Borja Crespo: 'komikigileen elitea Getxon izango dogu'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-10-13 07:30   Barriketan

Borja Crespo.

Borja Crespo diziplina anitzeko artistea da, Tracking Bilbaon parte-hartzaile, zinegilea, zuzendaria, film laburrak,  luzeak, dokumentalak, bideoak, plublizidaderako iragarkiak, errealizadorea, produktorea da eta, komisario lanei be ez deutse uko egiten eta, esangura horretan, holako zereginak izango ditu Getxoko Komiki Azokako komisarioa baita eta, beraz, Azoka horretan jarriko dogu arretea.


1.- Azokearen 24. edizinoa jatorku eta Miguelanxo Prado eta Laureano Domínguez omenduko
 dituzue. Pradoren ibilbidea ikusgarria da. Zer kontauko deuskuzu galiziar unibersal
honetaz?

Prado eskarmentu handiko egilea da, eredutzat hartu geinkena: album barri bat argitaratzen dauen bakotxean, zale gehigo erakarten jarraitzen du. Bere talentua nazinoartekoa da; hainbat
herrialdetan argitaratu dau, eta beste esparru batzuetan be ibili da, zineman, esaterako.
Ilustratzaile lanak be egin ditu eta bikain egin bere, baita A Coruñako Komiki Azokearen (Viñetas
desde O Atlántico) zuzendaritzan egindako ibilbidea be. 

Galiziako eta Espainiako komikigile ezagunenetako bat da, nazinoarteko ibilbide zabalekoa. 1984, Cimoc eta El Jueves aldizkarietan lehen lanak argitaratu ondoren, bibliografia oparoa osotu dau, besteak beste, Fragmentos de la Enciclopedia Délfica, Trazo de tiza, De Profundis eta Ardalén lanak nabarmentzen dira. Azken horri esker, Komikiaren Sari Nazionala jaso eban 2013an. 2003an, The Sandman serie ospetsuko Endless Nights bilduma kolektiboan parte hartu eta The Heart of a Star kontakizuna ilustrau eban.

Nabarmentzekoa da Quotidianía Delirante (1988-1990) saila. Gizarte-satira eta ohitura-absturdismoa buztartzen dituan lan horrek egile galiziarra Europako argitalpen-sektorean sendotzea ekarri eban. 

2.- 20 album egin ditu, 14 hizkuntzatara itzuliak, eta mundu osoan ezaguna…

Holan da, bai, ez deutso lan egiteari ixten eta, maila handikoa da. Komiki ederrak egiten maisua da eta itzultzaile ona da, oso estimatua

3.- Laureano Domínguez Astiberriko editorea da gaur egun, baina aurretik beste esparru
batzuetan be lan egin dau. Zeintzutan?

Ibilbide luzekoa da komikiaren edizinoaren eta dibulgazinoaren arloan. Norma eta Ediciones B lako argitaletxeetan lan egin ondoren, 2003an Astiberrin hasi zan eta ordutik editore eta argitaletxeko kide bezela dabil. Urte honeetan guztietan, nobela grafikoa eta komikia adierazpide artistiko eta literario lez sendotzen lagundu daben hainbat egile eta lan argitaratzen parte hartu dau. Haren jarduera profesionala dibulgazino-lan inportante bategaz osotu dau: prensa eta aldizkari espezializatuetan kolaboratzaile baita eta sektoreagaz lotutako topaketa eta jardueretan parte hartuz.

Gainera, beste argitaletxe batzuetan bere editore izan da, baita Bartzelonan
egoitzea daben multinazionaletan be, dibulgatzaile ona da eta, horren erakusgarri hainbat artikulu argitaratu ditu El Correo egunkarian, esaterako. Komikiaren ezagutza oso zabala du, haren joera eta adierazpide
guztietan, eta metatutako esperientzia apartekoa da.

4.- Teresa Valero ezaguna da Contrapaso lanaren egilea izateagatik; Juan Díaz Canales
Komikiaren Sari Nazionala irabazitakoa da; eta Juanjo Guarnido Blacksad sailaren sortzailea. Baina
gonbidatu asko dagoz, zerrendea luzea da, baina besteren bat nabarmenduko zeunke?

Azokeak bineten arloko hainbat artista nabarmen batuko ditu, besteak beste, Lorenzo Montatore, lan surrealista eta koloretsuaren egilea, La mentira por delante lako lanen sortzailea; Tomás Hijo, fantasia, bildurra eta folklorean espezializautako ilustratzaile eta grabatzailea, Guillermo del Torogaz egindako kolaborazinoakaitik ezaguna; Clara eta Olivia Cábez ahiztak, Madrilgo rock undergroundaren belaunaldi-erretratu berezia dan Cols lanaren egileak; Laurielle, webkomikiaren eta umorezko fantasiaren erreferentea eta Por siempre jamás lanaren sortzailea; Miguel Brieva, satira grafikoaren eta gizarte-kritikearen ordezkari nabarmena, Dinero bezalako lanakaz.

Nuria Tamarit be Getxon izango da, kartelaren egile bikaina.

5.- Getxo komikiaren erreferente edo gune nagusi bihurtuko da, ikastetxeetako ikasle eta
baita profesionalentzako be makinatxu bat jarduera izango diralarik...

24. edizinoa da aurtengoa, data esanguratsua,  irakurleak, zaleak pozik dagoz eta geu be bardin antzean. Getxo aspalditik da erreferentea ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu zabalean be. Jakina, txikienak jagon behar dira, biharko irakurleak baitira; horregaitik hainbat tailer izango dira eurentzat.

6.- Hitzaldiak, tailerrak eta mundu honetan sartzen dabizenentzat saio bereziak izango dira, bestela beste, Astiberri, Harriet eta Fandogamia. Nork eskainiko dau masterclass-a?

Hiru argitaletxek azalduko deutse interesa dabenei zelan aurkeztu obra bat behar bezela, argitaratzeko aukerea izan deien. Trikimailuak eta aholkuak emongo ditue esparru profesionalera sartzeko.

7.- Bildumak eta obra bereziak eskainiko dira Areetako Geltokia Plazan. Bateren bat hartzekotan zein eroango zeunke extra?

[Barrera] Danak ezin diralako eroan baina Areto, Nagusian aurkeztuko diran nobedadeak gomendatuko neukez. Adi egon horreei, di-da eroango dituelako...

8.- Azokako kartela Núria Tamaritek egin dau, saritua eta aitortua dan
ilustratzaileak...

Holan da... Getxoko Komiki Azokearen historian ohikoa dan lez , kartela originala, koloretsua eta deigarria
izatea nahitaezkotzat joten da eta aurten pozarren gagoz emoitzeagaz. [Barrera] Harro gagoz, kartelik onenak dituan jaialdia garelako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu