Euskal Herriko sortzaileen balioa eta ekarpena autortuko ditu 61. Durangoko Azokeak
2026-10-28 13:37 KultureaAndoni Beristain artistearen ardurea izan da iruditeria sortzea.
61. Durangoko Azokearen iruditeria aurkeztu dabe gaur Durangoko Landako Gunean. Bertan, Gerediaga Alkarteko eta azokearen guneetako arduradunez gan, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak be egon dira: Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua, BBK, Eroski, Euskaltel, Konfekoop eta EITB.
Abenduaren 4tik 8ra egingo da 61. Durangoko Azokea. Hilebeteak daroez atontzaileek abenduko bost egunak zehazten, euskerazko eta Euskal Herriko kulturearen inguruan milaka lagun batzeko helburuagaz. Liburuak, diskoak, irudiak, berbak, doinuak eta ideak konpartiduteko gunea izango da aurten be azokea baina, batez be, kulturea biziteko eta horrezaz gozetako topagunea.
Igaz, 60. edizinoaren harian, Durangoko Azokeak bere izaerea laburbatzen dauen izentapena hartu ebala gogorarazo du Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak: DA! Kulturearen Jaialdia. Aurten be, lerroburu horri eutsiko deutso. Azokea kulturearen jaialdia da, askotariko kultur adierazpideak eta diziplinak batzen ditualako, sortzaileak eta hartzaileak hartu-emonetan jarten ditualako eta urtez urte euskerazko eta Euskal Herriko kulturearen sustatzaile izaten jarraitzen dauelako.
Aurten, gainera, sorkuntzearen balioa eta sortzaileen lana nabarmendu nahi izan ditue. Idea horreek izan ditu abiaburu da 61. edizinoko iruditeria, kulturearen aniztasuna eta sorkuntzearen atzean dagoan lana irudikatzeko.
Sorkuntzearen aberastasuna eskaintzen diran diziplina eta proposamenen aniztasunean eta horreen atzean dagoan lanean be badago: sortzea ez da berezko sakakada hutsa: irudimena behar da, baina baita formakuntzea, lana, arretea eta iraunkortasuna be, azaldu dau Beñat Gaztelurrutiak. Horregaitik, Durangoko Azokeak sortzaileen ekarpena autortu eta ikusgarri egin nahi dau.
Gaztelurrutiak, era berean, euskal kulturara gerturatzen dagozan kultura zale barrien interesa azpimarratu dau: Durangoko Azokeak norbere nortasun kulturala biziteko, ospatzeko eta lantzeko aukerea emoten deutsee herritarrei. Azken boladan pozez ikusi ditugu euskerazko zenbait sortzaileren produkzino arrakastatsuak, euskal kulturara hurbiltzen dabizan kultura zale askoren arretea biztu dabenak, adierazo dau. Nahi geunke biztutako jakin-minak bidea egiten jarraitzea. Euskal kulturea bere osotasunean eta aniztasunean ezagutu nahi daben guztiek Durangon ateak zabalik topauko ditue: etorri, sartu barruraino, arakatu, bilatu eta ezagutu zuona dan mundu miresgarri hau.
Andoni Beristainen proposamen bisuala
Diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak sortu dau Durangoko Azokearen 61. edizinoko iruditeria. Proposamena idea bitan oinarritu da: euskal kulturearen aberastasuna eta sorkuntza analogikoaren balioa aldarrikatzea, hain zuzen be. Horretarako, kulturearen arlo askotan erabilten diran objektuak jarri ditu irudien erdigunean, bodegoi edo antzekoen bidez diziplina eta sortzaile guztiei lekua egiteko: Durangoko Azokea danona da, danontzat da, eta bertan daukagu eskuragarri guztia. Beristainek azaldu dauenez, objektuakaz lan egitea gustetan jat, kontzeptuak eta mezuak horreen bidez kontetako aukerea emoten deustielako. Iruditerian agiri diran objektuek -irratiko mikrofonoa, margolarien paleta, kamera analogikoa, idazmakinea, walkmana eta kasetea, besteak beste- kulturearen arlo askoren bilakaerea erakusten dabe. Beristainek azaldu dauenez, “asmoa aspaldiko sorkuntza-moduak eta horretarako erabilten ziran tresnak aldarrikatzea izan da, izan be, teknologia barriak heldu ahala tresna horreetako asko desagertuko zirala pentsau arren, gaur egun be bizirik dagoz eta batzuek indarrez berreskuratu dabe euren lekua.
Iruditeriaren koloreek eta testurek be badabe euren funtzinoa: Andoni Beristainek giro goxo eta gertukoa sortu nahi izan dau, etxeko moketearen antzeko atzealde baten bidez. Holan, objektuak eta euren bidez helarazo nahi dituan mezuak modu hurbil eta bisualean aurkeztu nahi izan ditu.
Aurtengo proposamenak, beraz, Durangoko Azokearen aniztasuna erakusteaz gan, sorkuntzearen atzean dagoen giza-lana aldarrikatzen dau.
Andoni Beristain
Siseinatzailea, argazkilaria eta arte zuzendaria da. Zumarragan jaioa, 18 urtegaz Bartzelonara joan zan diseinu grafikoa ikastera. Ikasketetan argazkigintzea deskubridu eta, pixkanaka, bere ibilbide profesionala eregiten joan zan. Bartzelonan arte zuzendari lanak egin zituan empresa bitan eta sei urtez eskolak emon zituan unibersidadean. Prain bost urte Donostiara etorri zan biziten eta ordutik bere estudioan egiten dau lan, argazkigintzan, diseinuan eta arte zuzendaritzan.
Haren lana koloretsua eta minimalistea da, surrealismo ikutu bategaz. Irudi xumeen bidez gogoeta eragitea gustetan jako. Beristainen proiektu personalen artean dagoz Pieza Redonda, gorputz ez-normatiboei buruzkoa; Pieza Rota, minbiziaren inguruko estigmeari buruzkoa; eta Pieza Madre, amari agur esateko sortutako argazki-liburua. Esperientzia personaletatik ekinez, gai konplexuei begirada positiboz heltzea dau helburu.
Euskal Herria, euskerea eta hemen bizitako esperientziak sormenaren sustraitzat ditu. Horregaitik, Durangoko Azokearen 61. edizinoko iruditeria sortzea berezia izan da berarentzat, aspaldiko amesa betetea baitakar: hain maite dauen herrialdeko proiektu bati bere begirada artistikoa eskaintzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
