Joxe Albaro Fernandez Oihartzabal hil da, Ekuatore Gineako Euskal Etxearen arimea

Bizkaie! 2022-01-04 08:36   Euskaldunak munduan

Bat-bateko heriotzea izan da.

Joxe Albaro Fernandez Oihartzabal, Euskal Kulturak zabaldutako argazki baten | Ikusi handiago | Argazki originala

Ekuatore Gineako Euskal Etxea azken pausuak egiten dabil guztiz legezko izateko eta mundu zabaleko euskal etxeen zerrenda ofizial luzean sartzeko. Proiektu horren bultzatzaile nagusia izan da hasikeratik Joxe Albaro Fernandez Oihartzabal, baina, zoritxarrez, Urte Barri egunean hil egin zan, ezustean. Euskal Kultura atariak zabaldu dauenez, haren hurrekoek etxean topau eben hilda, eta ez dago garbi heriotzea zerk eragin eutsan.

Fededuna, euskaltzalea eta ekintzailea, Joxe Albaro Fernandez Oihartzabal aspaldi bizi zan Afrikako Ekuatore Ginean, Espainiaren kolonia izandako herrialde txikian. Kooperazinoan ibilten zan, Gobernuz Kanpoko Erakundeen bidez. Euskal Herriaren eta Ekuatore Ginearen arteko alkartasunezko zubia eregitea zan bere helburua. Donostiako Altza auzoan (hangoa zan bera) sortu eban Berpiztu alkartea.

Ekuatore Gineako Bat Eginez Euskal Etxearen bultzatzaile, sortzaile eta gidari nagusia zan. Behin alkartea martxan ipinita, guzitz legezko bihurtzeko lanean dabiz orain, Ekuatore Gineako erakundeen baimenen zain eta Eusko Jaurlaritzearen Kanpo Hartu-emonetako zuzendaritzeagaz lankidetzan.

Herrialde haretako egoera politiko gorabeheratsuagaitik, behin betiko baimenak atzeratu egin dira, baina Fernandez Oihartzabalek uste eban hurrengo asteetan lortuko zituela, hainbat hedabidetan azaldu ebanez. Behin Ekuatore Gineako agintarien oneretxia jasota, Jaularitzearen euskal etxeen erregistro orokorrean sartzea izango da hurrengo pausua.

Malabo uriburuan dau egoitzea Ekuatore Gineako Bat Eginez Euskal Etxeak eta Afrikako lehenengo euskal etxea da. Fernandez Oihartzabalen faltan, ikusteko dago proiektuak ze bide hartuko dauen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu