Jon Castañeda ('Jonkass'): 'diskoko kantuak entzuleak jantzan jarteko amesagaz egindakoak dira'

Koldo Isusi Zuazo 2025-04-14 07:55   Barriketan

Jon Castañeda zornotzarrak darabilen izen artiskoa Jonkass da eta proiektu horrek irabazi dau II. Paradisu Zinema Musika Bekea. Jonkass gidolaria, erredaktorea, erreporteroa, Kafe Antzokiko DJa eta Akerbeltz taldeko abeslaria da baina Akerbeltz taldeari agur esan eta bete-betean dabil beharrean 2025eko maiatzean disko barriko lehenengo kantua eta Durangoko Azokearen bueltan diskoa plazaratzeko.

Bekea sustatu daben hiru eragileen eretxiz (EHZ Festibalak, Antxeta Irratiak eta Elkar Argitaletxea), garrantzitsua da musika estilo ugarik lekua izatea euskal musikearen barruan eta, gauzak holan dirala, igaz Beñat Goitiaren Benizze proiektuak irabazi eban lehenengo edizinoa.

Iñigo Muguruza musikariari (Iñigo Muguruza Desband, Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Delirium Tremens, Sagarroi, Lurra, Hiru Leike taldeetan ibilitakoa eta orain sei bat urte esklerosi anizkoitzak jota hil zana) omenaldia egin eta euskal musikarien lanak sustatzeko helburuagaz, Paradisu Zinema Musika Bekea martxan jarri eben igaz.

Paradisu Zinema Bekearen bigarren edizinoa izan da aurtongoa, baita azkena be, ez dalako deialdi gehiago egingo holan berbatu ebelako hiru atontzaileek, EHZ Festibalak, Antxeta Irratiak eta Elkar Argitaletxeak, hiru urte eta beka deialdi bi.

Kontuak kontu, barriketaldia mamintsua izan dogu Jonkassegaz eta hona hemen bizkaitarrak emon deuskuzan azalpenak.

 1.- Irabazlea zeu zinala jakin zenduanean, zer etorri jatzun burura?

Ezustean hartu neban, banekian oso gatxa zala irabaztea, 18 hautagai gengozan eta komunikau eustienean, sisnistu ezinik baina pozez zoratzen nengoan. Hori bai, berehala ardurea, erantzunkizuna sentidu neban, golpera etorri jatan sustoa, beti holakoren bat egin guran ibili arren, sariak bidea zabaldu deust eta martxan nabil daborduko. 

2.- Iñigo Muguruza musikariari omenaldia egiteko Elkar argitaletxeak, EHZ Festibalak eta Antxeta irratiak atondutakoa da Paradisu Zinema Bekea, euskal musikarien lanak sustatzeko helburuari eutsiz. Talentua egon badago gurean baina zer falta da aurrera egin ahal izateko?

Orain inoiz baino estilo eta talde gehiago dago, ez dot esango edozeinek egin leikenik baina musikea erraz egin daiteke, sormena behar da baina pentsaizu gaur egungo tresneriagaz eta edozeinek etxean sortu leike musikea. Lehen estudioan egiten ziran lanak etxean egin daitekez. Gero, jakina, produkzinoa, nahasketak grabazinoak, bideoak eta bestelakoak oso karuak dira; esangura horretan, holako bekak oso lagungarriak dira, 10.000 euroko bekea da eta oso inportantea da hori.

3.- Irabazleak urtebeteko epea izango dau proiektua biribildu eta grabetako. 2026. urteko EHZ Festibalean disfrutau ahal izango da lehen kontzertuaz...

Grabazino lanetan hasita gagoz, asteon dana grabetea da asmoa eta ezustekorik ezean, maiatzaren amaieran edo lehenengo aurkezpen kantua atarako dogu; hortik aurrera, diskoa Durangoko Azokan aukeztea da asmoa. Ahotsenea leku ederra da zuzenekoan erakusteko taldearen esentzia baina badakigu talde zein bakarlarientzako oso ona izaten dala hor aurkeztea baina igaz be makinatxu bat proposamen aurkeztu baziran be, azkenean batzuentzako aukerea baino ez zala egon.

4.- Luzera aldez aurretik zehazten gatxa bada be, gitxienez 10 kantu izan beharko ditu azken lanak. Idearik badozu?

Hamabi kantu sortu doguz eta horreek lantzen gabiz. Diskoko kantuak entzuleak jantzan jarteko amesagaz egindakoak dira, gaur eguneko erritmo barriakaz zeozelako loturea be nabarmenduko neuke. Erreferentzia internazionalak be hartu doguz, pop-rocka ahaztu barik, kantu bi elektronikoak dira, rumba bat, balada faltarik be ez da izango. Baina gatxena izango da orekea lortzea, batasuna, kantua bakotxa mundu bat da.

5.- Kafe Antzokiko DJa eta Akerbeltz taldeko abeslaria zaitugu, baita kazetaria be. Zein arlotan zabiz gustorago?

Bai edo. Lagungarria izatea espero dot eta saiatuko naz diskoaren idea be kontzertuetan zelan sartu eta holakoak pentsetan baina oraingoz ezin deutsut gauza handirik aurreratu. Diskoa bidaia baten modukoa izatea gura dot, musikariok gauza asko nahastau edo buztartu behar doguz, kantuak sortzeaz gan, zuzenean zelan aurkeztu, inprobizazinoa eta holako gaiak jorratu behar diralako. Horrezaz gan, azala zelakoa izango dan be pentsau behar dozu, bideokliparen berezitasunak edo ideak be argi euki behar dozuz. Laguntzaile edo kolaborazinorik beharko ditudan ala ez zehaztea be komenidu da.

Akerbeltz taldearen harian, pena handiz, igaz esan neutsen taldekideei taldea itxi behar nebala bakarkako zereginetan sartzeko.  

6.- Bekea irabazten dauenak 10.000 euro jasoten ditu eta erdia Elkar estudioko orduetan  grabaketa eta edizino lanetarako erabiliko da eta beste erdia argitalpen kostuak eta sustapena bideratzeko. Musikearen munduan ibili bazabiz eta, alde horretatik, errazagoa izango ete da prozesua?

Diruarena oso gustora hartzen dozu, prozesua luzea eta karua izaten da eta grabaketea Elkar estudioan egitea oso inportantea da; argitalpen kostuak eta sustapena bideratzea be gustora hartzen dogu, izan be, prozesuaren parte handia bermatuta daukazu eta horri esker tarte handiagoa izaten dogu sormen lanerako,

7.- Igaz 28 taldek bialdu zituen lanak eta aurten 18 izan dira. Ze gogoeta eragiten deutsue datuok?

Hamar hautagai gitxiago izan dira aurten eta gogoan hartzeko modukoa da baina ez nau horrek arduratzen. Interesa badago egon eta hori da inportantea; ganerakoa norberaren erantzukizuna da eta horretarako konpromisoa behar da eta proiektuko gorabehera guztiak gogoan izatea.

8.- Beñat Goitiaren Benizze proiektuak irabazi eban igaz Paradisu Zinema Musika Bekearen lehenengo edizinoa. Ezagutzen zarie?

Ez. Sasoi horretan Gaztean nenbilen beharrean eta holako lekuetara hemengo eta kanpoko diskoak heltzen diranez, deigarria egin jatan Benizzerena: musika elektronikoa darabil eta 'Mamuak eta izozkiak lana kaleratu eban Ruper Ordorika, J. Martina eta Gariren kolaborazinoakaz. Bitxia begitandu jatan Ruper holako erregistroan eta gustau jatan. Hortik aurera ez dot asko jarraitu, Gasteizeko txosnetan ikusi neban zuzenean baina hor geratu zan gure artekoa.    

9.- Dakigunez, Paradisu Zinema Musika Bekarik ez ei da atonduko datorren urtean. Badakizu zergaitik?

Galdetu neban eta bateren batek esan eustan berbatuta egoala edizino bi izango zirala. Eta jakin izan dot bekea sustatu daben hiru eragileen eretxiz, garrantzitsua dala askotariko musika estiloek lekua izatea euskal musikan.

Paradisu Zinema Bekearen bigarren edizinoa izan da aurtengoa, Benizze proiektuak irabazi eban igaz eta atontzaileek iragarri dabenez, baita azkena ere, aurrerantzean ez baitabe deialdirik egingo, hiru urte izan dira eta beka deialdi bi. 

10.- Badakigu Multimedia Komunikazinoagaz lotutako master bat egiten zabizela eta tarteka irratietan be ibilitakoa zarela. Hemetik Aurrera ze pausu emongo dozu? 

Orain bakarkako zereginari eutsiko deutsat, gauzak nahikoa aurreratuta doguz. Amesa da hau guztia niretzako eta baliabideak izango ditudanez, horri ekitea da asmoa.

Beti ibili naz saltsa askotan eta postiboa izan arren, zoratzeko arriskua be badago [Barreka]. Orain bakarkako diskoagaz nabil eta oso gustora.   

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu