Ameriketako hogei gaztek Gernikako Batzar Etxea bisitau dabe
2022-12-12 09:35 Euskaldunak munduanDiasporako herritarrentzako Gaztemundu programeari esker etorri dira Euskal Herrira.
Eusko Jaurlaritzeak diasporako euskal jatorriko herritarrei zuzenduta atontzen dauen Gaztemundu egitasmoaren bidez, Ameriketako bost herrialdetako hogei gazte Euskal Herrian osterea egiten dabiz egunotan. Bidaia aprobetxauta, ez dabe aukerea galdu Gernikako Batzar Etxera joan eta Gernikako Arbola ezagunari bisitea egiteko.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko presidente Ana Otaduik egin deutse harrerea. Batzar Etxearen eta Gernikako Arbolearen inguruko azalpenak emoteaz gan, diasporako gazteen eretxiak entzuteko modua izan dau Otaduik.
Argentina, Txile, Kolonbia, Estadu Batuak eta Uruguaikoak dira bertora etorritako gazteok, eta danek ditue euskal arbasoak. Gaztemunduren aurtengo deialdira Ameriketako zazpi herrialdetako 60 lagun inguru aurkeztu ziran, baina hogei aukeratu ditue bidaiarako.
Eusko Jaurlaritzako Kanpo Hartu-emonetarako Idazkaritza Nagusiak 1996tik dauka martxan Gaztemundu, diasporako kideei XXI. mendeko Euskadi modernoa baina bere tradizinoetan errotua erakusteko.
Parte-hartzaileek Euskal Herriko hainbat leku bisitetako aukerea izaten dabe urteroko deialdiotan, eta Gernikako Batzar Nagusiak ezinbesteko geralekua dira, euskal historian, gizartean eta politikan daben pisuagaitik. Ganera, prestakuntzea emoten deutse Gaztemundun izena emoten daben gazteei.
Ez da hori Gernikako Batzar Etxean egunotan izan daben bisita aitagarri bakarra. Athleticen kontra San Mamesen jokatu beharreko lagunarteko partiduaren kontura, Mexikoko Chivas Guadalajara taldeko agintari eta jokalariak Gernikara joan ziran.
Beheko argazkietan ikusten dan lez, mexikarrek Gernikako Arbolea ezagutu eben eta bisitarien liburuan sinatu. Athletic Clubeko jokalari eta batzarkide batzuk izan zituen lagun, baita Ana Otadui be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!