Euskal diasporeari harrerea egin deutso Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2019-10-02 09:01   Euskaldunak munduan

21 herrialdetako ordezkariak egon dira ekitaldian.

Kate Camino (atzean) eta Arantza Zubillaga (berbetan), Bilbon (argazkiak: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lau urterik behingo Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarra egiten dabizala aprobetxauta, Euskaltzaindiak harrerea egin deutse euskal diasporako hainbat ordezkariri, Bilbon, Plaza Barriko egoitza nagusian. Akademiaren eraikina erakutsi deutsie atzerriko euskaldunei, eta, ondoren, areto nagusira joan dira, omenaldirako. Ekitaldian izan dira politikako eta gizarteko ordezkariak, Euskaltzaindiko eta diasporako kideakaz batera.

Atzerritik etorri diran euskaldunen artean, 21 herrialdetako ordezkariak egon dira: Estadu Batuetakoak, Argentinakoak, Venezuelakoak, Alemaniakoak, Kubakoak, Belgikakoak, Mexikokoak, Txilekoak eta abar.

Garikoitz Mendizabalek gidatutako txistulari taldearen eta aurreskuaren ostean, ordezkari eta agintarien berbak etorri dira. Andres Urrutia euskaltzainburuak ondoetorria emon deutse diasporakoei, eta adierazo deutse alkarlanerako prest dagoala beti Akademia: Euskereak batzen gaitu eta zuokaz lan egiteko prest gagoz.

Bestetik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gogoratu dau euskerea Euskal Herritik kanpo indartzeko Jaurlaritzeak egiten dauen ahalegina; horri esker, 2.000 lagun dabiz euskerea ikasten gure mugetatik kanpo.

Kate Caminok (AEBetako euskaldunen izenean) eta Arantza Zubillagak (Argentinakoen izenean) berbaldi hunkigarriak egin ditue. Caminok azaldu dau, euskal jatorria izan arren, euskerea oraintsu ikasi dauela. 1983an hasi nintzan euskerea ikasten, Hondarribian; Txomin Peillen euskaltzainagaz be ibili zala esan dau. Ameriketako Estadu Batuetan euskerearen egoerea zein dan kontau dau Caminok: Garai batean pelotea, jantzea eta holakoak erakusten ziran, baina, gaur egun, euskerea ikasten dabiz euskal jatorriko estadubatuarrak.

Arantza Zubilletak Argentinan ikasi eban euskerea, eta bere seme-alabek be bai. Euskerea nire identidadearen zati garrantzitsua da, euskal herritarra izateko eta sentiduteko tresna inportantea. Hizkuntzea jagotea nire arbasoen ondarea ondratzeko modu bat da.

Horren ostean, oroigarri bana emon deutsie agintariek 21 herrialdeetako ordezkariei. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatutako ziurtagiria, hain zuzen. Azkenik, Iñaki Basabek Kontrapas eta Txoria txori kantau ditu.

Bestetik, gogoan izan Euskaltzaindia: gogoak eta lanak dokumentalaren aurrestreinaldia gaur, eguaztena, egingo dabela, 10:30ean Bilboko BBK Salan. Bernardo Atxagaren idea baten oinarrituta jaio da filma, Akademiaren mendeurrenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu