Developpe Dantza III. NaziNoarteko Lehiaketea Bilbon

Bizkaie! 2026-10-27 12:16   Kulturea

2027ko urtarrilaren 21etik 24ra.

Ezkerretik eskumara: Amaia Domingo, Jone Goirizelaia, Igor Yebra eta Begoña de Ibarra Zuazo. | Ikusi handiago | Argazki originala

BBK-k, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak bultzatuta, eta Developpe Dantza Elkarteak atonduta, lehiaketeak hirugarren edizinoa eskainiko dau, talentu gazteak —10 eta 19 urte bitartekoak—topetako eta ikasleen eta profesionalen arteko topaketea errazteko jarrerea indartuz.



Developpe Dantzaren helburu nagusia da euren bokazio artistikoa ibilbide profesional bihurtu nahi daben jantzari-belaunaldi barriei hezkuntzarako eta beren karrerea jorratzeko aukerak eskaintzea, azaldu dabe gaur goizean prentsaurrekoan lehiaketea bultzatzen dauen alkarteko Jone Goirizelaiak eta Igor Yebrak. Holan, saritan 13.000 € arte banatzeaz gan, Developpe Dantza 2027k hamabost bat beka eta egonaldi emongo ditu nazinoarteko ospea daben zentroetan. Izen-ematea zabalik dago, 2027ko urtarrilaren 15era arte, developpedantza.eus webgunean, eta bertan oinarri osoak be konsultau daitekez.

Hirugarren edizino honen aurkezpenean Begoña de Ibarra Zuazo Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak eta Amaia Domingo Bilboko Udaleko Kulturako zuzendariordeak parte hartu dabe eta hitzordu honek jantzea herritarrei hurbiltzeko eta diziplina honen kultura-indarra erakusteko dauen garrantzia be nabarmendu dabe. Horretarako, lehiaketearen faseak publiko orokorrarentzat zabalik egongo dira (sarrerak 5 euroan), baita zarratzeko ekitaldia eta sari banaketea be, hainbat emonaldi gonbidatuakaz (sarrerak 20 euroan). Sarrerak laster egongo dira eskuragarri BBK Salaren webgunean eta leihatilan.

2027ko edizinoaren barrikuntza nagusietako bat Etorkizuneko Izarrak Lifar Sari barriaren da, Lifar Fundazinoak bultzatutako kategoria, ia hiru hamarkadaz Parisko Operako Balleteko lehen jantzari eta zuzendari izandako Serge Lifar jantzari eta koreografo ospetsuaren ondarea jagoten dauen Frantziako erakundeak. Kategoria honetan parte hartzeko, 2.000 euroko lehenengo sari bat eta 1.000 euroko bigarren bat emongo dituana, lehiaketa orokorrekoaz aparteko izen-emotea egin behar da. Urtarrilaren 21ean, eguenean, parte-hartzaileek Charles Judegaz batera aprobak egiteko aukerea izango dabe, jantzari eta koreografoa, Lifar Fundazinoko presidentea eta Parisko Operako izarra eta Nureyev Fundazinoko Zuzendaritza Kontseiluko kidea.

Sari barri honek edegiko dau lehiaketearen programazioa, urtarrilaren 21etik 24ra,  bana
banakako hiru kategoriatan (umeena, juniorra eta nagusia) eta taldekako modalidade bitan (librea eta euskal jantza tradizionala)tuta. Hirugarren edizio honetako nazioarteko epaimahaia aurreko urteetan parte hartu duten profesionalek osotuko dabe, aitatutako Judek; Compañía Nacional de Danza-ko zuzendari Muriel Romerok; Royal Ballet-eko jantzari eta Royal Ballet School-eko maistra Leire Ortuetak: eta Bizkai Folklore Taldeko Mikel González Pujanak. Horreei Raúl Díaz-Maroto gehituko jake oraingo honetan, Chicagoko Joffrey Balleteko Grainger Academy-ko irakasle nagusia.

Díaz-Maroto epaimahaian egoteak etorkizunerako aukera barria edegiko deutse lehiaketearen hirugarren edizino honetako parte-hartzaileei. Díaz-Marotok persona bat proponidu ahal izango dau Ipar Amerikako eskola ospetsuan plaza bat lortzeko eta Developpe Dantzak, ganera, 1.000 euroko beste laguntza bat emongo dau hautatutako jantzariaren gastuetan laguntzeko.

Diru-zuzkidurea daben hamar bat sarigaz batera, lehiaketeak bekak, egonaldiak eta prestakuntza-aukerak be emngo ditu Espainiako, Europako eta Amerikako zentro eta konpainietan, berbarako, Conservatorio Superior de Danza María de Ávila (Madril), Corella Dance Academy (Bartzelona), Compañía Nacional de Danza (Madril), Alberta Ballet (Kanada), Ballet Nacional del Sodre (Uruguai) edo Jude & Mikhaelev Ballet Academy (Bordele), besteak beste.

2027ko edizinoaren beste barrikuntzetako bat zuzeneko musikea sartzea izango da, Juan Matak pianoan parte hartuta, lehiaketeagaz batera egingo diran masterclassetan esperientzia eszenikoari beste dimensino  bat emongo deutsona. Aurreko urteetako tailerrei eutsiko jake —maila ertaineko eta aurreratuko ballet klasikoa, Oleg Rogachevekin eta Stephanie Roublotegaz, eta euskal jantzea, Olaeta Ballet Elkarteagaz— eta Kubako jantza garaikideko beste maisu-eskola bat gehituko da, Denis Martínezek emongo dauena.

Lehiaketako parte-hartzaileei nahiz kanpoko personei edegita (14 urtetik aurrera), prestakuntzotan aldez aurretik izena emon behar da (7 € eskola bat; 10 € bi) eta plaza mugatuak ditue.

Olaeta familia, BBK Kunako erakusketa baten protagonista

Lehiaketearen atariko bezela, BBK Kunak 2026ko abenduaren 16tik 22ra, Olaeta familiari eta euskal jantzeari egindako ekarpenari eskainitako erakusketa bat hartuko dau. Erakusketea Elai-Alairen sorrerearen mendeurrenaren gomutearen barruan kokatzen da, Segundo Olaetak 1927an Gernikan sortutako taldea eta euskal folklorearen jagoletzeak, transmisinoak eta bilakaeraek markautako ibilbidea zeharkatuko dau.

Gerra Zibilaren ondoren, Segundo Olaeta Iparraldera erbesteratu zan bere familiagaz eta Elai Alaiko kideakaz batera. Han euskal jantzak zabaltzeko eta erakusteko lan handia egin eban, Oldarra lako taldeen sorrereari lotuta. 1950ean, Bilbon, Ballet Olaeta akademia bultzatu eban Bittor semeagaz batera, jantza klasikoa euskal folkloreagaz buztartu ebana. 1989an, Bittor Olaetak, konpainiako jantzariakaz batera, Olaeta Ballet Elkartea sortu eban, ondare hori jagoteko eta transmitiduteko lanean jarraitu dauen alkartea, Bittor 2007an hil ondoren be egiten jarraitzen dabena.

Nazinoarteko Developpe Dantza III. Lehiaketeari buruzko argibide gehiago, oinarri osoak eta izen-emoteak, hemen eskuragai: www.developpedantza.eus.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu