Iparra Galdu Gabe Jardunaldiek zemendian ekarriko dabe Iparraldea Getxora

Bizkaie! 2026-10-28 08:32   Kulturea

Zemendiaren 6tik 26ra.

Aurrekoetan bezela, Getxoko Udalak, Euskal Kultur Erakundeagaz eta udalerriko hainbat alkartegaz (Bentaranoa, ALBE, Egizu, Azebarri, Hiruka...) alkarlanean atonduta. Urte birik behin egiten dan jaialdiko egitaraua orain 25 urte jarri zan martxan, Iparraldeko kulturea Getxora hurbiltzeko, edade guztietako publikoarentzat atondutako jardueren bitartez, horreen artean lehenengo edizinoan be parte hartu eban Niko Etxart musikariaren kontzertu-omenaldia.

Programeari zemendiaren 6an ekingo jako Bentan. Iparraldea Kantuz izeneko dobako saio praktikoakaz (hilaren 13an, 20an eta 27an be, 18:00etatik aurrera) Bentan. Itsaso Arrieta Euskal Herriko ahozko ondarearen transmisinoan aditua eta euskal kantuen irakasleak gidatuta, parte-hartzailee Iparraldeko hainbat kantu ezagutu eta kantauko ditue.

Izen-emotea: bentaranoaelkartea@gmail.com.

Beste alde batetik, hilaren 6an, Bertso Musikatuak izango dira Azebarri Kultur Alkartearen egoitzan, 19:00retan hasita. Bertsolariak Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Unai Mendiburu izango dira; musikariak Araitz Bizkai eta Oihana Landa eta gai-jartzailea Kerman Diaz.

Euskerea ikasten dabizanentzako Irakurle Klubean Egoitz Zelaia idazlearen Eta galtzen bagara zer? liburuari buruzko literatura-barriketaldia izango da zemendiaren 9an, 19:30ean, Villamonteko Kultur Etxean. Barriketaldia Idoia Carramiñana idazleak gidatuko dau.

Zemendiaren 13an, 19:30ean, Asisko Urmeneta ilustratzaileak zuzendutako Sorgina Banaiz! dokumentalaren proiekzinoa eta barriketaldia izango dira Azebarriren egoitzan.

Gurashow familiarentzako dobako musikaldia helduko da zemendiaren 15ean, 12:00etan, TikiToki egoitzara.

Izen-emotea: sendigetxo@gmail.com.

Hilaren 20an, Promesarik Txikiena izenburuko helduentzako antzerkia ikusi ahal izango da Muxikebarrin, 20:00etatik aurrera, Infinitu drama konpainiaren eskutik. Sarrerak 15 euroan dagoz.

Hurrengo egunean, Niko Etxarten kontzertu-omenaldia izango da, 50 urtetik gorako bere ibilbideari errekonozimendua egiteko. Beragaz batera, eszenatokian Hapa-Hapa eta Xabi Leon, Anje Duhalde, Süne Xabaltx, Pello Artabe, Anne Bidalun, Irantzu Garamendi, Ainhoa Aranburu eta Robert Larrandaburu & Dominika Eiheraberri be izango dira. Hitzordua 20:00etan izango da Muxikebarrin eta dagoeneko sarrerak agortuta dagoz. ETBek grabauko dau ikuskizuna eta aurrerantzean eskainiko dau. Saio horretan Getxoko ikasleek Niko Etxartentzat prestautako omenaldiaz gozau ahal izango da, hau da, udalerriko 11 ikastetxetako euskal kantu eta bertsolaritza-klasetako 450 ikasleren Eperra eta Euskal Herri rock & roll abestien bideo grabazinoa. Elirale konpainiak Mamuka familientzako jantza-ikuskizuna eskainiko dau zemendiaren 22an, Muxikebarrin. Amaitzeko, lau egun aurrerago, hilaren 26an, beste literatura-barriketaldi izango da Villamonteko Kultur Etxean, Jakes Sarrailleten Bardeetako otsoak nobelaz, hain zuzen be.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu