Euskal Diasporearen Nazinoarteko Eguna, irailaren 8an, Donibane Garazin

Bizkaie! 2022-09-01 11:17   Euskaldunak munduan

Ekitaldi instituzionalean Ipar zein Hego Euskal Herriko agintari gorenak egongo dira.

Donibane Garazin bertan aurkeztu ditue ekitaldiak (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bosgarren urtez egingo dabe, modu ofizialean behinik behin, Euskal Diasporearen Nazinoarteko Eguna, irailaren 8an. Oraingo honetan, Donibane Garazi izango da ekitaldi nagusien egoitzea, Euskal Hirigune Elkargoak eta Eusko Jaurlaritzeak deituta. Joseba Erremundeguyk (Hirigune Elkargoa), Marian Elorzak (Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako idazkari nagusia) eta Donibane Garaziko alkate Laurent Inchauspek emon dabe egitarauaren barri.

Mundu zabalean bizi diran euskaldunen komunidadea aintzat hartzea eta Ipar zein Hego Euskal Herriko euskaldunak batzen dituan errealidade kulturala autortzea dira Diasporearen Egunaren helburuak. 2018an egin zan lehenengoz, jaioterritik urten daben euskaldunek euren eguna behar ebela eretxita, eta irailaren 8an ezarri zan. Urterik urte, eta pandemia tarteko dala, finkatzen eta eragile politiko barriak batzen joan da hitzordua.

Kontinente guztietako euskal etxeetan antolatzen dira Diasporearen Egunagaz lotutako ekitaldiak. Era berean, erakundeen ekitaldi ofiziala hartuko dau Donibane Garazik, 18:00etan Merkatu Estalian. Bertan izango dira Jean-René Etchegaray Hirigune Elkargoko burua eta Iñigo Urkullu Lehendakaria. Euskal diasporeagaz lotutako familiak eta kulturako, akademiako, politikako, gizarte-erakundeetako eta abarretako jendea be izango dira.

Ekitaldi apala eta hunkigarria izango dala aurreratu dabe Hirigune Elkargoak eta Jaurlaritzeak. Gomutarako tartea hartuko dabe, baita kultur ekitaldietarako eta agintarien berbaldietarako be. Bestetik, udaletxearen aurrean erakusketa txikia ipiniko dabe, euskal emigrazinoaren errepasoa egiten dauena, XIX. mendetik gaur arte, ehun bat argazki eta agiriren bidez.

Euskal Diasporearen Nazinoarteko Eguneko ekitaldi instituzionala leku diferente batean egiten da urtero, Euskal Herriko lurralde guztiak txandakatuz. Aurreko ekitaldiak Lehendakaritzan (Araba), Ispasterren (Bizkaia), Ormaiztegin (Gipuzkoa) eta Sancho el Sabio Fundazinoan (Araba) egin ditue eta aurten Nafarroa Behereko uriburuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu