BBK Aretoa ring bihurtuko da 2026ko Bizkaiko I. Antzerkigintza Torneorako

Bizkaie! 2026-10-27 07:55   Kulturea

Argitarabako zortzi testu, lau euskaraz eta lau gaztelaniaz, publikoaren aurrean lehiatuko dira. 

Dramaturgia Biziak 2026 (c) Dantzerti. | Ikusi handiago | Argazki originala



Argitaragabeko zortzi antzerki testu zuzenean lehiatuko dira eta publikoak erabagiko dau zeintzuk pasauko diran finalera eta, ondoren, zeintzuk irabaziko daben. 1.000 euroko sari bi egongo dira, bata euskerazko lan batek eroango dau eta bestea gaztelaniazko beste lan batek. BBK-k, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Dantzertik, Euskadiko arte dramatiko eta jantzako goi mailako eskoleak, zemendiaren 6tik 8ra atonduko dituen Dramaturgia Biziak 2026 Euskal Jardunaldietan parte hartuko dau, euskal dramaturgia garaikidea bultzatu, lurraldearen talentua babestu eta profesionalak, egile barriak eta publikoak batzeko antzerki idazketearen inguruan. Ekimena bat dator BBK Salaren jarrera kulturalagaz: Aretoaren programazinoak bokazino soziala eta euskal kulturearen eta bertako artisten babesa buztartzen ditu.

2026ko Bizkaiko I. Dramaturgia-Txapelketea edegita dago profesional, egile barri eta, oro har, antzerkia idazteko interesa dauen 18 urtetik gorako edonozeinentzat. Lanak aurkezteko epea urriaren 29an amaituko da. Txapelketea BBK-k, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Dantzertik zemendiaren 6tik 8ra bultzatutako I. Dramaturgia Biziak 2026 Euskal Jardunaldien parte da.

Kontuak kontu, Batzorde batek zortzi testu aukeratuko ditu, lau euskeraz eta lau gaztelaniaz. Dantzertiko ikasleek BBK Salako oholtzara eroango ditue irakurketa dramatizatuen edo erdi dramatizatuen bidez. Finalaurrekoa zemendiaren 7an, zapatuan, izango da. Zortzi testuak eszenatokian jarritako ring baten gainean lehiatuko dira eta publikoak lau finalista aukeratuko ditu, hizkuntza bakotxeko bi. Finala, barriz, zemendiaren 8an, domekan, izango da. Ikusleek barriro botoa emon eta lan irabazle biak aukeratuko ditue. Bakotxak 1.000 euro jasoko ditu. Finalaurrekoa eta finala publikoarentzat zabalik egongo dira eta sartzea librea izango da lekua bete arte.

Parte-hartzaile bakoitzak gehienez obra bi aurkeztu ahal izango ditu. Testuek originalak, argitarabakoak eta aurretik saririk jaso bakoak izan beharko dabe. Gainera, gehienez be interprete birentzat idatzita egon beharko dabe eta 15 minutuko iraupena izaten nahitaezkoa izango da. Oinarri guztiak BBK Aretoaren webgunean dagoz eskuragarri. Parte hartzeko, lanak testuak@dantzerti.eus helbidera bialdu beharko dira PDF fitxategi biren bidez. Lehenengoa anonimoa izango da eta testua, izenburua eta izengoitia jaso beharko ditu. Bigarrenak egilearen datu personalak jasoko ditu.

Dramaturgia Biziak 2026 antzezlanak antzerkira hurbiltzeko moduak batuko ditu hiru egunetan: eztabaida profesionalak zein eszenatoki gaineko prestakuntzea eta antzezpena. Zemendiaren 6an, barikuan eta 7an, zapatuan, topaketa eta eztabaida-mahaiak egingo dira dramaturgia, zuzendaritza, interpretazino eta antzerkiaren munduan edizinoaz arduratzen diran profesionalakaz. Parte-hartzaileen artean dagoz, besteak beste, Ana García Peña, Ana Diosdado 2025 SGAE Antzerki Saria, La aldea vacía lanagaitik; Agurtzane Intxaurraga; Javier Liñera; Conchita Piña, Antigona argitaletxearen sortzaileetako bat; eta Denise Despeyroux.

Bertaratzea doban izango da, aldez aurretik dramaturgiabiziak@dantzerti.eus helbidean izena emonez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu