Euskararen Etxea 'European Museum of the Year Awards' ekitaldian anfitrioi izango da

Bizkaie! 2025-11-19 10:42   Kulturea

2026ko bagilaren 10etik 14ra.

Bizkaiak Europako museo-ekitaldi garrantzitsuena hartuko dau 2026ko bagilaren 10etik 14ra, European Museum of the Year Awards (EMYA) kongresu eta galeagaz. Ekitaldiak Euskararen Etxea izango dau anfitrioi.

Museoen sektoreko profesionalentzako eta kultur eragileentzako hiru eguneko batzarra izango da. Era berean, sari-banaketa ekitaldia egingo da eta Bizkaian be hainbat jarduera kultural osogarri atontuko ditue.

Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kirol foru diputaduak esan bezela: Bizkaiak nazinoarteko kultur ekitaldi garrantzitsua hartuko dau gure urian, aukera parebakoa da gure museoak ezagutarazteko, nazinoarteko hartu-emonak sendotzeko eta ezagutzea partekatzeko.

Euskararen Etxea hartzen dauen Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskerearen Interpretazino Zentroak 2025eko Europako Kontsejuaren Museoen Saria jaso eban apirilaren 7an. Bizkaiko Ahaldun Nagusia Elixabete Etxanobe eta Euskararen Etxeko zuzendaria Iurdana Acasuso Estrasburgon izan ziran, Europako Kontsejuko Kongresuko Kultura Batzordeak emondako saria emoteko ekitaldian. Era berean, Euskararen Etxeak European Museum of the Year Awards (EMYA) erakundeak atondutako jardunaldian parte hartu eban maiatzaren 21etik 25era Poloniako Biaystok urian.

Manchesterreko Museoak (Manchester, Erresuma Batua) irabazi eban 2025eko Europako Museoaren EMYA saria.

Euskararen Etxea

Euskararen Etxea, Bilboko San Inazio auzoan kokatua, 2004an sortu eben Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzeak. Gaur egun, Azkue Fundazinoak kudeatzen dau, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako lagapenaren bidez. Euskararen Etxeak hiru zerbitzu eskaintzen ditu: coworking gunea, aretoak ixteko zerbitzua eta Euskerearen Interpretazino Zentroa.

Euskararen Etxea eta bere Euskerearen Interpretazino Zentroa sarbidea dira euskerean sartu gura dabenentzat. Gune dinamikoa da bere komunidadearentzat eta biziberritzean lan egiten dabenentzat.

2023an berritua, Euskerearen Interpretazino Zentroak euskerearen bizi-indarra eta aniztasuna modu ausart, dibertigarri eta irudimentsuan, baina era berean zehatz eta zientifikoan, transmitidutea dau helburu. Helburua da hiztunak nabarmentzea eta inplikazino personalak eta komunidadearen (hiztunak eta hiztunak ez diranak) jarrera aldarrikatzea hizkuntza bizibarritzeko prozesuan.

Egitarauaren bidez, bisitariaren eta hizkuntzearen arteko lotura sortu eta indartu gura dau, euskerearen etorkizuna hiztunen esku dagoan idea indartuz. Danok egiten deutsagulako ekarpena euskereari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu