Joseba Attar: 'ardi moztea ofizioa da niretzako, ogibidea'

Koldo Isusi Zuazo 2026-09-14 07:40   Barriketan

Euskal Ardi Moztaileen Alkarteko burua da Joseba eta esan deuskunez, asmoa da urtez urte txapelketea Euskal Herriko leku ezbardinen egitea. Aurten, Nafarroan, Elizondon izango da ardi mozte lehiakorraren topagunea. Euskal Herri osoko moztaileei bertara hurbiltzeko deia egiten deutsagu, giro bikaina eta goi mailako ikuskizuna izango baita. Gaur egun, hazten dagoan moztaile familia bat gara. Nazinoarteko autortza ofiziala jaso dogu Euskal Herri osoaren izenean; alkartea sortu eta, lehiaketa ofiziala egin dogu, lehen aldiz izan gara Munduko Txapelketan, Euskal Herria ordezkatzen. Horrezaz gan, Munduko Kontseiluko kide be izentau gaitue.

Ardi moztaileok gazteon artean eredu izan nahi dogu. Sekulakoa da egiten gabizena, zabaldu jakuzan bide barriak. Hankak lurrean ditugu eta badakigu lan asko dagoala egiteko, baina bidea egiten gagoz eta horretan jarraitzeko amesa dogu, orain arteko filosofia beragaz: lana, pasinoa eta gozamena, nabarmendu dau Joseba Attardek.

Euskal Ardi Moztaileen Elkartea (EAME)

Euskal ardi mozketeari eta ardi-ulearen sektoreari ikusgarritasuna emoten deutso Euskal Herrian zein mundu mailan, ofizio eta kirol lez dauen balioa azpimarratuta. Munduko industriarik zaharrenetako bati merezidu dauen autortzea eta tokia emotea ditu helburu. Artzaintzea babesten dabe eta lehen sektorearen bultzatzaile dira.

Kontuak kontu, Nafarroan, Elizondon egingo da irailaren 19an, II. Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketea. 

1.- Abadiñon egindako lehenengo txapelketan Joseba Ugalde lezamarrak irabazi eban guraizez. Mugarri historikoa?

Duda barik. Abadiñon egin zan Euskal Ardi Moztaileen lehenengo Txapelketea, dimensino horretako ardi moztaile txapelketea. Historian lehen aldiz, Euskal Herriko moztaile txapeldun bat izan da. Munduko kontseiluak jarten dituan nazioarteko arauen araberako txapelketea izan da eta nazinoarteko 8-10 epailek ebaluau dabe moztaileen lana. Epaile nagusia Robbie Hislop eskoziarra izan da.

Ganerakoan, Euskal Herriko txapelduna Joseba Ugalde izan da guraizez, 2. Jon Sainte- Marie Landibarre; eta 3. Mikel Galvez eskoriatzarra. Mikel Etxebarria dimoztarra makinaz be hor dabil eta Ipar Arrinda lekeitiarra be nabamenduko neukez.

Nazinoarteko lehia Ingalaterrak irabazi eban, 2. Frantzia; eta 3. Gales. Senior kategorian, barriz, Ben Scottek (Irlanda) irabazi eban, 2. Julian Karl alemaniarra eta 3. Christopher Begley irlandarra; laugarren sailkatu zan Galvez (Euskal Herria).

2.- Nazinoarteko autortza ofiziala jaso, alkartea sortu, lehiaketa ofizial bat egin eta lehen aldiz izan zarie Munduko Txapelketan, Euskal Herria ordezkatzen. Mundu mailan zelako indarra dauka euskal selekzinoak, euskal moztaileek?

Bai. Nazinoarteko autortza ofiziala jasotea sekulakoa izan da, gero eta ezagunagoak gara munduan eta gure moztaileak politto dabiz. Autortze ofiziala jasotea oso inportantea izan da, ardi moztaileontzat ohorea gure herria ordezkatzea: gure baloreen, gure nortasunaren, gure identidadearen erakusleiho izatea.

Ganerakoan, gure ordezkariak ondo dabiz, nor garen erakusten gabiz eta txapelketetako sailkapenetan gero eta gorago egotea da asmoa.

3.- Euskal Ardi Moztaileen Alkartean zeu zara buru. Zeintzuk dira helburuak?

Helburua ardi mozketearen lehia sustatzeaz gan, EAMErentzat, artzaintzeari eta lehen sektoreari lotutako lanbide baten balioa eta ikusgarritasuna aldarrikatzeko be balioko dau. Euskal Herriak artzaintzan eta abeltzaintzan sustrai sakonak izan ditu eta ardimoztaileen lana ezinbestekoa da artaldeen kudeaketan. Halan da be, sarritan ikusezina dan jarduera bilakatu da eta, alkarteak, ekitaldi, erakustaldi zein txapelketen bitartez ikusgarritasuna emon gura deutso belaunaldi barriak erakarteko asmoz. Txapelketearen bidez ondare hori omentzea da asmoa.

Ardi mozketa lehiakorra indartu nahi dogu eta datozenei jarduera honen ateak edegi, Europako beste herrialde askotan egiten dabizen lez. Ardi-mozketea behar beharrezko lanbidea baita.

Alkartearen helburua Euskal Herriko Ardi Moztaileen proiektua Euskal Herri osora zabaltzea da, txapelketa ibiltaria izatea eta Euskal Herriko lurralde guztietan geldialdiak egiteko ahalegina egingo dogu.

4.- Elizondon, irailaren 19an, Euskal Herriko Txapelketea, nazinoarteko lehiaketea, artisau azokea; bertako produktuak, artile erakustaldiak… Besterik?

Elizondon dana dago prest, irailaren 19an da hitzordua, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara bikain pasetako modua egongo da. Igaz Abadiñon egindako lehenengo edizino historikoaren ondoren, txapelketeak Euskal Herrian zehar egingo dau aurrera, eta aurten Elizondoko (Nafarroa) Juanjo Atxa Mindegia frontoia izango da Euskal Herriko eta nazinoarteko ardi moztaileen topaleku.

Euskal Herriko txapelketaz gan nazinoen arteko lehiaketea jokatuko dabe Euskal Herriak, Alemaniak, Eskoziak, Espainiak, Frantziak, Galesek, Ingalaterrak eta Irlandak.

Teknikea, abiadea eta trebezia handiko ikuskizuna izango da, maila handiko 80 moztaile batuko ditu txapelketeak eta Nafarroatik etorritako 1.000 Latxa eta Rasa ardiri ulea moztuko deutsee: 60 makinaz (40 Open mailan eta 20 Senior mailan) eta 20 guraizez. Goizean egingo dira lehiaketak: 08:30etik 13:30era, Euskal Herriko Txapelketearen eta Nazinoartekoaren kanporaketak jokatuko dira, makina zein guraize modalidadeetan. Arratsaldean, 15:00etatik aurrera, final-erdiak eta finalak izango dira.

Jardunaldiaren amaieran jakingo dogu Euskal Herriko txapelduna eta nazinoarteko lehiaketako selekzino irabazlea nortzuk diran. Tartean, sorpresa txikiak be izango dira ikusleen gozamenerako...

Egun osoko egitaraua atondu dabe eta lagun artean zein familian gozetako aukera parebakoa eskainiko da: lehiak, artilezko erakustaldiak, bertako produktuak, artisau azokea eta beste hainbat ekitaldi.

Aurten barrikuntzea da Txapelketea zuzenean jarraitu ahal izango dala streaming bidez EAMEren Youtube kanalean eta lasterbidea be ipiniko da www.moztaileak.eus webgunean.

5.- Zeintzuk izango dira Elizondon jo ta su ibiliko diran euskal moztaileak?

Joseba Ugalde lezamarra, Mikel Galvez eskoriatzarra, Mikel Etxebarria dimoztarra, Ipar Arrinda lekeitiarra eta Janire Artabe dimoztarra be nabarmenduko neukez baina Euskal Herriko Ardi Moztaileen Alkarteak bere ibilbidearen autortza publikoa jaso eban oraintsu Bedaronan (Bizkaia) egindako ekitaldian. Ea, Bedarona eta Natxituko eragileek, Eako Udalak eta Bertoko Azoka taldeak bultzatutako omenaldiak balioan jarri dau alkarteak azken urteetan euskal mozketearen alde egindako lana eta lortutako mugarri historiko guztiak.

6.- Emakume gitxi dabil ardi mozten…

Ez. Janire Artabe dimoztarra da bat baina gehiago be badagoz. Indarra baino gehiago teknikea, trebetasuna, artea dira gogoan hartu beharrekoak eta holakoetan emakumeek aurrea hartzen deuskue [Barreka].

7.- Asisko Urmenetaren eta bertsolarien kolaborazinoa be izan dozue aurten…

Bai. Asisko Urmeneta, Maddalen Lujanbio eta Maddi Ane Txoperena bertsolariak eta Uxue Alberdi idazlea be pozik ibili dira geugaz.

8.- Ardi mozketea zer da zuretzako, afizinoa, ofizioa, tradizinoa…?

Egia esan behar badeutsut ofizioa da niretzako, ogibidea. Afizinoa, tradizinoak suspertzeko jokerea, jakintzea eta belaunaldiz belaunaldi transmitidutako kulturea da. Eta gaur, gure landa mundua, artilea eta ofizio honen etorkizuna aldarrikatzeko tresnea be bada.

Gatxa dala ardi mozteaz bizitea pentsauko dau bateren batek baina nik esango neuskio, barruan holako sensazinoa biztuten bajatzu, badagozala aukerak hemen eta munduan. Guk geuk ikastaroak, tailerrak eskaintzen doguz eta ezin ahaztu Mutur Beltz zein Laurita Silesek egiten daben lana. Baina kanpoan be badabiz arlo honetan eta hiru talderen erreferentziak emongo deutsudaz: Elite Wool Industry Training Ltd; Shearingschool; eta Britishwool.

9.- Holako kontuetan babesleak beharrezkoak izaten dira. Zeintzuk dozuez lagun?

Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketearen bigarren edizinoak Baztango Udalaren, Reyno Gourmeten, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien eta Laboral Kutxa, Artzai Gaztaia, Ossau Iraty, Venostal, Juan Celaya Fundazinoa, Gu ere bai, Erromantzazuko, Amaiurko, Zugarramurdiko, Doneztebeko, Atarrabiako eta Berako Udalen laguntzea be jaso dogu.

EAMEk eskerrak emon nahi deutsee txapelketa eta jardunaldia posible egiten daben babesle eta laguntzaile guztiei eta bereziki artzainei: joandako, gaur egungo eta etorkizuneko artzainei, euren lanak egiten baitau posible ardi-mozketearen tradizinoak aurrera jarraitzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu