Euskaltzaindiak jardunaldi bat egingo dau Bernardo Atxagaren 'Ziutateaz' lanaren 50. urteurrena gogoratzeko

Bizkaie! 2026-10-30 07:45   Kulturea

1976an argitaratu eben Ziutateaz, Bernardo Atxagaren lehen lan garrantzitsua.

Andres Urrutia euskaltzainburua eta Miren Agur Meabe. | Ikusi handiago | Argazki originala

Soldadutzea amaitu barri idatzi eban Atxagak Ziutateaz eta 1976an argitaratu eban Kriseiluk, liburuki bitan zatituta. Liburu korala argitaratu eban Jose Irazuk euskal irakurleen eta orduko kritiko apurren harridurarako: ipuinak, poemak, antzerki-pieza bat... Literatura abangoardistan oinarrituta idatzia, euskera bizia eta aberatsa erabiliz, liburu harrigarri baizen krudela da Atxagaren estreinako hau. Holan deskribidu eban Andolin Eguzkitza euskaltzain osoak 1977an eginiko kritikan: Egia da (liburuaren) zatiak atalka eta beregain irakurri ahal dirala, inori ez neuskio hori gomendauko. Elementu guztiak soka fin eta leun batez dagoz lotuta, gorago esan dodan legez, idazlana boterearen hausnarketa bada be, horregaitik hain zuzen, egoskorkeriz eta indarrez, askatasunaren aldeko kantu eder bat jazoten dalako. Ezinaren deskripzino bat da; ondikotz, lantzean behin apur bat irregularra. Tontortxo batzuk lakoak antzemon daitekez irakurketan, itsumustuan hodeiek bezela zeruei hatzaparka egiten deutsen gailurretara heltzen garala.

Liburuak 50 urte bete ditu aurten eta Euskaltzaindiak argitalpena aztertzeko eta egileari gorazarre egiteko jardunaldi bikotxa egingo dau zemendiaren 13an, Akademiaren egoitzan:

Goizez, Ziutateaz obrearen ezaugarriak aztertuko dira. Horretarako, Akademiaren egoitzara hurbilduko dira Joseba Sarrionandia, Irati Majuelo, Mari Jose Olaziregi eta Beñat Sarasola.

Arratsaldez, irakurraldi musikatua izango da, Bernardo Atxaga, Gari eta Jose Kruz Gurrutxagaren eskutik. Ziutateaz lanak merezidu dau barrirakurketa bat, gaurko distantziatik, hainbat arrazoirengaitik: lan hibridoa, generoen arteko bizikidetzearen adibide abangoardiseta etorri zan; literatura universal modernoaren eraginak islatu zituan; diktadurek berezkoa daben bihozbakotasuna eta esperpentoa kritikau eban. Horrenbestez, garai bateko memoria soziopolitiko kolektibo lez hartu daiteke, autortu dau Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkariak.

Jardunaldi berean, Euskaltzaindiaren Literatura Batzordeak argitaratzen dauen Galda bildumako bigarren alea aurkeztuko da: -Galda- sortearen helburua Euskaltzaindiaren literatur ekintzen testigantza idatzia ixtea da, parte-hartzaileen pentsamenduaren barri emonez eta jendartera zabalduz, azaldu dau Miren Agur Meabek. Holan, ale berezia izango da bigarren hau, hizlarien artikulu sakonakaz batera, osogarri esanguratsua izango dauelako: Bernardo Atxagak berak idatzitako gogoeta bat, Geografia eta Historia izenburua dauena. Bertan, obrearen sorrerea eta nondik norakoak azaltzeaz gan, idazle gaztea zalarik bere jardunean eragin eben adierazpen kultural eta identitario nagusiak aitatzen ditu.

Egitaraua

Euskaltzaindiaren egoitzan (Bilboko Plaza Barrian):

10:00etan: Ziutateaz: uria, herria eta komunismoa (Joseba Sarrionandia).
10:30ean: Ziutate honetaz (Irati Majuelo).
12:00etan: Tiraniaren mapea (Mari Jose Olaziregi).
12:30ean: Indarkeriaren parajeak (Beñat Sarasola).
19:00etan: Ziutateaz: Geografia eta Historia (Bernardo Atxaga, Gari eta J. K. Gurrutxaga).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu