La Glo Zirko: 'askatasun sentsazinoa sentiduten dozu airean'.
2026-09-28 07:50 BarriketanLa Glo Zirko, airean, horma zen arbola artean egindako akrobazia eta jantza bertikalaren artisten konpainia da, Gloria Peón Torre artista eta akrobata profesionalak zuzendutakoa.
Torrek beti buztartu ditu zirko eta jantza garaikideko ikasketak, baita jantza afrikar, afro-brasildarra eta beste estilo batzuk, trapezioko formakuntzan.
Brasilen, Cuban zein Bartzelonan ibili izan da, baita jantza garaikideko ikastaro askotan be Bizkaian, Begoña Krego edo Maialen Bilbao lako irakasleakaz. Eta Euskal Unibersidadeak atondutako jantza garaikideko hainbat monografikoetan parte hartu dau.
Airean, bertikalidadearen bueltako disziplinak ezagutzen eten barik dabil akrobazien munduan eta Euskal Herriko jantza bertikaleko lehenengo konpainia da.
Hogei urte bete barri ditue eta, beraz, makinatxu bat kontu ditugu jorratzeko.
1.- Zorionak eta urte askotarako. Gaur egun ikaragarria da jantzariak, akrobatak horma zein arbola eta holakoetatik, goitik behera jantzan ikustea. Orain 20 urte zelan hartzen zituen holakoak?
Urte batetik bestera asko aldatzen dira gauzak, arlo guztietan izaten dira gorabehereak eta gurean be zelan ez dira aldatuko giroa, herria, herritarrak, gizartea, arlo kulturala zein kirola. Egia da orain 20 urte gure akrobaziak eta airean, horma, arbola eta goitik behera bertikalean beherantz etorten ikusi eta ahoa zabalik geratzen ziran. Zer dala-ta, zelan okurridu jakuzan holakoak eta entzun behar izan genduzan baina gure ikuskizunak gusto handiz segiduten zituen eta ni neu zirkutik, akrobaziaren mundutik etorri arren oso gustora ekin neutsan airean jantzan egiteari. Askatasuna sentiduten dozu, gorputzaren barrutik jatortzun guztiari erreparetan deutsazu.
2.- Zer da airean jantzan egitea?
[Barreka]... Beti esaten dogu burutik jota gagozala. Baina espezialidade maitagarria da, lurrik ez dogu ikututen, pare bat metro inguruan edo ibilten gara eta horregaitik esaten jako airean ibiltea, jantzan edo akrobaziak egiten. Seguridadeari aparteko inportantzia emoten deutsagu eta eskalada eta holako munduetatik datozenak normalean errazago jasoten ditue oinarrizko lanak. Arnesa ondo jartea oinarrizkoa da eta altueran ibilteari ez jako bildurrik izan behar. Horretarako ikastaroak eta aprobak egiten doguz mundu honetan sartu gura dabenak trebatzen
3.- Zelako jentea hurreratzen jatzue?
Jente gaztea izaten da, eskaladearen mundutik datozenak be badira gurean eta ezustekoren bat edo beste izan dogu, informazino askorik barik datozenak eta holakoak.
Gaiaren harian, gero eta jente gehiago hurratzen jaku eta laster beste eskola bat zabaltzekotan gabiz San Inazio-Ibarrekolandan.
4.- Zein da jantza bertikalaren jatorria?
Pina Bausch (1940–2009) jantzari eta koreografo alemana, jantza-antzerki barritzaileenaren sortzailea eta ballet modernoaren jantzaririk onenetakoa izan daiteke, aurrendaritzat joten dabe askok. Eraikin bateko fatxan behera bajatuten lehenengoa izan zan eta horrek sekulako susperraldia ekarri eban.
5.- Irailaren erdialdean egin zenduezan IV. Dantza Bertikalaren Topaketak. Zelakoa izan da erantzuna?
Erantzuna sekulakoa izan da. La Glo Zirko eta Dantza konpainiak atondu dau Bilboko Udalagaz lankidetzan. Jantza bertikalaren eta arnes-jantzearen arloko semiprofesionalei eta profesionalei zuzendutako topaketa honetan, ikastaroak eta berbaldiak egon dira eta jantza bertikaleko piezen erakustaldia be eskaini genduan. Eta, zelan ez, parte-hartzaileen artean bizikidetza-momentu gogoangarriak sortu dira. Aurten, 30 parte-hartzaile izan doguz.
Laugarren urtea da La Glo Dantza Zirkoa konpainiak Dantza Bertikalaren Topaketea atontzen dauena, IV. Topaketea Bilboko Zirkualde programazinoaren barruan dago.
6.- Dantza Zirko Espazioa, Zirkozaurre, Zirko Txiki eta holakoak be ezin ahaztu...
Ikaragarria da egiten daben lana, egonaldi artistikoak, zirku tailerrak, ikastaroak eta topaketak be nabarmenduko neukez, topagune izateko sortu ziran eta hainbat jatorritako artisten arteko hartu-emonak errazteko eta sektorea sendotzeko, sareak eta zirkuituak sortzen laguntzeko tresna ezin hobeak dira.
7.- Janire Etxaberen Harrobi Dantza Bertikala ezagutuko dozu...
Jakina. Janire geugaz egon zan ikasten eta, oso oker ez banago, Max saria irabazi izan dau Kaleko Ikuskizun Onenari emondakoa eta Leioako Umore Azokan be irabazi izan dau sariren bat.
8.- Iker Galarzaren Gure Zirkua be eredu da. Badozue loturarik, batzen zarie?
Iker Galarzak danetarik egiten dau, ez daki geldi egoten. Artistea da. Euskal Zirku Alkartera batzen gara eta Euskal Zirku Elkartearen III. Topaketea Gure Zirkuaren karpan egin zan, atara kontuak.
9.- Jantza bertikalak eta zirkuak berak be izango dozuez aldarrikatzeko makinatxu bat gauza. Zertzuk?
Egia da. Gurea normalean ez da egiten antzoki zarratuetan eta, beraz, estreinuak eta holakoak atontzea ez da erraza. Montaketa teknikoa eta holakoak korapilatsuak dira eta programatzaileek ez gaitue gogoan hartzen. Hiruzpalau talde gabiz mundu honetan: Zinbulu Dantza Bertikala, Maitane Sarralde, Harrobi Dantza Bertikala, Zirkozaurre, Dantzaka Zirko Espazioa eta laguntzinoa be gustora hartuko geunke.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
