Sarean da Jokin Zaitegiren dokumentu-bildumea
2025-10-03 12:33 Euskerea berbagaiIdazle, irakasle, abade eta ohorezko euskaltzaina izan zan.

Jokin Zaitegi (1906-1979) euskal idazle, itzultzaile, irakasle eta abadea izan zan. Modu askotara sinatu zituan haren lanak: Udalaizpe, Artzai, Zaitegitar Iokin eta beste hainbat. Garaian mueta askotako lanak egin bazituan be, euskal kulturearen eragile eta bultzatzaile bezela nabarmendu zan; Euzko Gogoa (1950-1959) aldizkaria izan zan emoitza nagusia, baina ez bakarra, ugari dira-eta haren eskutik ataratako fruituak: poesiak, saiakerak, artikuluak eta, batez be, itzulpenak.
Lan horreetan guztietan, elementu bi igarten dira: euskaltzaletasun sutsua, fede kristau sakonagaz batera. Hirugarren elementua be gaineratu daiteke: Filosofia eta Teologiarako maitasuna. Halanda ze, Zaitegiren euskaltzaletasunak herri zehearen hizkuntzea eban oinarri, baina helburua zan elite euskaltzalea sortzea, herria gidatuko eban elitea. Horretarako euskal unibersidade bat behar genduan, hau da, goitik behera euskeraz funzionauko eban unibersidadea, horra Euzko Gogoaren giltza, horra Sofoklesen, Euripidesen edo Platonen itzulpenen arrazoi sakona, euskal unibersidade horretarako materialak sortzea, giroa mamitzea euskaldunen artean. Esangura horretan, esan daiteke haren saiakera nagusi biak, Bidalien egiñak (1955) eta Platoneneko atarian (1962) alkarren osogarri dirala.
Esanguratsua da Sofoklesen Antigone (1933) izatea haren lehen itzulpen handia eta bizitzako azken proiektua, Platonen alkarrizketak itzultzea, biak badira-eta teologo kristauen artean interes berezia daben lanak. Platonena Euskaltzaindiak argitaratu zituan, sei tomotan (1975-1989).
Zaitegik betidanik izan eban hartu-emon handiak Euskaltzaindiagaz Oñatiko zaharren egoitzan babestu zanean. Luis Villasante eta beste euskaltzain batzuk joaten ziran bisitan.
Hil eta gero, haren ondarea bitan banatu zan: bibliotekea Arrasateko Udalak hartu eban eta artxiboa Euskaltzaindiak.
Ikusi bildumea hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!