Maddi Etxebarria: 'euskereak be lekua hartu leike Aldimen Artifizialaren aroan'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-11-02 08:00   Barriketan

Elhuyar Fundazinoaren patronatuak aho batez izentau barri dau Maddi Etxebarria Bilbao Elhuyarreko koordinatzaile nagusi. Jon Abril Olaetxearen lekukoa hartu dau Etxebarriak, harek, ezbehar bat tarteko, kargua ixtea erabaki baitau.

Maddi Etxebarria Bilbao, 1971n Gernikan jaioa, Komunikazino Zientzietan lizentziaduna da (EHU). 1999tik, Elhuyarren dabil lanean: azken urteetan, euskerearen arloko aholkularitzako teknikari-lanetan eta, aurretik,
koordinazino-lanetan. Zuzendaritzako kidea be izan da.

Elhuyarreko koordinatzaile nagusi barriak pozik emon deuskuz azalpen guztiak.

1.- Jon Abril Olaetxearen lekukoa hartu dozu, ezbehar bat tarteko, kargua ixtea erabagi baitau. Barruntetan zenduan ala golpera subertautako gauzea izan da?

Barruko karguak, gune bakotxaren ardurak eta holakoak aukeratzeko behetik gora egiten dogu beti, baita koordinatzaile nagusi izateko proposamenak be taldelanean egiten doguz. Arlo bakotxak proposamenak aurkezten ditu eta aurrerago hautaketa batzordeak hartzen dau erabagia, boto gehien jaso dituenen profilak balorau ondoren. Bat aukeratzea ez ei da erraza izan, barruko jentea, urteak daroazana eta egon diralako. 

2.- Elhuyarreko kidea zara 1999tik. Azken urteotan, euskerearen arloko aholkularitzako teknikari zein koordinazino-lanetan ibili zara. Lehengotik oraingora salto handia ete da? Izentapenaren barri izan osteko egunean zer egin zenduan?

Azkenengo lau urteak proiektuak lantzen eta ibili naz enpresa eta soziedade publikoetan eta, jakina, zereginak aldatu egin jataz, erakunde osoari begira egotea egokitu jat eta badakit begirada zabal horrek esangura berezia dauela, horizontalean ibili naz, bospasei proiektutan ibili naz baina hemetik aurrera barrura zein kanpora begirako ardurak izango ditut.

Ganerakoan, izentapenaren ondorengo egunean, zorionak emoteko bialdutako makinatxu bat mezu eta dei izan nituan eta lankide bigaz egon nintzan industriaren euskal alkargune baten inguruko proiektu bat atontzeko. Egun normala izan zan eta Gernikako Urriko Azken Azokara joateko be izan neban astia, atara kontuak [Barreka]. 

3.- Gernikarra zaitugu, euskalduna, bizkaieraduna eta euskerea lan-munduan txertatzeko gaiei buruz egin izan dozuz berbaldiak…

Bai. Arlo publikoan zein pribatuan badago lana eta gustora nabil, hori da gure erronketako bat; euskerea ardatz hartuta gizarte kritiko, aktibo eta bardinzaleagoa eregitea lan polita da. Euskerea erdigunean jarri eta arlo eta sektore gehiagotara zabaltzeko eta euskerearen esperientzia beste hizkuntza gitxiagotu batzuetara zabaltzeko asmoz be bagabiz. 

4.- Irakasle be ibili zara EHUko Euskerearen jaubekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean: hizkuntzen kudeaketa aro globalean izeneko aditu-tituluan eta UEUk atondutako Euskera eta digitalidadea graduondokoan. Zelako jentea hurreratzen jatzue?

Hizkuntza teknologiak eta Adimen Artifiziala ulertzeko eta horrek zelako eragina izan leiken gizartean eta holakoetan jakingurea dabenetzako dago pentsauta.

Gaiaren harian, orain urte batzuk jaubetu ginan formazinoaren arloan zeozelako faltea egoala, euskerea eta digitalidadea graduondokoari jagokonez, hor ibilitakoak euskeraren normalkuntzearen arloan teknikari izateko lagunak izan dira.

5.- Euskerearen arloan, euskalgintzako hainbat erakundetan ordezkatu dozu Elhuyar, besteak beste, Euskalgintzearen Kontseiluko zuzendaritzan eta Soziolinguistika Klusterrean. Gustora ibili zara holakoetan? Zelakoa izan da zure ekarpena?

Asko ikasi dot. Elhutarrek arlo diferenteak ditu eta horreetako bat Aholkularitzakoa da; urte batzuk egin nituan hor eta horixe da abiaburua aitatu dozuzan erakunde eta holakoakaz hartu-emonetan ibilteko. Alkarlanean ibili ginan eta sano abersgarria izan zan. Ez ahaztu, Elhuyarrek erreferentzia izaten jarraitu nahi dau kultura zientifikoa euskeraz zabaltzen, zientziaren eta euskerearen arloko eragileakaz alkarlanean eta zientziaren eta gizartearen arteko zubi-lanetan.

6.- Euskerea ardatz hartuta gizarte kritiko, aktibo eta bardinzaleagoa eregitea da Elhuyarren asmoa. Baita zeurea be?

Bai. Elhuyarrek ohiko bideari jarraituko deutso eraldaketa soziala jomugan, personak eta komunidadea erdigunean jarriko ditu; askotariko eragileakaz alkarlanean jardungo dau, izan be, sinistuta gagoz, gizarteak gaur egun dituan erronken aurrean, ikuspegi kritikoa eta bardinzalea gero eta beharrezkoagoak dirala.


7.- Adimen artifizialaren aroan euskerea lehen mailan kokatzeko lanetan jarraitzea ei da asmoa. Erraza izango ete da hori?

Elhuyarren ikerketarako guneak bideratzen ditu itzultzaile automatikoa, adituentzako tresnak eta Adimen Artifiziala. Oso arin, bizkor doa baina pentsetan dot euskereak be lekua hartu leikela mundu horretan.

8.- Jan egingo ete gaitu Adimen Artifizialak?

[Barreka] Ez gaitezan izan pesimistak. Sarean edozein bilaketa egiten dogunean, di-da eskaintzen jakuz aukerak edo bideak eta hori, berez, positiboa da baina zuhur ibiltea komenidu da. Erabiltzaileak ikuspegi kritikoa izatea oso garrantzitsua da. Adimen artifizialaren aroan euskerea lehen mailan kokatzeko lanetan jarraituko dogu, arretea jarriz erabilera arduratsuan.

9.- Bihar-etzi zer?

Taldelana da gure botikea, alkarlana eta, esangura horretan, orain arte ibili garen bidetik jarraitzea da asmoa, norberak edo bakotxak besteak esandakoari eustea eta harek geuk esan doguzanak onartzea. Beti bere alkarreganako konfidantzea galdu barik.

Later berrogeita hamar urte beteko dituan erakundea da Elhuyar eta orain arte egindakoa gogoan hartu eta bide horretatik jarraitzea da asmoa baina eorriko jakuzan erronkei uko egin barik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu