Gotzon Gomez: 'gure kulturea berreskuratzen, jagoten eta zabaltzen egindako lanagaitik saritu gaitue'.

Bizkaie! 2025-09-22 07:52   Barriketan

Gerediaga Alkarteak Fair Saturday Awards Saria jasoko dau, izan be, 2017tik, Fair Saturday Fundazinoak urtero atontzen ditu Fair Saturday Awards entzutetsuak, artearen eta kulturearen bidez gizartean daben eraginagaitik nabarmentzen diran nazinoarteko erakunde eta personei egindako autortzak. Sari horreek hazkunde inklusiboagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa lortzen lagunduko daben jarduera-eredu barriak sortzeko eta sustatzeko beharra azpimarratzen dabe. Sortu zanetik, 27 herrialdetako 51 ekimen eta persona autortu dira.

VII. edizinoan, zazpi erakunde eta artista autortu ditue: Joseph Stiglitz, 2001eko Ekonomiako Nobel Saria (Indiana), Martin Wolf, kazetari ekonomikoa (Londres); Rania Moualla, ZADKeko (Saudi Arabia) zuzendaria da; Adjoa Andoh, aktorea (Bristol); Ahmad Joudeh, jantzaria (Damasco); Joaquín Achucarro, pianistea (Bilbo), haren nazinoarteko ibilbide nabarmenagaitik, musika klasikoa eta pianoaren edertasuna mundu osoko publikoengana hurreratu dauelako; eta Gerediaga Alkartea (Durango) Durangaldeko eta Euskal Herriko historia, kulturea eta ondarea berreskuratzen, jagoten eta zabaltzen egindako lanagaitik, esaterako: Durangoko Azokea lako proiektu enblematikoen bidez.

Sariak emoteko ekitaldia Guggenheim Bilbao Museoan izango da, irailaren 29an, astelehenean, 19:30ean eta, hainbat ikuskizun egiteaz gan, sarituak be bertan izango dira, baita Bilboko, Bizkaiko eta nazinoarteko erakunde, kultura, gizarte eta enpresa ordezkaritza zabala be.

Kontuak kontu, autortzearen eta Gerediagaren gaineko gorabeherak jorratzeko eta oraintsu joan jakun Izaskun Ellakuriagaren gainekoak Gotzon Gomez Gerediagako buruak azaldu deuskuz, Durangon jaioa 1970. urtean. Unibersidako Ikasketak Deustun egin zituan, Euskal Filologian hain zuzen be. 1993an irakasle lanetan hasi nintzan Euskera eta Literatura arloan. 31 urte daroadaz lan honetan, horreetatik 29 urte Durangoko Jesuitak ikastetxean. Errugbyan ibilitakoa Durango Rugby Taldean, jokalari (23 urte) zein entrenatzaile lanetan. DRTren Euskera arduraduna be izandako ia hasieratik. Anboto aldizkarian zutabegilea  eta 15 urte inguru emondakoa errugbya eta euskerea buztartzen.

2017tik Gerediagako zuzendaritzako burua naz, alkartea barrutik ondo ezagutzen dot, aurten Nerea Mujikak lehendakaritzea itxi eta erreleboa hartu neutsan maiatzaren 25ean. Beraz oraindino lehenengo urratsak emoten nabil presidente moduan.

Kontuak kontu, autortzearen eta Gerediagaren gaineko gorabeherak jorratzeko eta oraintsu joan jakun Izaskun Ellakuriagaren gainekoak Gotzon Gomez Gerediagako buruak azaldu deuskuz. 


1.- Durangaldeko eta Euskal Herriko historia, kulturea eta ondarea 
berreskuratzen, jagoten eta zabaltzen egindako lanagaitik Fair Saturday Awards Saria jaso dozue. Joaquín Achucarro, Joseph
Stiglitz eta Rania Moualla lako handiakaz batera sarituak izatea zelan hartu dozue?

Batetik harriduraz eta bestetik pozez zoratzen nago. Entzute eta ibilbide handiko personak dira, batzuk mundu osoan ezagunak eta horrek alde batetik bertigo apur bat emoten deutsu, baina bestetik beteten zaitu gure izaerako alkarte bati saria emoten jakolako, baina ez bakarrik guri eta gure arloan eta eremuetan ibilten garenontzat autortza berezia dalako.

2.- Sariok hazkunde inklusiboagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa lortzen lagunduko daben jarduera-eredu barriak sortzeko eta sustatzeko beharra azpimarratzen dabe. Ohorea izango da zuontzako holako autortzea jasotea...

Bai, aukera ederra da gure lana Euskal Herritik harago erakusteko. Baina Euskal Herrian be zabaltzeko Durangoko Azokea ospatzen ez dogun sasoian.

Gerediagaren 60. urteurrena ospatu genduan bagilaren 14an. Ibilbide luzekoa da alkartea eta aldi berean Durangoko Azokeak be 60 urteko edizinoa dakar aurten. Ez sinistuteko modukoa. Ederra.

Urte honeetan gauzak dezente aldatu dira, hasierako lanak ia era edo modu klandestinoan egiten ziran. Bai alkartearen hainbat kontu zein azokako beste hainbat, atontzen ziran ekintzak zein salmentak aurrera
eroateko moduak.

Urtez urte sasoiari egokitzen ahalegindu gara, egun Durangoko Azokea euskal kulturako topaketea dala esan geinke, esparruak zabaltzen joan diralako. Liburuak dagoz, diskoak be bai, baina antzerkia be badogu,
ikusentzunezkoak ditugu, musika aurkezpenak 4 egunetan. Sormen beka bat be badago urtero, askotariko diziplinak babesten dituana. Eten barik egokitzen gabiz, beti bere sortzaile, alkarte, argitaletxe, editore eta
erakundeakaz batera.

3.- Nerea Mujikak 20 urte egin ditu Gerediagan buru eta Durangoko Azokearen ardurea be izan dau. Urteetan egindako bidean jarraitu ala bestelako jarrera batzuk hartzeko amesik?

Nereak lan eskerga, neurribakoa, egin dau, 22 urte hain zuzen be, elkarteari arnasa eta adorea emon deutsoz. Unibersidadean irakaslea izan neban, orain dala 35 urte. Azken 22 urtetan alkarteko buru izan dogu. Bere inguruan talde sendoa batzeko kapaz izan da, belaunaldi asko buztartuz. Durangaldearen nortasuna eta aniztasuna presente izan eta behin eta barriro eragin dau. Euskal Herrian azokeak gaur egun dauen errekonozimendua eta osasuna haren gidaritza barik ez litzateke posible izango.

4.- 1965. urtean hasi zan Gerediaga Durangaldeko ondarea, kulturea eta historia jagon, ikertu eta zabaltzen. Bisita gidatuak, liburuen aurkezpenak, proiekzinoak, toponimia erakustaldiak,
erakusketak eta atondu izan dozuez, azkena 58. Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketea, hain zuzen be. Zer dator orain?

Zeuk esan dozu, makinatxu bat gauza atontzen doguz eta egia da oraintsu  58. Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketea nabarmenduko neuke baina ikerlari gazteei bekea emotea; Astola aldizkariaren 19. zenbakiak laster ikusiko dau argia; Sormen bekea azokearen sasoian etorriko da eta Durangoko Azokea bera ez daigun ahaztu.

5.- 2025eko Durangoko Azokearen harian, zer nabarmenduko zeunke?

Urte borobila da, 60 urte beteten ditu. Oraintsu zabaldu dogu izena emoteko epea. Urtero lez Sormen Bekea dogu eta Komikia izango da gaia. Danetara, 12.500 euroko diru laguntzea izaten da eta Azokan bertan iragarriko dogu irabazlearen izena.

Nabarmentzekotan, euskal kulturearen alkargunea dala esango neuke. Hainbat aktore dagoz Durangoko Azokan: sortzaileak (idazle, musikari, bertsolari, antzerkilari, komikilari, ikus-entzunezkoetako zuzendari, aktore, antzerkilariak...) argitaletxeak, alkarteak, Gerediaga bera eta erakundeak. Danon artean egiten dogu posible holako azokea sortzea urtero.

Gerediaga dogu jarduera hori koordinetan dauen alkartea baina alkarlanari esker egiten da eta holakorik ez balego ez litzateke gauza bera izango. Erantzun bikainaren arrazoia hortxe dagoala esango neuke.

Urriaren 6ra bitartean erregistrau ahalko ditue proposamenak, durangokoazoka.eus webgunean, izen-emoteei jagoken atalean.

Horrezaz gan, beste hainbat inskripzino zabaldu dira gaur: Ikasle Goizerako, DA! PRO topaketarako eta Zu Non, Han DA! egitasmorako.

Badakizue 2025an euskeraz kaleratutako lanak aurkeztu daitekez Durangoko Azokako guneetan:

- Ahotsenean liburu eta diskoak.
- Irudienean ikus-entzunezkoak: film laburrak, dokumentalak, fikzinoak, egitasmoen aurkezpenak...
- Kabian teknologia barriakaz lotutako hitzaldiak, jokoak, tailerrak...
- Saguganbaran umeentzako literaturea eta musika, ikuskizun, kontaketa edo aurkezpen formatuan, hain zuzen be.
- Szenatokian jantza, antzerki eta bakarrizketak, pieza laburretan. 
- Talaian literaturaz aparteko lanak, euskera hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten deutseen gaiei buruzkoak.

6.- Izaskun Ellakuriaga, euskerearen eta durangaldeko kultura eta tradizinoak zabaltzeko izandako kompromisoagaitik ezaguna 53 urtegaz joan jakun oraintsu. Eta lagun eta senitartekoek agur beroa egin eutsen gehien maite eban inguruan Gerediagako Foru Zelaian. Bertsolariak, errezitatzaileak, lagunak batu ziran eta momento hunkigarria izan zan...

Izaskun dana emotekoa zan. Irratian zein Gerediagan buru eta bihotz dana emoten eban, oso argia eta zorrotza zan eta agurra benetan hunkigarria, ez ahaztuteko modukoa.

Bizkaia irratikoakaz batera bideratu genduan ekitaldia, familiaren laguntzeagaz. Alfrek, urte askotan beragaz esatari lanetan ibilitakoak gidatu eban ekitaldia. Irratsaio berezia. Bertan, Izaskunek berak aukeratutako abestiak, horreetako bat zuzenean, eskualdeko bertsolariak, haren ibilbidea gogoratzeko argazkiak, gertuko personen testigantzak eta familiaren azken agurra izan genduzan. Mimoz eta maitasunez egindako ekitaldia izan zan. Benetan hunkigarria. Faltan botako dogu, hutsune handia itxi dauelako alkartean, baina bizitea aurrera doa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu