Euskal Diasporearen Eguna da gaur

Bizkaie! 2025-09-08 07:42   Euskaldunak munduan

Zesta-punteak Markina-Xemeinen izandako garrantzia sinbolizauko dau Mikele Irazusta diasporako artista argentinarraren muralak.

Ezkerretik eskumara: Ziortza Olano Astigarraga eta Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Ziortza Olano Astigarraga Kanpoko Euskal Komunidadearentzako zuzendariak eta Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxea Markina-Xemeingo Euskera eta Kultura zinegotzia eta Herritartasun arlo buruak Zesta Puntaren komunidadea gogoratu eta nabarmentzeko ekitaldiaren egitaraua aurkeztu dute gaur goizean. 

Jardunaldian zehar pelotarien komunidadeari omenaldia egingo jako, Euskadiren izena mundu osoko frontoietara eroan daben diziplina bateko protagonista baitira. Gainera, ekitaldiak jantza tradizionalak zein standak izango ditu, eta jenteak, barriz, zesta-puntaren inguruko historia eta kulturea sakon ezagutzeko aukerea izango dau.

Eusko Jaurlaritzeak, Markina-Xemeingo Udalagaz batera eta zesta-puntisten kolektiboagaz lankidetzan, ekitaldi nagusi hau atondu dau Euskadiko puntistak gogoratu eta nabarmentzeko, Euskal Diasporearen Egunaren barruan. Aldi berean, ehun ekitaldi baino gehiago egingo dira mundu osoko euskal komunidadeetan.

Ziortza Olano Astigarragak azpimarratu dauenez, aurten, Euskal Diasporaren Egunaren zortzigarren edizinoan, Eusko Jaurlaritzeak omenaldi berezia egin nahi deutse zestapuntistei eta inplikautako komunidade osoari. Kirolariak baino askoz gehiago izan diralako: Euskadiren enbaxadoreak izan dira, gure nortasuna bost kontinenteetara eroanez, XIX. mendearen bigarren erditik gaur egunera arte. Nazinoarteko mobikortasuna, profesionaltasuna, familien sakrifizinoa eta mundu osoko kirol-agertokietan gure balioak transmitidutea oinarrizkoak dira gure historian.

Era berean, Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxea Euskera eta Kultura zinegotzia eta Markina-Xemeingo Herritartasun arlo buruak Markina-Xemein agertoki egokia dala ekitaldi hau hartzeko nabarmendu dau: gure herria hautatzea eta kolektibo hori omentzea ohorea da, izan be, mundu zabalean zeozegaitik ezagutzen bada gure herria, zesta-puntarengaitik da, munduko geografiaren bazter guztietara heldu baitira pelotari horreek.  Bestalde,  gure frontoiak izen propioa be badau: UNI frontoia da, eta hori zeozegaitik da: gerora lanbidea eta bizibidea izan daben  Markina-Xemeingo eta inguruko herritar askorentzat eskola bikaina izan baita. Beraz, pozik eta harro gagoz jai egun hori aurten hemen berton ospatuko dalako, hainbat jenteren lanagaz atondutako ekitaldi zirraragarri bategaz.

Programazinoa

Programea 18:00etan hasiko da, Markinako frontoiaren kanpoaldeko frontoi txikian. Ekitaldi instituzionala 18:30ean hasiko da, eta Lehendakaria eta Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusia, Ander Caballero izango ditu buru.

Ekitaldiak osogai artistiko berezi bat be izango dau: Mikele Irazusta diasporako artista argentinarrak diseinau eta sortutako murala, besteak beste. Obrea hilaren 8an bertan hasiko da eta zesta-punteak Markina-Xemeinen izandako eta izaten jarraitzen dauen garrantzia sinbolizauko dau, Zesta-puntearen Unibersidadea dalakoan.

Programazino honegaz, pelotarien eta euren familien ibilbidea autortu nahi dau Euskadik eta euskal diaspora eta jatorrizko lurraldea lotzen dituen loturak indartu.

Diasporaren Eguna

2018an instituzionalizau zanetik, Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi nagusia Euskal Herriko hainbat udalerritan egin da. Irailaren 8an instituzionalizau zan Euskal Diasporeak eskatuta, eta gero eta komunidade antolatu gehiagok egiten dabe bat ospakizunagaz. Ehun ekitaldi baino gehiago egiten dira hainbat herrialdetan, euskal presentziagaz.

2018an lehen aldiz egin zanetik, makintaux bat ekitaldi atondu dira:

  • 2018 – Vitoria-Gasteiz (Lehendakaritzaren egoitza) (Araba): Ospakizuna aldi berean egin zan Euskadin eta munduan.
  • 2019 – Ispaster (Bizkaia).
  • 2020 – Ormaiztegi (Gipuzkoa).
  • 2021 – Gasteiz (Araba).
  • 2022 – Donibane Garazi (Iparraldea).
  • 2023 – Gernika (Bizkaia).
  • 2024 - Oñati (Gipuzkoa).
  • 2025 – Markina-Xemein (Bizkaia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu