'Ez da zure arazoa, geurea be bada'

Bizkaie! 2025-11-20 08:36   Kulturea

Gizarte osoari eskatzen jako indarkeria matxistearen kontrako burrukan inpliketako.



Emakundek, hiru foru-aldundiek eta EUDELek kanpaina bat aurkeztu dabe, Ez da zure arazoa, geurea be bada goiburukoa. Emakume bitik batek indarkeria jasan dau Euskadin eta ezinbestekoa da biktimak babesteko komunidadea sortzea.

Herritar guztiei eskatzen jake indarkeria matxistea sufriduten daben emakumeen inguruan komunidatea sortzeko. Gainera, nabarmentzen da emakume bitik batek indarkeria jasan dauela Euskadin eta, beraz, erantzukizun soziala, komunitarioa eta instituzionala dala, indarkeria matxistearen biktimei entzutea.

Kanpainea Euskadiko 4.500 emakumeri egindako Emakumeen kontrako indarkeriari eta pertsonen arteko beste indarkeria-mueta batzuei buruzko inkesta 2024 izenekoaren datuetan oinarritu da. Azterlan horren arabera, Euskadin bizi diran 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen % 48,2k noiz edo noiz sufridu dau indarkeria-muetearen bat bikotean edo bikotetik kanpo. Salaketeak kasuen % 15era heltzen ez diran arren, emakumeen % 80k dino indarkeria sufriduten dauela. Horregaitik da hain garrantzitsua gizarte aktibo eta kontzientziaua izatea, nabarmendu dau aurkezpenean Emakundeko zuzendariak. Miren Elgarrestak indarkeria matxistearen biktima diran emakumeek egiturazko arazo horri aurre egiteko daben zaltasuna azpimarratu dau. Horregaitik, ardurea gizartean dago eta horrek erantzun, lagundu, ulertu, artatu, sentidu behar dau ardurea ez dala emakume batzuen arazo personala, arazo soziala baino.

Emakundeko zuzendariak erakundeen, komunikabideen eta, oro har, gizartearen inplikazinoa eskatu dau, arazoaren dimensinoa gorabehera, askotan ezkutuan eta uste baino normalizatuago dagoan zeozer dalako.

Kanpainako irudiak indarkeriaren biktima bat babesten dauen persona talde bat irudikatzen dau, indarkeria matxistearen normalizazinoari aurre egiteko gizarte osoa aktibau behar dala aldarrikatzeko.

Esther Apraizek, EUDELeko presidenteak, udalerriek biktimei arretea emoteko daben zeregina aitatu dau. Udalak oinarrizkoak gara indarkeria matxistearen aurrean jagoten eta mobilizetan diran komunidadeak gidatzeko. Auzokoen arteko loturak, lagunak eta hurreko ingurua dira lehen babes-ezkutua, seinaleak antzemon daitekez eta indarkeriaren biktima diran emakumeak laguntzea da asmoa.

Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Bardintasun, Euskera eta Gobernantzako foru diputaduak sare komunitarioak indartu eta ingurune seguruak sortu nahi ditu emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko bidean aurrera egiteko. Entzunak eta babestuak sentiduten diran espazioak sustatu behar ditugu eta, horretarako, oinarrizkoa da erantzunkidetasun soziala. Gizarte-babesak, indarkeriaren biktima dan emakume bakotxari emondako babesak markau leike aldea.

Bestalde, Trinidad Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasun zuzendariak adierazo dauenez, emakumeek eta euren seme-alabek sufriduten ditue indarkeria matxistearen ondorioak. Indarkeria hori kolektibo txarra dala azpimarratzea komenidu da, indarkeria matxistaz arduratzen ez garen bakotxean, gizarte okerragoa gara. Ezin gara ardurabakoak izan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bardintasunerako zuzendari Nerea Isasik kaletik erakundeetara jo dau, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko: indarkeria egiturazko desbardintasuna bada oinarria, erantzuna gizartearen puntu guztietatik aktibau behar da. Benetako erantzunkidetasuna da, matxismoa gelditzeko eta desbardintasunaren kontra jarduteko ekintza zehatz bihurtzen dana.

Kanpainea zemendiaren 25era arte dago martxan telebistan, irratian, prentsa idatzian, sare sozialetan eta beste publizidade-euskarri batzuetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu