Klima aldaketeak Kantauri Itsasoan dituan ondoroei buruzko hausnarketak protagonista Bilbon

Bizkaie! 2025-11-20 11:09   Kulturea

Guilem Chust eta Maite Erauskin izango dira parte-hartzaileak. 



Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak atondutako barriketaldia Mikel Reparazek gidatuko dau eta Kantauri Itsasoa krisi klimatikoaren aurrean, begirada zientifikoa COP30en ondorioei izeneko jardunaldian, Guilem Chustek eta Maite Erauskinek hartuko dabe parte, espezialistak eta AZTIko itsas ekosistemen ikertzaileak, hain zuzen be.

Krisi klimatikoa bigarren mailan dagoala pentsau arren, hilabete honetan COP30 Klima Aldaketeari buruzko Nazino Batuen Konferentzia egiten da, urtero atontzen dana eta 2025 honetan Belém uri brasildarra hartzen dauena. Goi-bileran mundu osoko zientzialariak, adituak eta lehen mailako ordezkari politikoak batuko dira, planeteak bizi dauen klima-aldaketea arintzeko edo horretara hobeto egokitzeko neurriak adosteko.

Bidebarrieta Kulturgunean egingo dan topaketa honetan klima aldaketeak planteetan dituan erronkak azalduko dira ikuspegi zientifikoa ardatz hartuta, hurbilagoko eremuan oinarrituz, Kantauri Itsasoan. AZTI zentro zientifiko eta teknologikoko hizlari biek ondoko gaiei hauei buruz berba egingo dabe: ekosistemen tropikalizazinoa, itsas biodibersidadean tenperaturea igoteak dituan ondorioak, arrantza-stocken aldaketak, itsas mailearen igoerea edo gero eta ohikoagoak diran denporaleen eta muturreko fenomeno meteorologikoak.

Guilem Chust

Klima-aldaketearen gorabeheratko arduraduna da AZTI Itsas eta Elikagaien Ikerketa Zentroan. Doktorea Paul Sabatier Unibersidadean (Toulouse, Frantzia) eta Bartzelonako Unibersidadeko Ekologia Sailean (Espainia). Doktorau ondoko egonaldia egin eban Evolution et Diversité Biologiquen (CNRS/UPS, Frantzia) 2002tik 2004ra. AZTIn lanean hasi zanetik ozeanoko eta kostaldeko ekologiako proiektuetan parte hartu dau.

Maite Erauskin

AZTIko itsas ekosistemen ikertzailea da. Vigoko Unibersidadean Itsas Zientzietan lizentziaduna, Itsas Ekologiako Masterra egin eban Ensenadako Ikerketa Zientifikoko eta Goi Hezkuntzako Zentroan eta, ondoren, Itsas eta Ingurumen Baliabideetako Doktoretzea egin eban Euskal Herriko Unibersidadean. BEREX audiovisuales eta Asociación GAEA Elkartea irabazi-asmorik bako erakundeen sortzaileetako bat da.

Mikel Reparaz Nazinoarteko Informazino gaietako zuzendaria da ETBn eta Informazino Zientzietan lizentziaduna Nafarroako Unibersidadean (UNAV). Euskaldunon Egunkaria eta Diario de Noticias egunkarietan hasi eban bere ibilbide profesionala eta urte batzuk aurrerago Bruselara joan zan barriemoile lanak egiteko. Era berean, ordezkari berezi izan da hainbat herrialdetan, besteak beste, informazino politikoa eta gatazka belikoak jorratzeko. Reparaz bost urtez egon da EITBrentzat lanean AEBetan, 2013tik 2020ra. Las grietas de América. Bajo la piel de un país divide filmak Euskadi Literatura Saria jaso eban 2021ean.

Topaketea zemendiaren 25ean, martitzenean izango da, Bidebarrietako Liburutegian, 19:00retan, doban. Streaming bidez emongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu