'Euskadi harro dago kanpoan dituan euskal komunidadeez eta euskal etxeez'

Bizkaie! 2021-09-09 07:55   Euskaldunak munduan

Euskaldunak gara eta gure herriaren balioak zabaltzen ditugu.

Euskadi harro dago kanpoan dituan euskal komunidadeez eta euskal etxeez: komunidade aktibo, edegi eta dinamikoa dalako eta, gaur be, irudimena erabiliz, munduari euskal izakerea eta sentipena erakusten deutsozalako esan dau Iñigo Urkullu Lehendakariak Gasteizen, laugarren urtez jarraian ospatzen dan Euskal Diasporearen Egunean. Ekitaldia streaming bidez emon da kanpoko euskal gizatalde guztientzat eta bertan izan dira Eusko Legebiltzarreko buru Bakartxo Tejeria, Arabako diputadu nagusi Ramiro González eta Jon Urresti eta Axier Urresti Vital Fundazinoko presidentea eta zuzendaria.

Ekitaldi instituzionalaren aurretik, Lehendakariak Gasteizko Sancho el Sabio Fundazinoan Basques in California erakusketea (Irailaren 8tik urriaren 28ra) inaugurau dau. Bertan, Boiseko (Idaho) Euskal Museotik datozen objektuakaz azalpen-panelak eta beira-arasak ikusi daitekez. Erakusketea Sancho el Sabio Fundazinoaren funtsakaz osotu dabe. Fundazio hori euskal kulturearen dokumentazino-zentrorik handiena da eta Arabak Kalifornian dauen presentzian sakontzen dau.

Euskal Diasporearen Eguna ospatzeko munduko 14 herrialdetako gizarte-sareen bidez atindutako berrogeita hamar bat ekitaldi eta ekimenetako bat izan dira Gasteizen egindakoak. Lehendakariak dinoanez, munduko hainbat lekutan euskal komunidadeak kohesionetan jarraitzea da helburua: Euskaldunak gara, urrun edo hur eta gure herriaren balioak zabaltzen ditugu: hurrekotasuna, konpromisoa, eskuzabaltasuna eta alkartasuna esan dau.

Iñigo Urkulluk euskal erakundeek diasporeagaz daben konpromisoari buruz berba egin dau. Konpromiso horrek esan nahi dau euskal migrazinoaren historia aintzat hartu eta balioan jarri behar dala; gaur egungo eta etorkizunean izango diran euskal komunidadeei lagundu behar jakela eta munduan zehar euskal eta euskal herritar sare handi bat sortu behar dala, teknologia barrietan oinarrituta, Euskadi Basque Country-ren presentziari eta proiekzinoari balioa emongo deutsona. Azaldu dauenez, erronka hori aurrera doa eta adibide lez aitatu dau (Euskal Diasporearen Artxiboak urte bitan euskal presentziaren historian sakondu nahi daben personen eskura dohaintzak jaso dituala) eta laster Euskal Herriko Unibersidadean hasiko dan Unibersidadeko Espezializazino Mailea, Europan aparteko espezializazino-eskaintzea, oso harrera ona izan dauena, HanHemen ekimena, sare handi bat eregiteko prozesu mailakatua, barrikuntza sozial eta digitaleko prozesu batean ideak, esperientziak, proposamenak, beharrak… bateratuz.

Azkenik, Lehendakariak aintzatespena helarazo deutso euskal gizataldeari: Zoritxarrari aurre egiteko eta gehien behar dAuenari laguntzeko erakutsi dAuen gaitasunagaitik eta badakit alkarregaz eta indartuta urtengo dogula pandemia horretatik

Jardunaldiak eta zinema-zikloa

Irailerako eta urrirako jardunaldi-programea atondu dabe Vital Fundazinoa Kulturunean (Dendaraban), AEBetako euskal diasporeari buruz (historia, kulturea...) eta zinema-ziklo bat Gasteizko UPV/EHUko Letren Fakultadean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu