Urriaren 1ean hasiko da 'Memeka'

Bizkaie! 2025-09-29 11:20   Euskerea berbagai

Gazteei zuzendutako euskerazko meme-lehiaketea.

Azkue Fundazinoak eta Iametza enpreseak Memeka lehiaketearen 2025eko edizinoa martxan jarriko dabe urriaren 1ean. Memeak sortuz gazteen artean euskerearen erabilera sustatzea dau helburu. 15 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta, lehiaketa honek gazteak euren sormena euskeraz adierazteko helburua dau www.memeka.eus plataforma digitala erabiliz.

Interneteko kulturan, memea umorezko mezu sinplea da, zabalkuntza handi eta azkarrekoa eta, gehienetan, jatorrizko irudi, bideo edo testu baten nahasketa satirikoan oinarritzen da. Memeak komunikazino bitarteko eta elementuak dira gazteentzat, eta bereziki sare sozialen eta mezularitza programen bidez konpartiduten ditue, euren sentimenduak adierazoteko, egoera bat azaltzeko edo beste baik lagunakaz dibertiduteko. Umorea, satirea, ironia eta antzekoak lantzen ditue gazteek grafikoen bidez eta hizkuntzea oinarrizko elementu bihurtzen da olgeta horretan.

Memeka lehiaketea gazteek euskerea ingurune digitalean erabilteko aukera parebakoa da, eurentzat entretenigarria eta dibertigarria dan edukia sortzen dabelarik. Aldi berean, euskal hizkuntzeak eta kultureak aro digitalean garrantzitsuak izaten jarraitzen dabe.

Memeak egiteko, gazteek irudi garbiak eskuratu ahal izango ditue www.memeka.eus webgunean eta gero, irudiotan testuak txertatu. Letra tipoaren kolorea eta mota personalizetako aukerea be izango dabe; irudiaren gainean erabilteko eranskailu (sticker) ezagunak be izango ditue eskura. Memeak argitaratu ezkero, Memeka webguneko katalogo orokorrean konsultau eta erabili ahal izango ditue gainerako erabiltzaileek.

Lehiaketearen ezaugarriak:

• 15-18 urte arteko gazteei zuzenduta egongo da, beraz, lehiaketan parte hartu ahal izateko, parte-hartzaileak 15-18 urte artean dituala baieztatu beharko dau.
• Memeak sortzeko memeka.eus plataforma erabili beharko da, bertan dagozan oinarrizko irudiak erabiliz.
• Memeen gaia librea izango da, baina memeetan txertatuko diran testuak euskeraz idatziak egon beharko dabe.
• Ez dira onartuko eduki iraingarriak edo errespetuzkoak ez diranak, ezta kalidade-maila nahikorik ez dabenak be. Memeren bat egokitzat joten ez bada, ez da argitaratuko eta lehiaketatik kanpo geldituko da.
• Lehiaketan parte hartu ahal izateko, parte-hartzaileak 15-18 urte artean dituela baieztatu beharko dau.
• Sari bi egongo dira: webgunearen bidez boto kopuru gehien jasoten dituan memearentzat bata, 200 euro. Memekako Instragram eta Pixelfed kontuetan (biak batuta) like kopuru gehien jasoten dituan memearentzat bestea, 150 euro.

Saritutako memeekaz serigrafiautako kamisetak be jasoko ditue irabazleek.

Azken buruan, lehiaketea urriaren 1ean hasiko da eta memeak aurkezteko epea zemendiaren 7an amaituko da. Zemendiaren 10etik 16ra botoa emoteko epea izango da eta meme irabazleak zemendiaren 17an iragarriko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu