Euskerea bizibarritzeko ekintzak atonduko ditu Euskaltzaindiak Baionan
2019-06-28 13:52 KultureaEuskaltzaindiak eta Baionako Herriko Etxeak 2019ko lankidetza-hitzarmena sinatu dabe.
Gaur, lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Baionako Herriko Etxeak eta Euskaltzaindiak. Jean René Etchegaray alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu daben hitzarmenaren helburua Baionako Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzearen oinarriak ezartzea da, erakunde biek euskerearen eta euskal kulturearen garapenerako dituen asmoak alkarlanean gauzatzeko. Akordioaren ondorioz, mendeurreneko ospakizunen harian sortutako ikuskizunak ikusi ahalko dira urian: Mende barria kantuz kontzertua, Ghero antzezlana eta Biz´Hitza jantza ikuskizuna.
Yves Ugalde (Kultura gaietarako Baionako auzapezordea): Sinboliko izatetik, Baionako Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzea eraginkorra izatera pasau da. Horren adibide garbia da Baionako uriko kaleak eta beste zenbait leku-izen egokitzeko Euskaltzaindiak ekarten dauen laguntzinoa eta aholkularitzea. Orain, lankidetza hau Ipar Euskal Herriko herri guztietara zabaldu behar da.
Andres Urrutia (euskaltzainburua): Hitzarmen honek berresten ditu Euskaltzaindiak eta Baionako Herriko Etxeak euskerearen sustapenerako hartu dituen bideak eta lan-ildoak.
Alde biek urtero hartzen dituen konpromiso zehatzak urte hasieran finkatzen ditue eta 2019. urtekoari jagokonez, ondokoak dira izenpetutako ardurak eta zereginak:
- Euskaltzaindiaren Hiztegi Etimologikoaren aurkezpena.
- Erlea literatura aldizkariaren aurkezpena.
- Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harian, ospakizunakaz jarraitu: Ghero antzezlanaren emonaldia, Michel Portal antzokian; Mende barria kantuz abesbatza emonaldia zein Biz’Hitza jantza emanaldiaren antolaketea.
Horrezaz gan, Euskaltzaindiak ondoko ohiko lanak hartuko ditu bere gan:
Baionako Herriko Etxeari eta biztanleei laguntzinoa eta aholkuak emotea, euskerearen normalizazinoan, garapenean eta gizarteratzean.
Herriko Etxeak eskatzen deutson hizkuntza aholkularitzea emongo dau, batez be toponimoen grafia zuzena finkatzeko.
Euskerearen estatusari buruzko aholkularitzea eta lanak egitea, jardunaldiak, bilkurak, aurkezpenak eta abar, euskerearen aurrerapenerako helburua aintzat hartuta.
Bere aldetik, Baionako Herriko Etxeak ondoko konpromisoak hartu ditu:
Orain arte legez, Euskaltzaindiko Iparraldeko ordezkaritzeari babesa emongo deutso, Gaztelu Barriko egoitzea Akademiaren esku itxita.
Euskaltzaindiari zeozelako beharren arabera babes logistikoa ekarriko deutso, bilkura edo ekitaldi bereziak antolatzeko (gelak edo materiala...), euskerearen eta euskal kulturearen inguruan Baionako Herriko Etxeak antolatutakoetan Euskaltzaindiaren presentzia agirian izan daiten.
Euskaltzaindiak garatzen dituan jarduerak diruz laguntzeko, urtero emoten deutson diru-laguntzinoaren bitartez, eta beharrezkoa balitz, aurretik alde biek berbatutako proiektu berezietan laguntzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!