Bultzadea emongo jako euskereari I. Xareren bidez

Bizkaie! 2025-09-29 13:21   Euskerea berbagai

Eremu digitalean euskerearen erabilerea sustatzeko gazte bilbotarren artean.

Lehen aldia da ekimen hau Bilbon egiten dana. Helburua da euskerazko sorkuntza digitala ezagutzea, balioestea eta bultzatzea. Urriaren 1ean, eguaztenean izango da, La Perrera eta Basurtuko udaltegiko hainbat gunetan, eta uriko ikastetxeetako batxilergoko lehen mailako 300 ikaslek hartuko dabe parte.

Bilboko Udalak beste pausu bat emongo dau herritarren euskalduntzean, Xare lehenengoz Bizkaiko uriburuan hartuz eta atonduz.

Xare ekimenaren helburu nagusiak euskerazko sorkuntza digitala eta ekosistema digital euskaldunean dagozan baliabideak ezagutarazotea eta balioestea da. Gainera, ikasleak, kultura digital horren hartzaile/konsumitzaile huts izan beharrean, tresna barrien sortzaile eta etorkizuneko garatzaile izatea nahi dau.

Bilboko Udalak IKTen eremuan –eta kultura digitalean oro har– euskerearen erabilerea sustatzen jarraitzen dau gaztetxoen artean, Bilboko 2025-2035 aldirako AROA Plan Estrategiko barrian jasoten dan bezela. Era berean, kultura zientifiko-teknologikoa hurreratzen deutse Bilbo STEAM Estrategiagaz lerrokatutako punta-puntako tailerren bidez.

XAREren helburuak

  • Euskerazko softwareak ezagutzera emotea eta sustatzea.
  • Euskerazko IKTen sektorea ikusarazotea.
  • Euskerazko sistema eragileen eta aplikazinoen instalazinoa eta erabilerea sustatzea.
  • Ekosistema digital euskaldunean dagozan baliabideak erakustea.
  • Ingurune digitaletan euskerearen erabilerea sustatzea.
  • Sorkuntza digitalaren protagonistak aurkeztea eta ezagutarazotea.

Kontuak kontu, I. XARE Topaketea La Perrerako eta Basurtuko udaltegietako hainbat espaziotan egingo da 09:00etatik 13:45era eta zenbait jarduera iragarri ditue: 8 tailer (autoprodukzino musikala, argazkigintzako teknikak, robotikea, bideo-jokoak, errealidade birtuala, app personalizaduak diseinetako tresnak, adimen artifiziala, sareko pribatutasuna...), alkarrizketak eremu digitalean lan egiten dabenakaz, aztarna digitalari eta sare sozialen erabilera arduratsuari buruz hausnartzeko bideratutako berbaldi bi, eta breakout erronka batean eta Egunean Behin olgetearen partida kolektibo batean parte hartzeko konbita.

Horrezaz gan, Miren Narbaizak –Mice– kontzertu labur bat emongo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu