Euskaltzaindiaren egoitzeak Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrenari buruzko jardunaldia hartuko dau

Bizkaie! 2026-10-27 09:58   Kulturea

Zemendiaren 19an, hain zuzen be.

Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena atxaki, hiru jardunaldi atondu ditu Bilbon Zuzenbidearen Euskal Akademiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen babesari eta Euskaltzaindiaren laguntzeari esker. Bost mendeetan zehar euskerearen biziraupenerako oinarrizko elementu juridikoa izan da Bizkaiko Foru Barria, batez be, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Bizkaiko Foru Aldundian eta, besteak beste, Foruak ekarritako onurak azpimarratuko dira jardunaldiotan.

  • Zemendiaren 4an izango da lehenengo sinposioa, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen egoitzan, Zuzenbide Publikoko Sinposioa, Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurrena dala-eta izenburukoa.
  • Zemendiaren 12an, Bizkaiko Abokatuen Elkargoan izango da bigarren ahalegina: Zuzenbide Pribatuko Sinposioa, Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurrena dela-eta.
  • Akabuko jardunaldia, zemendiaren 19koa, Euskaltzaindiaren egoitzeak hartuko dau: Bizkaiko Foru zuzenbidea eta euskerea: 500 urte alkar biziz (1526-2026). Egun horretan honako hizlari honeek parte hartuko dabe: Andres Urrutia, Josu Erkoreka, Gotzon Lobera, Adolfo Arejita eta Koldo Bijueska.

Azken jardunaldian, arreta berezia eskainiko jake ondoko gaiei:

1. Bizkaiko Forua euskalkien eroaile bezela. Foru terminoen euskerazko hiztegi juridikoak eta Bizkaiko autore klasikoak (Mogel, Frai Bartolomé, Astarloa, Anibarro...).
2. Bizkaiko Forua eta euskaldunen foru-antolaketea eta hizkuntza-eskubideak historian zehar.
3. Bizkaiko Foruak euskerazko literatur lanakaz dituan hartu-emonak eta euskerea berreskuratzeko dauen garrantzia.

Jardunaldi berean, Bizkaia (1526-2026). Foru-testuak euskeraz (Bizkaiko Foru Barritik datozen legeen euskerazko testuak) eta Bizcaico porubac emoten deust escubidia argitalpenak aurkeztuko dira, Euskaltzaindiaren Hitzak Lege erakusketeagaz batera. Erakusketea ikusgai izango da urtarrilaren amaierara arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu