Amets Aznarez: 'Celestinoren rap girokoa be badakar 'XX' diskoak'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-10-19 07:36   Barriketan

Broken Brothers Brass Band taldeak 20 urte bete ditu eta XX izenburuko disko bikotxa plazaratu dau ospatzeko. Lana datorren urriaren 15ean argitaratu da. Diskoa talde bezela egindako bideari eta taldearen nortasuna jasoten ditu. Inprobisazinoa, kolektibidadea eta komunidadea baitira musika honen hazurdurea.

XX izeneko diskoa taldearen orain arteko konposizio-lanik kolektiboena da. Kantu eta doinuetan inoiz baino taldekide gehiagok hartu dabe parte eta inprobisazinoa olgetea izan da.

1.- Zorionak 20 urteko ibilibide emonkorragaitik. Hogei urte herriko plazatan emotea ez da erreza. Zein izan da botikea horrenbeste denpora hor egoteko, beti martxan, beti aktibo?

[Barreka] Zelan ez, geldi eta gora adi egotea ez da ona, akaso, deskantsetako... Botika magikorik ez dago baina gu talde potoloa gara, hasierako hiru edo hor dabiz, Jon Celestino, Jon Uribetxeberria eta Alfonso Areta; kontua da ze taldekideen joan-etorriak eta beti izan doguzala baina positiboa be izan daiteke mobimentu hori, hortik eta hemendik beti ikasten dozulako harek esan dauelako edo zuk zeuk ikusi dozulako.

2.- Ez dakianarentzat Broken Brothers Brass Band Iruñeko taldea da, 15-16 taldekide edo dituana. Oholtzan danak sartzea ez da erraza izango baina zorionez, kalean hara eta hona dabilen taldea zarie..

Oholtzatan gitxi ibilten gara, kalerik kale ibiltea gustetan jaku, 15-16 lagun areto zarratuan sartzea ez da erraza eta jentea jantzan jarri gura badogu jarlekuan jentea etenbako mobimentuan ikustea be ez da txarra; baina estaldutako edo aterpean be egingo doguz XX disko bikotxa aurkezteko kontzertuak, taberna, areto eta holakoetan be ibiliko gara. 

Hogei urteko ibilbidean, taldeak soul, funk, rap ikutua, jazzaren eta herri-musikearen eraginak eta zuzenekoen energia buztartzen doguz. Joan-etorriak gorabehera taldeak bere helburu nagusi biak bete ditu: New Orleans-go Brass Band errepertorioan doinu propio bat sartzea (Miguelon) eta Borrianako Maig di Gras jaialdian urtero jotea...

3.- Diskoaren sorkuntzea ez da prozesu zarratua izan. Kalean urte askoan joteak eta zuzenekoetan gauza barriak probetan ibilteak gauza ederrak agertzen dira. Zelakoa da kantu barriak sortzeko zuon prozesua?

Gure berezitasuna da inprobisazinoa eta horixe apliketan dogu zuzenekoetan, diskoaren grabazinoan eta holakoetan. Saio edo aproba berezirik ez dogu egiten baina zuhur ibilten gara, idea barriak edonondik ataraten eta gero hori kalean erabilteko. Nahasi-mahasia emoten dau baina prozesu horretan dago sorkuntza prozesua. 

Lehen Jon Celestinok egiten eban zeozelan konposinino lana baina gaur egun kolektibidadeari eusten deutsagu eta pozik gabiz.  

4.- New Orleanseko musika-tradizionala dozue eredu baina berbak, letrak nork sortzen ditu? Badozue talderik, beren-beregi jarraitzen dozuenik?

Rap giroko bi dagoz, Durangoko Pellok eginikoa da bat eta Jon Celestinok egindako beste bat be badago, Ihintza Iriartek be badauka berea baina gehienak danon artean sortutakoak dira.

Disko bikotxean euskal tradizinoaren, kalejirearen eta New Orleanseko musika-tradizinoaren arteko alkarguneak agiri dira baina Rebirth Brass Band, Big 6 Brass Band, Dirty Dozen Brass Band eta Hot 8 Brass Band nabarmendu neikez baina askoz gehigo dagoz. 

5.- Second line, musika bandearen atzean beti dagoan espontaneoen taldea da bigarren lerroa eta, oso oker ez bagagoz, omenaldi berezia egin deutsazue XX lanean. Zeintzuk dira berezitasunak?

Disko bikotxa eginda dago eta nahi barik edo subertau jaku gura izan dogun guztia sartzea. Disko kolektiboa da, danon artean egindakoa eta oso harro gagoz.

Ganerakoan publikoaren ekarpena be nahitaezkoa izan da, beti hartzen dozulako zeozer baliotsua, gero segurutik buelta batzuk emonda agertuko bada be.

6.- Orain egun batzuk Iruñeko Laban aurkeztu zenduen XX baina badatoz beste hitzordu batzuk be: urriaren 30ean, Bilbon, Kalderapekon eta zemendiaren 20an, barriz, Gasteizko Jimmy Jazz Aretoan, Raimundo el Canastero entzutetsuagaz.

Urriaren 17an, Laban eskainitakoa ikaragarria izan zan baina ez ahaztu, 30ean, Bilboko Kalderapekon be izango gara eta boloaren ondoren, kalerik kale Bira Kulturgunera joateko eserantzea dogu;  zemendiaren 20an, barriz, Gasteizeko Jimmy Jazz Aretoan eskainiko dogu gurea, Raimundo el Canasterogaz eta gogoan izan gutako bik hor parte hartzen dogulako... 


7.- Igaz Navarra Arenan jo zenduen FMuguruzaren mundu mailako birearen amaieran. Zelako esperientzia izan zan?

Egundokoa. Han ikusi, ikasi eta konpartidutakoagaitik eta guretzat eredu dan Fermin Muguruzaren inguruan ibiltea sekulakoa izan zan. Etxean, Iruñean izan zan, gure jaioterrian eta hunkituta alde egin neban handik. 

8.- Donostiako Zinemaldia tarteko, aurten be ibili zarie kaleak alaitzen Fermin Muguruzaren FM40 Tourrarean barruan...

Bai. Esperientzia ederra. Bigarren pelikularako, Nikaragua Sandinista horretarako be Broken Brothers Brass Band eta Jazpanagaz bersino berezia egin genduan eta aurten kaleetan joten, alboan Fermin Muguruza be hor ebilela jakinda eta besarkadea emoteko aukerea be izan neban. Zoragarria.

9.- Kontuak kontu, lehen aurrerapena, Naranja y canela, dagoeneko eskuragarri dago binilo edizino berezi batean eta bigarren singlea, Hasiera bat, barriz, formatu digitalean entzun daiteke. Zaleak diskoaren zain dagoz...

Urriaren 15ean plazaratu genduan diskoa. Kontzertuetan salgai egongo da eta, beraz, gura dauenak hor izango dau aukerea. Iruñeko Katakrak Liburuak dendan be erosi zeinkie eta sare sozialetan be egongo da aukerea.

10.- Buruan bueltaka zer daukazue orain?

XX disko bikotxa zabaltzen jarraituko dogu, hori da gure ilusinoa baina orain artekoari eustea eta kaleak astintzen jarraitzea baztertu barik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu