Jon Fresco: 'Naiel eta bion kontua izan da diskoa'.
2026-11-23 07:39 BarriketanInprobisazinoan oinarrituriko lana da Ondartzape, Jon Fesco AMA3. Zortzi kantu, popa, rocka, folka, filmetako soinu-banda eta psikodelia buztartuz, estudioan ez eze oholtzan be eskaintzeko sortu ditue zortzi konposizino.
Jon Fresco Mundakako bateria-jole ezaguna da. Ken Zazpiko kidea izan zan taldea 1996an sortu zanetik 2016an desagertu zan arte. Ken Zazpin ez eze beste hamaika proiektutan be parte hartu dau Jon Frescok, besteak beste, Gatibu, Seiren, Sei Urte, Gozategi edota Javier Corcobado. Gaur egun, Montanako bateria-jolea da. Bilboko indie-rock talde emergentea da Montana, Rafa Sardinak produzidutakoa.
Naiel Ibarrola musikaria, ilustratzailea eta ikus-entzunezko artistea da. BBC3n, British Film Instituten, Cuadernos de Jazz aldizkari ospetsuan, El Norte de Castilla eta beste hainbat mediotan lan egin dau. Manolo Kabezabolo eta Muerte en Amara dokumentaletan animazino lanak egin ditu, baita Troyka talde britainiarraren Arcades bideoklipa be. Bere ikus-entzunezkoak euskal antzerki konpainia nagusien hainbat lanetan txertatu dira. Konpositore lanak be egin ditu En busca de la ciudad perdida, Manolo Kabezabolo, Muerte en Amara, Sumario 3/94 eta hainbat dokumentalen soinu-bandak sortu ditu.
Diskoa grabetako nahiz zuzenean egingo dituan aurkezpenetarako, laukotea osotu dabe, Ekain Alzola eta Aingeru Torregaz batera.
Diskoa plazan dago eta goi mailako kolabotzaileak erakarri ditue, besteak beste, Jean Mari Ecay, Ivan Allue (Txistuman), Naroa Gainza, Eñaut Elorrieta, Alex Sardui eta José Luis Esteban.
1.- Nondik nora ibili da Jon Fresco azken urteotan?
Hara eta hona. Kolaborazinoak egin ditut Gernikako eta Bilboko talde batzuetan eta berebereakaz be ibili naz baina orain momentuan Ekain Alzola eta biok Montana taldean gabiz eta Exkixu taldea babatorrenez, hor be endredetan, bateria joten be banabil, pentsaizu urtebete eta erdiko prozesua izan da Ondartzape eta zorionez lortu dogu grabetea Elkar etxean.
2.- Naiel Ibarrolagaz ibili zara eta, antza, oso ondo konpondu zarie...
Zer esanik ez. Naiel oinarrizko lagun handia eta lankidea da niretzako. Antzerkirako lan egin izan dogu, Bilboko Aste Nagusiaren bueltan, Yo soy Pichichi horren hiru denporaldi egin genduzan eta dokumentaletarako musikak eta sortu doguz. Naielek bateriak edo perkusinoak behar izan baditu beti egon naz prest laguntzeko eta diskoaren idea danak Naielenak izan dira. Beste inogaz ezin izango neban diskoa argitaratu, pianista handia da eta horretan be lagundu deust. Bion kontua izan da diskoa eta berak egin ditu diskoaren azalaren irudia eta diseinua.
3.- Zein da Ama proiektuaren esentzia?
Bion arteko lankidetzea AMA proiektuagaz hasi zan, partitura bisualetan oinarritutako inprobisazino librea abiburu dauen horregaz. 2016tik gabiz alkarlanean Naiel Ibarrolak hainbat film luze dokumentaletarako sortutako soinu-bandetan eta holakoetan. Bidea zabaldu jakun eta hor pentsau genduan egiten edo sortzen genduan guztia Ama horregaz plazaratzea eta horrek ekarri dau inprobizazinorako gustoa. Urteetan istorioak inprobisazinoaren bidez kontetako modu propioa landu ondoren, piezok beste musikari batzuekaz olgetako gogotik sortu dira.
Lankidetza urte honeetan guztietan, kontzeptu erritmikoari ekiten deutsat eta Naiel Ibarrolaren harmoniak oso modu berezian buztartu doguz. Horri esker sortu doguz alkarregaz lan hau osotzen daben 8 piezak.
4.- Azkenean, laukotea sortu eta aurrera. Musikari trebeak, esperientzia handikoak. Nortzuk dira?
Zuzenekoetarako eta diskoa grabetako jente gehigo behar genduala jaubetu eta Ekain Alzola eta Aingeru Torregaz saxofonistea batera osotu genduan laukotea. Ekain Alzola Gatibu taldeko bajistea izandakoa; eta Aingeru Torre nire lagun handia, bermeotarra, jazz munduan dabilena, saxofonista bikaina, gaur egun jazz eta musika modernoaren irakaskuntza espezializatua buztartzen dituana hainbat proiektutan.
5.- Kolaboratzaileak be ez dira edozelakoak. Besteak beste, José Luis Esteban aktoreak Marte eta Plutón konposizinoaren sarrerea errezitau dau...
Bai. José Luis Esteban aktoreak Marte eta Plutón konposizinoaren sarrerea errezitau dau; konposizino horretan Gatibuko Alex Sarduy eta Naroa Gainzaren ahotsak be entzuten dira eta Jean Mari Ecay gitarristeak sartu ditu.
Eta esan behar deutsut hori testua neuk idatzitakoa dala gaztelaniaz, sormen prozesua berezia izan zan ze badakizu antzerkia, dokumentalak eta holakoak daukaguz beti buruan eta proponidu neutsonean ezelako duda barik hartu eban konpromisoa.
6.- Jen Mari Ecay gitarristea be deigarria begitandu jaku, Itoiz, Orquesta Mondragón eta beste talde batzuetan ibilitakoa...
Profesionala. Itoiz taldean urte batzuk egin zituan baina Orquesta Mondragon eta beste talde batzuetan be ibili da. Eta guretzako ohorea izan da Ondartzape kantuan gitarrea jotea.
Bitxia izan zan, Musika Eskolatik bueltan nentorrela, telefonoak jo, begitu eta Frantziako kodea ekarrenez, Ecay da, pentsau neban eta benetan Jean Marie izan zan; Ken Zazpiko sasoietatik eta ezagutzen neban baina ilusinoa egin eustan; berak esan euskun Euskal Herriko musikearen indarra eta ezagutzen zituala eta gustora esan euskun arazo barik geure diskoan gitarrea joteko prest egoala. Zapatuan jarri genduan hitzordua eta ordubete eta erdian egin genduzan egin beharreko guztiak.
7.- Kolaboratzaileakaz jarraituz, inguruetako gitarristak, Naroa Gainza, Txistuman be ezin ahaztu...
Bai horixe. Gitarristak Eñaut Elorrieta, diskoan Badakit kantuaren bersinoa egin dauena, Haimar Arejita (Gatibu) eta Beñat Serna (Ken Zazpi) nabarmenduko deutsudaz baina Alex Sardui be hor ibili da ahotsak eta sartzen Naroa Gainzagaz; eta Ainhoa Gozategi panderojolea be ezin ahaztu. Lamiak eta Emaginak konposizinoetan emakumezko ahotsen parte-hartze zabala izan da.
Ivan Allue Txistuman be sekulakoa da, maisua. Txirulea, txistua, flautak, txun-txune eta haize musika tresnak joten apartekoa da, benetako artistea da, magia sortzen dau eta proponidu geuntsanean geugaz parte hartzeko baietz esan euskun.
8.- Pieza berezia be nabarmenduko neuke, 4 bateria-jotzailek parte hartzen baitozue: Ekain Elorza berriztarra (Morgan, Seiurte), Borja Barrueta (jazz munduan oso baterista ezaguna, besteak beste, Carmen Paris eta Jorge Drexlerregaz lan egin dauena), Rufo Urbina (Mikel Erentxun, Alex Ubago) eta zu zeu...
[Barreka]. Nire idea, xelebrekeria edo dana dalakoa izan da. Bateren batek esango dau, hau da hau handiustea edo harropuzkeria baina ez, gogoa neukan holako gauza bategiteko eta polito geratu dala pentsetan dot. Idea izatea ondo dago baina gauzatzea ez da erraza izaten; nire maisu izandako Rufo Urbinari, Borja Barruetari eta deitu eta Ekain Elorzari deitu neutsen eta batek be ez eustan ezetzik emon. Bakotxak pare bat minutu eta erdi edo izango zituala eta, azkenean ia-ia 12 minutuko piezea da.
Dana dala, Ekain Elorza, Borja Barrueta, Rufo Urbina eta neu. Lan instrumentala bada be, hainbat konposizinotan ahotsa erabilten da, batzuetan tresna gehigarri bezela, besteetan modu tradizionalagoan.
9.- Zu zeu Señeak Bizkaia Rock Kanpuseko irakaslea zara baina ez daigun ahaztu Ken Zazpiko kidea izan zinan taldea 1996an sortu zanetik 2016an desagertu zan arte baina beste hamaika proiektutan be parte hartu dozu, besteak beste, Gatibu, Seiren, Sei Urte, Gozategi edota Javier Corcobado. Gaur egun, Montanako bateria-jolea zara. Ez dakizu geldi egoten…
[Barreka]... Neure amak be bardin esaten deust baina hau da nire gustoa, ez dakit geldi egoten. Suertea da, gustoko lanean aldatzik ez dakar esaera zaharrak eta holantxik da. Emozionauta nago, zeugaz berbetan, gauza asko buruan bueltaka baina hau da nire bizimodua, lujo handia. Pozarren nago.
10.- Kontzertuak be iragarri dozuez: Lehenengoa Gernikan, abenduaren 12an baina Abenduaren 17an, Mundakan, Mundakako BC entzutetsuan. eta Abenduaren 19an, Bermeoko Kafe Antzokian. Duangoko Azokan?
Bai. Durangoko Azokan egongo gara jenteagaz, zaleakaz eta egoteko, gura dituen galderei eta erantzuten. Diskoa erosteko aukerea egongo da.
Baina Gernikakoa sekulakoa izango da Kult Parnasoa alkartekoek esan eustien, zelan ez ba, alfonbra gorria be ipiniko deutsuegu Jon Fresco eta lagunei harrerea egiteko [Barreka]. Formato handiko kontzertua izango da.
Abenduaren 17an, Mundakan, Mundakako BC entzutetsuan aurkezpen txikia eta pare bat kantu edo joko doguz eta 19an, barriz, Bermeoko Kafe Antzokina egingo dogu aurkezpena.
Eta ezustekorik ez bada, Exkizugaz ditudan aprobak gorabehera, Gabonak pasauta barriro ekingo deutsagu eta Bilbon, Donostian, Gasteizen eta joteko amesa dogu, sorpresatxuak be egongo dira.
Zuzenekoetarako aprobak egin izan doguz eta nahikoa solte joan zan dana, pozik gagoz eta zuzenekoakaz hasteko prest.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
