Zemendiaren 1etik 29ra, hamar ikuskizun hartuko ditu Nafarroako Antzerki Eskoleak

Bizkaie! 2026-10-30 09:36   Kulturea

Antzerki garaikidea, umorea, euskerazko musikea eta familientzako proposamenak eskainiko ditue.

Nafarroako Antzerki Eskoleak (ENTNAE) zemendiko programazinoa aurkeztu dau. Iruñeko San Agustin kaleko agertokiak hainbat ikuslerentzat pentsautako hamar proposamen eszeniko hartuko ditu. Antzerki garaikidea, umorea, musikea, zirkua, jantzak eta familientzako ikuskizunak batuko ditu programazinoak, hizkuntza artistikoen aniztasunaren, sorkuntza barrien eta gaztelaniazko zein euskerazko produkzinoen alde eginez.

Programazinoan Nafarroako eta beste lurralde batzuetako konpainien ikuskizunak izango dira, Antzoki Alternatiboen Sareagaz lotutako proposamenak eta Eskoleak berak sustatutako egoitza artistikoetako baten empitzea be bai. Hitzordu nabarmenen artean dagoz Bagira Bagara konpainiaren De rosas o de lirios, zemendiaren 14an eta 15ean; La Vulgar konpainiaren La Fé, 21ean eta 22an; eta Berriro mundu berri bat, zemendiaren 29an taularatuko dan euskerazko familientzako ikuskizuna.

Antzerki-eskaintzaz gan, Eskoleak prestakuntza eta sorkuntzeari laguntzeko jarduereagaz jarraitzen dau. Zemendian zehar, Sorkuntza Eszeniko Garaikideko Programa Aurreratuaren bigarren edizinorako izen-emotea zabalik egongo da. Arte eszenikoetako profesionalei zuzendutako proposamen hau 2027ko urtarrilean hasiko da eta Pablo Messiez, Andrea Jiménez eta Eusebio Calonge izango ditu irakasle, besteak beste.

Kntuak kontu, programazinoa zemendiaren 1ean, domekan, 18:00etan hasiko da, Sol y Tierra Teatro Ecosocial konpainiaren Verne y los viajes extraordinarios de los objetos ordinarios ikuskizunagaz. Antzoki Alternatiboen Sarearen zirkuituan sartzen dan proposamen honek Julio Verneren abenturetan inspirautako unibersoa ezagutzeko animetan ditu familiak. Bertan, hondakinak personaia bihurtzen dira, eta ahaztutako objektuek bizitza barria hartzen dabe. Txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren bidez, birziklapenagaz, irudimenagaz eta planetea jagoteagaz lotutako balioak hurbiltzen deutsee ikuskizunak txikienei.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu