Europan hizkuntza-aniztasuna sustatzea eta hizkuntza gitxituak autortzea da asmoa

Bizkaie! 2025-09-26 08:41   Euskerea berbagai

Euskerea hizkuntza bizia, modernoa eta euskal gizartean integrauta hezkuntzan zein komunikabideetan.



Eusko Jaurlaritzeak Bruselan parte hartu dau NPLD sarearen topaketan, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Egunaren harian; Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako sailburuordea izan da Bruselan NPLD Networking Breakfast foroan, Hizkuntza Aniztasunaren Europako Eguna 2025 ospatzeko. NPLD (Network to Promote Linguistic Diversity) Europako sarea da, gobernuak, unibersidadeak eta erakundeak batzen dituana; helburuak dira hizkuntza-aniztasuna sustatzea eta hizkuntza gitxituen autortzea Europan.

Ekitaldia Euskadik Bruselan dauen egoitzan batu dira Europako erakundeetako ordezkariak, Europako Parlamentuko kideak, eskualdeko gobernuen arduradunak eta hizkuntza-aniztasunea adituak. Parte-hartzaileen artean izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako ordezkaria, Marta Marín; NPLD sareko presidentea, Anna Jungner-Nordgren; Europarlamentaria Loránt Vincze, Ondare Tradizionalak, Herri Komunidadeak eta Hizkuntzen Taldearen presidentea; eta Europako Batzordeko hizkuntza-aniztasun eta eskola arloko arduraduna.

Aitor Aldasorok topaketan egindako berbaldian azpimarratu dauenez, euskerea hizkuntza bizia, modernoa eta euskal gizartean erabat integrauta hezkuntzan, komunikabideetan eta eguneroko bizitzan presentzia dauena. Gure helburua da Europar Batasunean be ofizialki onartua izatea, bere proiekzinoa indartuz eta bere etorkizuna testuinguru globalizaduan bermatuz.

Topaketan Irlandako lehen ministro ohia dan Éamon Ó Cuívek Irlandaren esperientzia konpartidu dau gaelikoa EBko hizkuntza ofizial bihurtzeko prozesuan eta beste hizkuntza-komunidadeentzat giltzarri eta ikasgai baliogarriak eskainiz.

Horrezaz gain, sailburuordeak lan-bilerea egin dau Ó Cuív jaunagaz, hizkuntza gitxituen sustapena eta erakundeen autorpena bultzatzeko politikak aztertzeko.

Azken buruan, Eusko Jaurlaritzeak bere konpromisoa berretsi dau euskerearen aldeko jarreran eta sustapenean, bizitza guztietako arloetan, baita beste hizkuntza eta komunidadeakaz lankidetzan ibilteko be, Europan hizkuntza-aniztasuna sustatzeko lanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu