Biotza Araukua: 'Herriari alegria eta bizitasuna emoten deutsagu'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-03-23 07:45   Barriketan

Busturiko Atxurkulu herriko emakume alkarteari 25 urtetik gorako ibilbidean egindako lana autortu jako Zirgari Saria 2026 emonaz. Errekonozimendu honek, Busturiko emakumeen partaidetza sozialaren defensa aktiboan, konpromiso komunitarioan eta etenbako lanean oinarritutako eta urteetan eregitako ibilbide sendoa nabarmendu dau.

Mende lauren baino gehiagoan zehar, udalerrian egiten dagoan lana erakutsi eta autortzearen garrantziaz konbenziduta, Zirgari 2026 sarietarako haren hautagaitzea proponidu eban Busturiko Udalak. Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k emondako sariak Atxurkulu Emakumeen alkarteak emakumeen ahaldunduten, aukera bardintasunaren sustapenean eta udalerriko emakume guztientzako espazio seguru eta parte-hartzaileen sorreran egindako lanaren garrantzia azpimarratzen dau. Egun 32 emakume dira eta, modu erabagigarrian, lagundu dabe herriko dinamizazino soziokulturalean, eta Busturiko bizitza sozialean emakumeen presentzia aktiboa eta agirikoa bermatu.

Udalak zoriondu egin dau alkartea merezidutako errekonozimenduagaitik eta eskerrak emon deutsoz bere dedikazinoagaitik eta aldaketa positiboak sortzeko erakutsi dauen gaitasunagaitik.

1.- Zorionak, jaso barri dozuen Zirgariak sariagaitik. 25 urtetik gora beharrean zabizie eta autortza berezia da hau. Aurrera egiteko bultzadatxua izango da zuontzat...

Duda barik. Errekonozimendua ederra izan da, ez genduan holakorik espero eta pozarren gagoz. Herriaren alde gauza asko egin doguz eta bardin antzean segiduteko gogoa daukagu. Egunero batuten gara eta danok daroaguzan ideak eta konpartidu egiten doguz nondik nora jo erabagiteko. Holan ohitu gara eta gustora gabiz. 

2.- Busturiko Atxurkulu dinamizazino soziokulturalean dabilen alkartea da. Zehatz zer eskaintzen deutsazue herriari?

Gauza asko eta danontzat, txiki zein handientzat. Gabon bueltan hasi eta Errege eguna be ospatzen dogu, Aratusteak be bai eta hor bueltan, ikuskizun berezia atontzen dogu, tanborradea, Santa Ageda kantetan be ibilten gara eta batutako dirua beharrizana dauen alkarte edo personei emoten deutsagu.

Astelehenak josteko egunak izaten dira, 90 urteko andra batek erakusten deusku josten eta erresidentziako edadeko jentea Bermeora eroaten be laguntzen dogu, Gernikara be bai, azoka eguna izaten dalako.

Eta Kantu Kantari be nabarmenduko neuke, auzorik auzo kantetan sano pozik ibilten gara.

Ganerakoan, gazteak be hurreratzen jakuz Aratusteak eta jaiotan atontzen dogun ikuskizuna preparetan laguntzeko. Erresidentzian eta Busturiko Liburutegian eskaintzen dogu eta herritarrentzako gozamena izaten da.

Herriari alegria eta bizitasuna emoten deutsagu, herri txikia gara, 1.700 persona edo gara baina aburridu ez gara aburriduten [Barreka].

3.- Emakumeen presentzia aktiboa be sustatzen dozue. Zelan?

Gaur egun, 32 emakume gara eta asmoak dira emakume gazteen parte-hartzeari eustea eta indartzea, belaunaldien arteko erreleboa eta alkartearen jarraipena bermatuz.

Taldearen 25 urteetan, Atxurkuluk emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren alde egin dau, emakumeen parte-hartze sozialaren sustapen aktiboaren bidez. 

4.- Erronkea da emakume gazteen parte-hartzea, erreleboa bermatzea. Gazterik hurreratzen jatzue alkartera?

Bai, hori gura dogu, batzarrak eta egiten doguz jai batzordekoakaz eta emakumeakaz be eta danon artean ahalegintzen gara gauza erakargarriak atontzen, guretzako sano inportantea da hori baina Aratusteetako ikuskizuna preparetako gazteak, umeak eta gurasoak be kolaboretan dabe eta asko Atxurkulukoak ez badira be sutsu ibilten dira.

5.- Noiz sortu zan Atxurkulu Emakumeen Alkartea eta zein izan zan motiboa?

Atxurkulu Emakumeen Alkartea larogeta hamarreko hamarkadearen amaieran sortu zan, herriko emakume-talde batek topaketarako espazio propioa izateko eukan beharrari erantzuteko. Hasieran, oinarrizko prestakuntza-jarduerak bultzatzen genduzan, informatikako ikastaroak eta bestelakoak, emakumeek trebakuntzarako eta eskura zituen baliabideetarako sarbidea hobetzeko. Halan da be, denporearen poderioz, gizartearen aldaketak gogoan hartuta gu geu be egokitu egin gara. Jakin daizun Atxurkulu 2000. urtean legalizau genduan eta ordutik martxan gabiz. Eta ez daigun ahaztu antzerki lanak eta egin izan doguzala orain urte batzuk eta sariak be irabazita gagozala.

6.- Euskerazko irakurketa tailerrak be atontzen dozuez...

Bai, tailerrok upealako erantzuna dabe herrian, martitzenetan eta eguenetan egiten doguz eta euskeraz eta erderaz izaten dira irakurketa saioak. Enbrak, txiki, handi eta danetarikoak etorten jakuz eta gu pozik.

7.- Kantu Kantari, Santa Ageda eta tanborradea atontzen be ibilten zarie. Herritarrek gustora hartzen ditue?

Bai. Jaiak, Kantu Kantari, Santa Ageda eta tanborradea entzutetsuak dira, txistulari taldea be badogu herrian,  oso giro polita egoten da herrian, txokolatadea be egiten dogu eta herritar asko hurreratzen jakuz, auzorik auzo herritarrak motibauta egoten dira eta prest dagoz beti gurera etorri eta parte hartzeko.

8.- Busturiko ganerako talde kultural eta sozialakaz badozue hartu-emonik?

Jakina. Danakaz egiten dogu berba eta danon artean erabagiten dogu zer egin eta zelan alkartruke kulturalean. 

9.- Babesleen txatalean nortzuk nabarmenduko zeunkez?

Busturiko Udalak beti laguntzen deusku eta Bizkaiko Foru Aldundia be nabarmenduko neuke, Zirgari Saria be hor etorri jaku eta BBK ez dogu ahaztuko. Ganerakoan, eleizearen laguntzinoa be izan dogu eta herritarrak be hor dabiz beti geugaz. 

10.- Bihar-etzirako ze erronka dozue?

Orain artekoakaz, urteotan egin doguzanakaz jarraitzea da asmoa baina etorriko diranak jorratzeko be prest gagoz; batzarrik ez dogu egin oraindino eta idea batzuk buruan bueltaka jabilkuzan arren zehetasun handirik ezin deutsut aurreratu. Baina Loraldiagaz batzen hasi gara eta zirriborroetara batutako gorabeherak baino ez diran arren zeozertxu badagoala dinotsut

Gaerakoan, eskerrak emon Busturiko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta BBKri. Zirgaria gustora hartu genduan baina emon deuskuezan babesa eta errekonozimendua lakorik ez dago, total pozik gagoz. Eta San Mamesen, Bartzelonaren kontrako partidua palkoan ikusteko aukerea be emon euskuen, hobeto ezin,  ahaztuezina.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu