Autoitzulpenaren garrantzia Euskaltzaindiaren biltzarrean

Bizkaie! 2019-05-20 09:38   Euskerea berbagai

Poeteari on egiten deutso auto-itzultzeak, baina ez eban publikazinoari pentsauta esaten, sormenari pentsauta baino.

Euskaltzaindiaren Nazinoarteko Literatura jardunaldian, idazleek euren lanak autoitzultzeko erabilten dituen arrazoiak jorratu ditue eta, bide batez, erabagi horrek ekarri leikezan ondorioak aztertu dira.

Euskaltzaindiak Bilbon antolatu dauen Nazioarteko Literatureari buruzko mintegiak bigarren eta azken eguna izan dau. Literaturari eta hizkuntzen arteko itzulpenari eskainitako jardunaldiak, Aurelia Arkotxa arduradunak bezperako aurkezpenekoan aitatu legez, sortzaile eleaniztunaren tailerrean sartzea dau helburu eta, holan, idazle jakin batzuen artxibo eta bibliotekak arakatu ditue.

Max Hidalgok (Bartzelonako unibersidadea) Haroldo de Campos poetea eta itzultzaile brasildarraren saretzeko gaitasuna eta kultur bitartekaritzan egindako lana nabarmendu ditu, baita goraipatu be, XX. mendeko abangoardiako zenbait autore esanguratsugaz lortutako alkarrizketa produktiboa.

Adibide hurragokoetara etorrita, Lourdes Otaegik Xabier Lizardi poetearen eskuizkribuak izan ditu aztergai, haren poesiaren genesiaz dakartena azaltzearren, baina azterketa sakonagoa bilatuz, intertestualidadea, ereduak, hizkuntza-hautuak eta ondorioak ebaluetako oinarri sendoak diralako. Gutunetan, esaterako, haren zorroztasunaren barri emoten deusku Lizardik, perfekzionista amorratua zala. Era berean, jakinarazoten deusku bere ibilbide politikoak noraino baldintzatu eban garapen literarioa.

Aurelia Arkotxa, barriz, Juan Mari Lekuona euskaltzain eta poetea zena jorratu dau; haren zirriborroen gaineko interes bereziz, elebidunak diralako, hau da, euskeraz eta gaztelaniaz idatziak. Ahoz esaten eban Juan Marik, dino Arkotxak, poeteari on egiten deutsola auto-itzultzeak, baina ez eban publikazinoari pentsauta esaten, sormenari pentsauta baino.

Gidor Bilbao EHUko irakasle eta euskaltzain urgazleak atzerago egin dau denpora-lerroan, eta Etxeberri Sarakoakoak itzulpengintzaz gogoetea egiteko idatzi zituan pasarteak aztertu ditu, besteak beste, itzulpen-jarduerea izentetako erabili zituan terminoak, bere sorburu eta helburu-hizkuntzeak eta bere estrategiak argitzeko.

Ikerlari gazteei plaza berezia emon jake jardunaldiotan. Aritz Galarragak (Bartzelonako unibersidadea) katalanera itzulitako euskal literatureari erreparau deutso eta korpus horrek euskal gatazka horren inguruan emoten dauen irudiari. Ikertzailearen ustez, Atxaga garrantzitsua da euskal literaturea ulertzeko, bai eta katalanera itzulitako euskal literaturea ulertzeko be, harek uko egin arren be, idazle nazionalaren etiketea jarri izan deutsielako. Bernardo Atxagari, euskal gatazkaz argi berba egin ez izana leporatu izan jakola gogoratu dau ikertzaileak. Haren ustez, ostera, arazoa ez da Atxagak eta, oro har, euskal literatureak, euskal gatazkeari buruz berba egin ez izana, arazoa da ez dauela berba egin batzuek, euskal gatazkearen ausentzia hori leporatzen deutsienek, batez be, nahiko leukien maneran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu