Athletic Clubek Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) ospakizunari atxikimendua erakutsi deutso

Bizkaie! 2026-10-26 07:30   Kulturea

San Mamesen izandako Ligako partidua hasi aurretik.



Athletic Clubek ekitaldi sinbolikoa egin eban atzo, urriaren 25ean, San Mamesen jokatzekoa zan Ligako partiduaren hasieran, Bizkaiko Foru Barriaren bosgarren mendeurrenaren (1526-2026) ospakizunari atxikimendua erakusteko. Partidua hasi aurretik, hasierako hamaikakoa osotu daben jokalariak, efemeride honen logotipo ofiziala eukan kartelagaz jarri dira argazkirako zelaian, keinu horregaz kirolak historiagaz eta lurraldearen identidadeagaz daukan konpromisoa azpimarratuz.

Mugarri historiko honen garrantzia Bizkaiko gizartearen esparru barrietara eroatea izan dau helburu ekimenak. Foru Barria ez da joaneko dokumentu hutsa, Bizkaiko autogobernu-sistema historiko eta tradizionala eta identidade-zeinu zalantzabakoa baino. Urteurren honen lema ofizialaren pean, Izan ziralako gara, klubak balioan jarri gura izan dau gaur egungo autogobernuaren oinarri dan ondarea.

Horrezaz gan, ekitaldi honi esker, zaleek XVI. mendean daborduko emakume eta gizon bizkaitar guztiek legearen aurrean eben bardintasuna, torturearen debekua eta atxilotze arbitrarioen aurreko askatasun-bermea (habeas corpus) lako hain lege-printzipio aurreratuak ezarri zituan testu juridikoa sakonago ezagutzeko aukerea izan dabe. Ekintza horren bidez, erakundeak loturea sendotu dau ordezkatzen dauen gizarteagaz, eta Bizkaiko lurraldean bizikidetzearen eta zuzenbidearen oinarri izaten jarraitzen daben arauaren bost mendeak ospatu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu