Euskal Diasporearen Eguneko agendea atontzen dabiz
2021-08-10 08:41 Euskaldunak munduanIrailaren 8an ekitaldiren bat antolatuko daben euskal etxeek Jaurlaritzeagaz bat egin leikie.
Hilabete eskas falta da Euskal Diasporearen Egunerako, urtero legez irailaren 8an izango da. Mundu zabalean bizi diran euskaldunek, euskal etxe eta bestelako alkarteen bidez, makina bat ekitaldi antolatuko ditue, eta horreek guztiak munduko agenda zabal baten batu nahi ditu Eusko Jaurlaritzeak.
Hortaz, diasporeagaz eta atzerriko euskaldunez arduratzen dan sailak deialdia zabaldu dau euskal etxeen artean, Euskal Diasporearen Egunean egingo dituen ekitaldien barri emon deien. Horretarako, euskaletxeak@euskadi.eus helbide elektronikoa erabili leikie.
Eusko Jaurlaritzeak urteroko ekitaldi instituzionala antolatuko dau irailaren 8an, Euskal Herritik kanpo bizi diran euskaldunak gogoratu eta omentzeko asmoz, euskal kulturearen parte garrantzitsua diralako. Urtero herri baten egiten dabe ekitaldia, baina aurtengoaren zehaztasunak aurrerago emongo ditue.
Euskal Etxeek, ostera, era askotako ospakizunak antolatzen ditue. Batzuek jai girokoak, beste batzuek saio kulturalak... Euskal jenteak euren herrialdeetan itxi dauen arrastoa erakusteko eguna izaten da irailaren 8a, baita Euskal Herriaren eta diasporearen arteko loturea indartzekoa be. Kasu batzuetan, hilaren 8an ez eze, inguruko egunetan be izaten dira jarduerak.
Laugarren edizinoa izango dau Euskal Diasporearen Egunak 2021ean. Gasteizen egin zan lehenengoa, eta Ispasterren bigarrena. Hirugarrena, igaz, Covid-19ak baldintzatu eban guztiz, eta digitala izan zan gehienbat, Ormaiztegin ekitaldi instituzionala egin zan arren.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!