'Urtaroen Kresala - Busturiko Ondarearen Taupadak'

Bizkaie! 2026-10-29 12:46   Kulturea

Busturiko Udalaren eskariari erantzunez Labayru Fundazinoak egindako ikus-entzunezkoa da.

Ekimen honek herriko memoria kolektiboa zein gaur egun bizirik dagoan ondare immateriala berreskuratu eta balioan jarri nahi ditu. Horretarako, edadekoen eta hainbat herritarren testigantzetatik ekinez, belaunaldi barriei Busturiko kultura-ondarea transmitidutea dau helburu.

Dokumentala bihar, urriak 30, arratsaldeko 19:30ean, aurkeztuko da Altamirako Kultur Etxean, Ondarearen Europako Jardunaldien programazinoaren barruan. Proiektuaren eta ikus-entzunezkoaren aurkezpena egingo da, udaleko ordezkariakaz, testigantzak emondako herritarrakaz eta egileakaz batera. Akaitze Kamiruagak Labayru Fundazioaren izenean be han egongo da. Ikus-entzunezkoa euskaraz izango da.

Ikus-entzunezko honek Busturiko herri-jakintzea batzen dau, urtaroen zikloak markautako lan eta jaien inguruan. Herritarren testigantzen bidez, nekazaritzeari lotutako jarduerak eta urte osoko ohiturak dokumentau dira. Lanaren eta jaiaren arteko lotura horretan, herriko kanta tradizionalek eta ospakizun diferenteetako abestiek protagonismo berezia dabe.

Egitasmo honek herriko ondare immaterial bizia eta memoria kolektiboa ditu ardatz nagusi, izan be, gaur egun ohitura batzuk igartu badira be, askok indartsu jarraitzen dabe eta bizirik dagoz Busturiko etxe, solo eta herritarren gogoan.

Lan hau Ondarearen Europako Jardunaldien egitasmoaren barruan sartzen da; proiektu honen bidez, herriko memoria historikoa zein etnografikoa batu dira, belaunaldiz belaunaldi datozen jakintzak balioan jarriz eta herriko paisaje nahiz gizartean bizirik jarraitzen dauen ondare immateriala berreskuratuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu