Uxue Alberdi Mexikon dago, 'Jenisjoplin' aurkezten
2021-11-30 13:40 Euskaldunak munduanGuadalajarako FIL azoka ospetsuan parte hartzen dabil.
Uxue Alberdi idazle elgoibartarra da Mexikoko Guadalajara uriko FIL (Feria Internacional del Libro) azoka entzutetsuko konbidaduetako bat, Jenisjoplin liburua aurkezten eta berbaldi batzuetan parte hartzen dabil han. Abenduaren 2ra arte egongo da, eta 3an Mexiko Urira joango da, barriketaldi batera.
Etxepare Euskal Institutuak azaldu dauenez, atzo, hilak 29, ekin eutsan Alberdik Mexikoko ibilbideari. Julian Herbert idazleagaz batera barriketaldi baten egon zan, Guadalajarako Impronta liburu-dendan. Gaur, hilak 30, uri haretako Gandhi liburu-dendan aurkeztuko dau Jenisjoplin.
Hurrengo egunotan be, agenda betea izango dau elgoibartarrak. Abenduaren 1ean, FIL Azokako Nazinoarteko Aretoan izango da, Literatura, música y rebeldía: una conversación con Uxue Alberdi izeneko saioan. 2an, ostera, Los lectores presentan Jenisjoplin izenburuko ekitaldia egingo dabe FILen bertan.
Abenduaren 3an Mexiko Urira joango da Uxue Alberdi, hango Volcana liburu-dendan beste barriketaldi bat antolatu dabelako. Kasu horretan, Yael Weiss itzultzaile, idazle eta editoreagaz egingo dau berba.
Jenisjoplin liburua Susa argitaletxearen eskutik plazaratu eban Uxue Alberdik 2017an. Gaztelaniazko itzulpena 2020an agertu zan, Consonni argitaletxeari esker. Irakurleen gustukoa izateaz gan, sari ugari irabazi ditu Alberdik nobela horri esker, esate baterako, 111 Akademiarena.
Latinoamerikako liburu azokarik handienetako bat danez, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik urtero joaten dira euskal idazleak Guadalajarako FILera. 2011n hasitako programeari esker, han izan dira Kirmen Uribe, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Anjel Lertxundi eta Eider Rodriguez. 2020ko etenaren ostean, aurtengo edizinoan Uxue Alberdi izango da euskal literaturearen ordezkaria Mexikon.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!