Omenaldia egingo jake zesta-puntako munduko txapeldun diran Lekerika eta Barandikari
2026-10-26 08:57 KultureaUrriko Azken Astelehenak 251 postu batuko ditu Gernika-Lumon.
Azokeak nekazaritzea eta abeltzaintza-produktuak, artisautzea eta makineria buztartuko ditu lehiaketa, bertsolari, gaztai-enkante eta Gernika Jai Alai Winter Series txapelketearen hasiereagaz.
Goizeko 11:30ean, Udaletxeko osoko bilkuren aretoan harrera eta omenaldi-ekitaldia egingo jake zesta-puntako munduko txapeldun diran Lekerika eta Barandikari, alkartasun-ekimenakaz lotutako profesionalei eta beste lurralde batzuetako udal-ordezkariei.
Sarrerak agortuta.
Euskal nekazaritzearen erakusleiho nagusiak Gernika-Lumoko kaleak hartuko ditu barriro Urriko Azken Astelehenaren ospakizunarekin. Azokeak 251 postu batuko ditu baserriko produktuak, artisautza eta nekazaritzako makineria eskaintzeko. Jardunaldiak euskal produkzinoaren kalidadea eta aniztasuna eta baserritarren lana nabarmenduko ditu. Egitarauan nekazaritza-lehiaketak, bertsolarien saioak, ohiko gaztai-enkantea eta arratsaldeko zesta-puntako partiduak izango dira.
Kirolaren, alkartasunaren eta lanbide-bizitzearen erreferenteei omenaldia
11:30ean, Gernika-Lumoko Udaletxeko osoko bilkuren aretoan hainbat persona eta talderi harrerea eta omenaldia egiteko ekitaldia egingo da. Sarituen artean izango dira zesta-puntako munduko txapeldunak diran Lekerika eta Barandika; Karmelo Egiarte Goikolea, Transportes Karmelo; Sorkunde Ordorika, alkartasun-ekimenetan parte hartzen dauen ule-apaintzailea; eta udal-ordezkariak: Emilio Lorenzo Jorge de Ana, Moral de Sayagoko alkatea; Carlos Rodríguez Casares, Toroko alkatea; Óscar Díaz Hernández, Alconcheleko alkatea; eta Gerásimo Vallejo Herrero, El Burgo Raneroko alkatea.
Euskal azoka-egutegiko hitzordu garrantzitsuenetakoa dan ekitaldiaren bidez kirol eta lanbide-ibilbideak autortuko dira, baita alkartasun-lana eta beste lurralde batzuetako udal-ordezkarien presentzia be.
Kontuak kontu, Gerniko kale eta espaziotan zehar jarritako postuetan honako honeek izango dira: nekazaritzako elikagaiak, artisautzea, nekazaritzako makineria eta salmenta ibiltariak.
Hona hemen postuak egongo diran kaleak:
- Artekale kalea: 66 postu, sagardao, txakolin, gaztai, ezti, landare, ogi, fruta eta esnekiak.
- 8 de Enero kalea: 23 postu, eztia, patea, hestebete, gaztai, txokolate eta artisau-garagardaoagaz.
- Industria kalea: 30 postu, ogiarekin, gaztarekin, erroskillekin, kontserbekin eta euskal pastelarekin.
- Alondegia: nekazaritzako makineriarako 9 postu.
- Juan Calzada kalea: 32 postu, barazki, fruta, landare eta makineria.
- San Juan kalea: 32 postu pate, gaztai, ezti eta erroskillak.
- Pasealekua: 56 postu artisautzarako.
- San Juan Ibarra plazea: saltzaile ibiltarien 40 postu.
- Pablo Picasso kalea: prensarako eta komunikabideetarako 5 gune.
Baserriko produktuak eta euskal eta tokiko produkzinoaren aniztasuna erakusteko artisau-elaborazinoak eskainiko dira. Merkatu plazeak, gainera, astelehenetako ohiko jarduereari eutsiko deutso.
Lehiaketak, bertsolariak eta zesta-puntea
Egitaraua 09:00etan hasiko da nekazaritza-produktuen lehiaketeagaz, makineriaren erakusketeagaz eta artisautza-postuen edegiereagaz.
12:00etan, Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariek saioa egingo dabe merkatuko iturrietan. 13:00etan lehiaketetako sariak banatuko dira eta ondoren ohiko gaztai-enkantea egingo da.
Arratsaldean zesta-punteagaz jarraituko dau jardunaldiak, izan be, 18:00etatik Aurrera partidu bi jokatuko dira Gernika Jai Alai Winter Series txapelketeari hasierea emoteko. Lehenengoan, Urreistik eta Atainek Goitia eta Oyhenarden kontra jokatuko dabe; bigarrenean, Erkiagak eta Salegik Goixerri eta Lekerikaren kontra.
Lehiaketetako epaimahaia sektoreko adituek osotuko dabe: Bizkaimendi, Bizkaiko Foru Aldundia eta jatorri-deiturak lako erakundeek ordezkaritzea izango dabe. Gaztaia probetako euskal gastronomiako profesionalek parte hartuko dabe, besteak beste, Andra Mari jatetxeko José Miguel Olazabalagak; Daniel García, Bizkaiko Sukaldarien Bilkurako (Bizkaiko Sukaldarien Fundazioa) presidenteak; Zarate jatetxeko Sergio Ortiz de Záratek; Txoriene saioko Zigor Iturrietak; eta Alex Duquek, Joseba Uribarrik, Javier Garcíak (Boroa jatetxea) eta Mikel Garaizabalek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
