskal kulturea ezagutarazoteko. Hori dala eta, harro esan geinke Aizu! dala gaur egun papelean argitaratzen dan mueta horretako aldizkari bakarra.

Aldaketa agirikoena formatua da: papelezko euskarria hemendik Aurrera txikixeagoa izango da. Edozelan be, orain arteko eduki eta atalei eutsiko deutse eta, alor digitala garatuta, hobeto osotuko dabe alkar papelak eta espazio digitalak.

Edukian be nobedadeak izango dira. Hasteko, aldizkariko testu guztiak hizkuntza gaitasunaren arabera mailakatuta egongo dira, Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren erispideakaz bat. Guztira, hiru kategoria bereiziko ditugu: Hasieran (A1-A2), Bidean (B1-B2) eta Heltzear (C1-C2); ikurren bidez antzemongo ditu irakurleak.

Horrehaz batera, hareen inguruko ariketak eskainiko ditugu, online egiteko. Hilez hil, AEKko didaktikari batek lau ariketa sortuko ditu, hilabetekariko edukiak oinarri hartuta, maila guztietarako. Hareetarako sarbidea QR bidez topauko dabe aldizkariaren harpidedun eta erosleek.

Hagaitik, onlineko ariketa horreek ez dira izango Aizu! erabilteko modu bakarra, izan be, euskaltegietako ikasle-irakasleek ezeze, euren kabuz euskerea ikasten dabizanek be erabilten dabelako aldizkaria, AEKko Didaktika Sailak gida didaktiko bi jarriko ditu eskuragarri www.aizu.eus webgunean, euskera ikasteko prozesuan laguntzearren: bata euskera ikasleentzat; bestea, irakasleentzat. Bietan azaltzen da onura handiena zelan jaso, modu erraz eta ulergarrian.

Hilabetekari izateak, nahitaez, mugak ezartzen ditu eduki barrienak lantzeko momentuan; horreek gainditzeko asmoz, aurrerantzean Aizu!-k gaurkotasunari be leku egingo deutso euskarri digitalean. Horretarako, atal barria sortuko dau Aizu!-ren leihoa eta hor astero agertuko dira normalean aldizkarian argitaratu ezin diran albisteak, beste edukiei buruzko ariketakaz batera. Astean albiste bi sareratuko dira.

Aldaketa horreek guztiak abenduko zenbakian, 502an ikusi eta probau ahal izango dira. Gainera, epe laburrean barrikuntza gehiago egitea aurreikusia dogu ―esaterako, webguneko testuak entzuteko aukerea―. Entzumena lantzea garrantzitsua da edozein hizkuntza ikasteko eta hori 2026an lantzea da asmoa.

Aldizkari erabarritua ezagutarazoteko, berariazko aurkezpen ekitaldia izango da Durangon, abenduaren 5ean, Ikaslearen Egunean, eguerdian, Areto Nagusian. Hurreratzen diranek bertatik bertara ezagutu ahal izango dabe aldizkaria, han azalduko baititugu euskera ikasten/erakasten dabizanentzako aukera guztiak.

Bestela, AIZU!-AEKren standean be egongo da (Artekale 26) Azoka egunetan. Jakina, egun horreetan aldizkari erabarritua eskuratu ahal izango da, aleka zein harpidetzea eginda (papelezko euskarrirako, digitalerako edo bietarako).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu