Garbitxu: 'Saririk onena lana da'.
2026-07-06 07:50 BarriketanDeabru Beltzak kale antzerki taldeak 30 urte egin ditu eta hor dabiz hara eta hona bazterrrak astintzen, sua, piroteknia eta herritarren parte hartzea suspertzen. Upealako taldea, indar handikoa, hemen eta munduan, Frantzian sano entzutesuak dira baina Txilen be ibili dira eta 1966/2026 Tourrean buru-belarri dabiz.
Beroaldiarn erruz, bagilaren 23rako atondutako Su Bizia! bertan behera itxi behar izan eben Mungiako talde, alkarte, eskola eta mundu guztia inplikauta egon arren baina azkenean garagarrilaren 1ean egin eben eta danak pozik geratu ziran, sano momentu hunkigarriak bizi izan zituen herritarrek.
Horreek eta 30 urteotako ospakizunen ganekoak azaltzeko eskatu deutsagu Garbitxuri, Deabru Beltzak taldeko dramaturgia arduradunari eta gustora ibili gara barriketan.
1996an Euskal Herriko hainbat antzerki talde profesionaletako aktoreek sortua. Ordutik, 10 antzerki obra sortu ditue, 3.000 antzezpen baino gehiago, 80 ekitaldi berezi, 50 uriko ospakizunetan eta mundu osoko 35 antzerki konpainia baino gehiagogaz kolaborau dabe.
1.- Zorionak Deabru Beltzak (antzerki) taldeak 30 urte egin ditualako, egin dozuezalako plazarik plaza eta herririk herri. Zertan oinarritzen dozue herriotan eskainitako ikuskizuna?
Eskerrik asko. Ekin eta ekin ibiltea gustetan jaku eta oso oker ez banago 30 urteotan 10 antzerki obra sortu doguz, 3.000 antzezpen baino gehiago eta mundu osoko 35 antzerki konpainia baino gehiagogaz kolaborau dogu.
Ganerakoan, azken ekitaldiotan aratusteetan inspirautako Su talka darabigu, momotxorroak eta protagonista diralarik
2.- Bai gure herrietan baina kanpoan be bai, berbarako Txilen, Burgosen, Frantzian eta hor zehar. Leku horreetako herritarrek zelan hartzen zaitue?
Burgosen oraintsu izan gara eta ondo hartzen gaitue, jaien hasieran, jente asko hurbildu zan eta oso ondo pasau genduan; jenteak badaki 30 urte egin doguzala eta atxaki polita da hori jentea suspertzeko. Plaza ona da guretzako, azken ikuskizuna gehien programau dauen herria da.
Nazinoartean, Deabru Beltzak taldea sekulakoa da Frantzian, parekorik ez dauena eta hortik gora, jente beroa, fanatikoa dauena da Txile baina amaieran luzaroan ibilten gara sinadurakaz, jenteagaz berbetan eta hori ederra da baina askotan alde egiteko gogoa be izaten dogu...
3.- Sua, piroteknia, tanborrak, zaratea eta jentearen parte-hartzea dira zuon elementuak. Zuon lanetan zelan bideratzen dozue gidoia?
Kale antzerkia da gurea, berezia baina kaleko antzerkia, leku zarratuetan ezin dogulako sua, piroteknia eta burrunbaka ibili.
Gidoiarena be aitatu dozu eta pentsau ez arren, Deabru Beltzak taldeak ikuskizun guztiak idazten ditu eta, beraz, gidoi antzekoa erabilten dogu baina kalean ezinezkoa da zaratarik txikiena, umeen negarra edo barre-agarea, sirena hotsa, ezbeharrak eta holakoak kontroletea eta holako kasuetan badakigu zelan jokatu, inprobisau egin behar dozu eta anekdota moduan edo esango deutsut behin, Cabo Verden gengozala, ikuskizuna hasteko ordu erdi falta zala eta ez genduan ikusten ikuslerik inguruan, ordu lauren falta zala, bardin, ez zan inor ikusten, bost minu falta ziran eta hor be ez zan inor agiri eta atontzaileakaz bat egin eta esan euskuen trankil egoteko, kale nagusia zarratu eta apurka-apurka hasi ziran etorten, bakotxak bere jarlekua ekarren eta kale antzerki taldea izanik, atara kontuak zelako esperientzia bizi izan genduan...
4.- Su Talka (Max Sarietan hautagai izan zan aurten), Symfeuny eta Tambours de feu (lehenengo lana, 800 emonaldi baino gehiago) ala Su tanborrak ezagunak dira baina jenteak ez daki sarituak edo izan zariela...
Bai. 2019. urtean, gure obra erraldoienari Symfeuny obreari Max Saria emon eutsen eta, esan dozun lez, Su Talka Max Sarietan hautagai izan da aurten. Sariak, izentapenak egustora hartzen dira baina hor egotea be saritzat daukagu. Saririk onena lana da.
5.- Su Danborrak ikuskizunak benetako harrera izan eban...
Milatik gora lekutan eskaini dogu eta oso gustora gabiz, jentea ez da aspertzen [Barreka]. Pentsaizu badagoz talde batzuk 25 urtean sortutako lan danakaz ez diranak heldu kopuru horretara...
6.- Su Biziak! be aurkezten zabizie daborduko. Mungian, beroaldiak bertan behera itxi baina garagarrilaren 1ean eskaini zenduen. Herritarren erantzunagaz pozik?
Jakina. Herritarren inplikazinoa zoragarria izan da. Dakizunez, beroaldiaren erruz bertan behera geratu zan San Juan bezperan egiteko geunkan ikusizuna eta ordurako makinatxu bat talde, herri osoa egoan prest obreari ekiteko baina garagarrilaren 1ean be Bizkaiko Gaiteroak, Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolak, Gure Ametsa Txistulari Taldeak, Musika Eskolako trikitilariak eta Alaiak Mungiako Soinulari Alkartea be hurreratu jakuz, baita Taket Mungiako Bertso Eskolea, Zirkozaurre, Kalaka egurrezko olgetakaz, Dimegaz Janire Etxaberena... eta zelan ez gara pozik egongo.... Ikuskizuna ez da berratondutako ekitaldi bat izan, hasierako izaera eta helburuei eutsiko deutsen kultur ospakizuna baino: Mungia Bizkaiko kaleko arteen topagune bihurtzea, Deabru Beltzak-en 30 urteko ibilbidea ospatzea eta herriko kultura sarearen indarra erakustea.
7.- Zeintzuk dira Su Biziak! horren berezitasunak?
Aurretik esan deutsudazan horreen danen fusinoa izan da, ikusgarria, benetan. Gogoan izan sei hilabete inguru behar izaten dogula holako ikuskizun bat preparetako, 100 lagun edo hurreratu jakuz eta hori guztia kudeatzea gogorra baina ederra izan da. Herritarrak oso gogotsu ibili dira eta geuri be gustau egin jaku herri oso batek geugaz bat egin dauelako.
8.- Orain zer?
Frantzian egon gara astegoienean, Ales eta Sallboeuf herrietan, Eusko Jaularitzearen eta Etxepare Euskal Intitutuaren babesapean eta pozarren gagoz. Eta zehaztuko deutsut Bilbon, Kalealdian be izan ginala eta, ezustekorik ezean, Bermeon garagarrilaren 11n egongo gara.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
