Andres Urrutia: 'Euskalkien eta batuaren artean zubia ikusten dot, ez etena'

Dabi Piedra 2018-12-03 08:01   Barriketan

Euskaltzainburua.

Euskaltzaindia mendeurrena ospatzen dabil 2018 eta 2019 urteetan. Izan be, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez, 1918an adostu zan euskerea arautzeko eta aztertzeko akademia sortzea, eta 1919an egin zan lehenengo batzar nagusia, R.M. Azkue euskaltzainburu zala. Ehun urte geroago, euskerearen egoerea goitik behera aldatu da, besteak beste Euskaltzaindiaren bultzadeari esker.

2005etik euskaltzainburu dan Andres Urrutiak Akademiaren historia aberatsari begiratu deutso, baina erronkea etorkizunean dagoala ahaztu barik. Euskera batua hiztunek egunero egiten daben tresnea dala azpimarratu dau, euskalkietatik elikatzen dana.


1.- Ehun urte bete ditu Euskaltzaindiak. Epe horretan lortu dau beste akademien pareko zilegitasuna?

Nik baietz uste dot. Egia esan behar bada, ehun urte beteko doguz datorren urtean, 2019ko urriaren 7an, orduan beteko da mende bat Euskaltzaindia Osoko Bilkuran lehenengoz batu zanetik. Ehun urte pasauta, euskerea oraindino ez dago normalizauta, horretarako bidean doa, baina gauza batzuk egiteko dagoz. Pausu esanguratsuak egin doguz, 50 urte bete dira euskera batua hasi zala. Horregaz batera, gizartearen barruan, euskerearen pertzepzinoa aldatzen doa. Orain ez da euskerea erabilten alkarren kontra egiteko, zuek ez zarie euskaldunak, gu bai eta halakoak. Euskerea guztiona dala ikusten hasita gagoz. Bestetik, esan behar da, ehun urte erakunde baten bizimoduan balantzea egiteko sasoia dala, baina ehun urte ez dira ezer hizkuntza baten historian. Euskerearen aspaldikotasun horretan, Euskaltzaindiaren lana tanta bat da. Hiru-lau, beharbada bost, belaunaldi ibili dira Euskaltzaindian euskerearen alde egiten, orain erronkea da belaunaldi barriei hori guztia transmitidutea.


2.- Azkenaldion modernizazinorako pausuak egin dozuez: Tresna digitalak, ekitaldi kulturalak zuen egoitzetan... Herritar arruntakana gehiago hurreratzeko ahalegina da hori?

Euskaltzaindiak betidanik izan dauen gogoa eta helburua berreskuratzea dago horren atzean. Eta zein dan gogo hori? Euskerearen alde lan egingo badogu, beharrezkoa da gizartea bera alboan izatea. Euskaltzaindia zerbitzua emoteko dago, ezin geinke ulertu gizartetik kanpo, hodeietan dagoan gauza arraro baten lez. Helburu horretarako, duda barik, bide ona dira teknologia barriak, webgunea, sare sozialak... eta gizarteko elementu kulturalak aintzat hartzea: Musikea, artea eta abar. Horrek ez dau esan nahi zientifikotasuna edo Akademia izaerea galtzea.


3.- Gizarteak ulertzen dau Euskaltzaindiaren zeregina?

Seguruenez, ez. Batzuek aspalditik ezagutzen dabe zer egiten dogun eta zertarako. Baina, beharbada, belaunaldi barrien aldetik badago hutsune bat, hor defizita daukagu. Zelan bete hutsune hori? Belaunaldi barriek erabilten dituen hizkerak eta moldeak erabiliz. Euskaltzaindia guztiona da, lurralde guztietako ordezkariak ditu, euskalki guztiak kontuan hartzen ditu... baldintza horreekaz ehun urte bete badoguz, horrek esan nahi dau badagozala balio batzuk, merezidu dabenak. Baina horreek balioak transmitidu egin behar doguz.


4.- Gaur egungo sasoietara egokitu behar da.

Jakina, ze orain dagozan gauza asko ez egozan orain dala 30-35 urte, pentsau ezinak ziran. Komunikabideak daukaguz, irakaskuntzea, administrazinoa, konsumoa... horreek danak ezezagunak ziran lehen euskerearentzako. Hor argi esan behar dogu hizkuntza politikea egitea, berez, ez jagokola Euskaltzaindiari, baina emon leikez tresna linguistikoak, hizkuntzearen kalidadeari lotuak. Akademiak foro izakerea hartu leike, idea desbardinak batzeko. Funtzino horreek, gizarte moderno baten, gero eta beharrezkoagoak dira.


5.- Euskera batua sortu eta gizarteratu da mende erdian. Hori izan da Euskaltzaindiaren lorpenik handiena?

Garrantzitsuena ez dakit, baina beharbada erabilgarriena bada. Baina nik esango neuke Euskaltzaindiaren lorpenik handiena euskerearena bera dala, hau da, irautea. Eten barik, ganera. Bestetik, euskera batua ulertzen badogu euskaldun guztion espazio komun legez, orduan bai, lorpen garrantzitsua da. Baina ikusten badogu euskera batua euskera biziak dituan forma guztien ezabatzailetzat, orduan ez. Euskera batua egunero egiten dogu, batua naturaltasunez, bizitasunez erabilten dogulako, bardin gure euskalkian gabizanean be. Gure euskera batuari kolorea eta saborea emon behar deutsagu. Euskera batua joko-zelaia da, batzuek ikerketarako erabiliko dabe, beste batzuek unibersidadean edo lanean, literaturan... horretarako ezinbestekoa dogu. Baina ez dogu erabili behar esateko zuk ez dozu euskeraz ondo egiten, batua egiten ez badozu.


6.- Azkenaldion emoten dau ugaldu egin dala herrietako hizkerak edonon eta edozelan erabilteko ohiturea. Joera horrek arduratu egiten dau Euskaltzaindia?

Neurri baten bai. Gauzak diran moduan azaldu behar dira: Gazteek halako marka edo hizkera bereizgarriak erabiltearena beti jazo da. Gogoan izan behar da, euskera batua sortu zanean, belaunaldi zaharren eta barrien artean egon ziran istiluak. Herriko hizkerak ez dodaz txartzat hartzen, baina aintzat hartzen ez dodana da, herriko hizkeren izenean herriko hizkera ez diranak asmatzen ibiltea, hori arriskutsua da. Ze asmakizun horretan ez dakigu non dagozan mugak edo zein dan helburua. Ortografia bateratu bat lortu dogunean hasten bagara beste modu baten idazten, hori ez da hizkuntzeari funtzino kulturala emotea, azken baten da hizkuntzea bera sakabanatzea, beheratzea.


7.- Euskalkiak eta batua zelan buztartu behar litzatekez, ze leku emon behar jako bakotxari?

Nire ustez, naturaltasunez. Nik naturaltasunez bizi badot euskerea, ez dot problemarik izango horretan. Ni Lea-Artibaikoa banaz, normala da nik Ondarroako euskerea egitea. Baina idatzi nahi badot, egokitu egin beharko dot nire hizkerea, edo Mauleko puntan nire esanak ulertzea nahi badot. Hori Euskaltzaindiak aspalditik esana dauka. Etena ez dago batuaren eta euskalkien artean, kontrakoa baino, nik zubia ikusten dot.


8.- Euskerearen erabilerea bolo-bolo dabilen beste gai bat da. Euskaltzaindia aitzindari izan behar da gai horretan?

Danok jakin behar dogu hizkuntza politikea egitea ez jagokola Euskaltzaindiari. Aitzidaritzea hartuko badogu, lehenengo adostasun edo konsensu batzuk beharko doguz. Euskaltzaindia euskerea aurrera eroateko tresnea baino ez da. Erabilerearen gaian, nik uste dot giltzarria adostasuna dala, konplizidadeak bilatzea, eta hor izan leike Euskaltzaindiak zeregin bat, konforme, baina ez daigun ahaztu bakotxari zer jagokon gaurko antolakuntza politiko-administratiboan.


9.- Adostasunetik jaio dan ekimena da Euskaraldia. Zelan ikusten dozu?

Lehen esan dodana da: adostasuna, konplizidadea, ikusgaitasuna, presentzia eta, batez be, zorionez, Euskaltzaindiak beti babestu dauen gauza bat: Euskerea ez dala batzuena, euskerea danona dala. Ez da hizkuntza bat besteen kontra joateko. Kolore, pentsamolde eta lurralde desbardinetakoak batzen ditu Euskaraldiak. Euskaraldia amaitu eta hurrengo egunean indar hori galtzerik ez neuke nahi. Kanpaina honek gerorako bidea markau behar dau.


10.- Hurrengo urteetarako erronkak nondik etorriko jakoz Euskaltzaindiari?

Tira, mendeurrenak berak oraindino luze joko dau. 2019an daukaguz zazpi kongresu, ekitaldi instituzionala eta abar. Mendeurrenean Euskaltzaindiak jauzi kualitatiboa egin behar dau, eta bete-betean sartu XXI. mendean. Mende honetako moldera egokitu behar gara, eta gauza batzuk faltau doguz oraindino, bagabiz horretan. Gero nondik joko dogun? Batetik, normatibizazinoaren aldetik joko dogu hiztunen eskuetan baliabide erabilgarriak jartera. Hiztegia berrindartuko dogu, ortotipografian ahaleginak egingo doguz. Euskerearen esparru osoa hartzen daben proiektuetan segitzea be garrantzitsutzat joten dogu. Eta eskualdekoak be bai; momentu honetan martxan daukagu euskera batuaren gaia Ipar Euskal Herriko ikuspegitik landuko dauen proiektua, webgune baten bidez. Berba edo esaldi baten laburtu beharko baneu zein dan gure asmoa, zera esango neuke: Iraganari begira egon barik, baina hori kontuan hartuta, etorkizunari begira jokatzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu