Rosa Mari Gabantxo: 'artearen munduan beti dago zeregina'.
2026-07-27 07:40 BarriketanAurten 75. urteurrena ospatzen dagoan Bermeoko Benito Barrueta Alkartea erakusketa bat atontzen dabil Benito Barrueta margolariaren marrazkiakaz haren jaiotzearen 150. urteurrena atxakian. Horretarako, hilabeteak daroez batera eta bestera inoiz erakutsi ez diran Benitoren marrazkiak batzen eta egokitzen. Moltso handia lortu dabe, 300etik gora eta datorren urteko apirilerako atontzen dabiz erakusketa berezia, katalogo eta guzti, Arrantzaleen Museoko erakusketa aretoan ikusgai egongo dana.
Benito Barruetaren obrak (marrazkiak) bertatik bertara ezagutzea, orain arte inoiz erakutsi ez diranak eta etxeetan sakabanatuta egozanak ezagutzeko aukerea egongo da. Erakusketea aprobetxau dabe margolariaren irudian eta bizi izan zituan egoera historiko eta artistikoetan sakontzeko. Jai giroan Nestor Basterretxean inaugurauko dabe erakusketea irailaren 7an, zeozelan 75 urte horreetan egindakoak gogoratu eta ospatzeko.
Ganerakoan Madalen Egunak Bemiotik Izarora eta handik Mundakara eta bueltako gorabeherak eskatu deutsaguz baina aurtengo teilea Rosa Mari Gabantxok, Benito Barrueta Alkarteko artisteak pintau dauela jakinda makinatxu bat arrazoi beragaz berba egiteko
Eta ez dogu ahaztuko Hilario Aurtenetxe Mentxakari omenaldi edo autortzea egin deutsola Bermeoko Udalak 40 urte bete ditualako Madalen Egunean, Izaro ugartean, Bermeoko banderea eta ikurrinea jasoten.
Ekin deiotsagun barriketaldiari, 75 urteko bidean makinatxu bat kontu izango ditualako guri kontetako.
1.- Zorionak Rosa Mari aurten 75 urte egin ditualako Bermeoko Benito Barrueta Alkarteak. Pozez zoratzen egongo zara?
Jakina. Urte horreetan guztietan egindako lana autortu egin deuskue eta pozarren gagoz. Alkartasunien ospatuz leloa daroan teileak alkartasuna aldarrikatzen dau. Alkateak berak be esan dau berba bi horreek belaunaldiz belaunaldi jasotako ondarea dirala, Bermeo ulertzeko modu bat islatzen dabe: alkarregaz ospatzea, alkarri eustea eta herria guztion artean eregiten jarraitzea.
2.- Bermeoko lau alkarteren urteurrenak bete dira aurten. Kasualidadea baina holan suertau da. Zaharrenak zeuok zarie...
Bai. Zaharrena geurea, izan be, Benito Barrueta Arte Alkarteak 75 urte egin ditu baina hor dagoz Bermeoko Erraldoien Konparsea, 20 urte bete ditue aurten baina Alkartasuna Dantza Taldeak 50 egin ditu eta Bermeoko Abebatzak 70.
Gure kasuan, erakusketa bat atontzen gabiz Benito Barrueta margolariaren marrazkiakaz haren jaiotzearen 150. urteurrena atxakian. Horretarako, sekula erakutsi ez diran Benitoren marrazkiak batzen gustora gabiz, 300etik gora hartu doguz eta datorren urteko apirilerako atontzen gabiz erakusketa berezia, katalogo eta guzti, Arrantzaleen Museoko erakusketa aretoan ikusgai egongo dana.
3.- Madalen Eguna berezia izaten da bermeotarrentzat baina zeuk enkargu berezia izan dozu aurten, uretara botateko teilea pintetakoa. Bermeoko Udalaren enkargua izan zan, ezta?
Gustora hartu neban proposamena. Lau taldeak batzea otu jakun eta danok pozik geratu garelakoan nago. Teileak leku mugatua dauka baina lehenengo zirriborroak egin eta ondoren hasi nintzan pintetan, akrilikoa erabiltea pentsau neban eta politto geratu dala esango neuke, neuk esatea ondo ez badago be [Barreka].
4.- Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak esaldia erabilten da beti, teilea uretara bota aurretik. Teilea pintau ostean, momentu berezia izan da zuretzako?
Bai edo. Gogoangarria. Aitatutako lau taldeotako ordezkariok udal korporazinoagaz batera joan ginan itsasontzian, Madalen Eguneko protokoloa bertatik bertara biziteko eta esperiantzia ederra izan zan.
5.- Urte horeetan guztietan (75) erakusketak, pintura txapelketak, film laburen proiekzinoak, musikea, astegoien kulturalak eta ibilaldiak be egiten dozuez...
Oso ondo ibilten gara, pozik. Urteak joan badira be, nabarmenduko neuke Bilboko Arte Eder Museoan be Benito Barroetaren lanak ikusi izan dirala. Benito Barruetaren autoerretratua 1905ekoa da, gitxi gorabehera, eta haren estiloan eta konposizinoan agirikoa da Velazquezi egindako omenaldia. Museoak lehendik izan dau bermeotarraren beste autoerretratu bat, baina askoz barriagoa, 1940ko hamarkadakoa. Euskal erretratugilerik nabarmenenetako bat dan Barruetaren bildumea osotu dau, beraz, Arte Eder Museoak.
Eta nabarmenduko neuke Bermeoko Arrantzaleen Museoan be Benito Barruetari buruzko erakusketa bat izan zala Barrueta paper gainean.
6.- Azken 40 urteotan, urtez urte, Izarora joan da Madalen Egunean, alkateak teilea itsasora jaurti aurretik, Bermeoko banderea eta ikurriña jasoteko ardurea hartuz, urteotan erakutsitako konpromisoa, fideltasuna eta herriagazko maitasuna eskertzeko, udalak oroigarri bat emon deutso Hilario Aurtenetxeri...
Mereziduta. Beste herri batzuetan be Madalenak badagozan arren, Bermeokoa sano berezia da, bermeotarrok barruan daroaguna, konpromisoa, nortasuna, maitasuna, alkartasuna eta laguntasuna lako baloreak sentiduten doguz eta Hilario Aurtenetxek be horreek danak sentiduko ditualakoan nago.
7.- Benito Barrueta Arte Alkartean zenbat lagun zarie gaur egun?
Ehun da piku, 130-10 edo gara eta gazteak be badabiz.
8.- Gaur egun zertan zabizie?
Artearen munduan beti dago zeregina. Eskolak emoten doguz, tailerrak be bai, erakusketak atontzen be ibilten gara eta normalean ibilalditxu bat be egiten dogu museoak ikusi, leku bakotxean zer dagoan eta holakoetan disfrutau bai baina hor zehar jentea zertan dabilen ikustea be gustetan jaku.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
