Elena Bezanilla: 'ekipoa gara, alkarlanean gabiz beti'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-09-07 07:45   Barriketan

Elena Bezanilla (Pantzart).

Pantzart familiarteko antzerki eta objetu konpainia da, egunerokotasuna aparteko bihurtzen eta kartoizko eszenatokiakaz eta irudimen handiagaz, publikoagaz olgau eta esperientzia interaktiboak eta bizitzaz beteak sortzen dituana.

Konpainian Elena Bezanilla da zuzendari artistikoa, Ainhoa Pineda aktorea eta Santiago Ortega titiritero maisua.

Euskal literaturea maite dabe eta, besteak beste, Juan Kruz Igerabideren poesia eta sorkuntzakaz obra ederrak sortzen ditue.

Oraintsu Kamerunen izan dira Marionettes en Marche Jaialdian eta laster Txinara, doaz, Makaoko Contenporary Puppet Festivalera, Kolorez kolore obrea aurkezteko esperantzeagaz.

Umeentzako eta familientzako antzerki taldea, txotxongilo eta objektuen antzerki konpainia bilbotarra.

1.- Pantzart, umeentzako eta familientzako antzerkia egiten dauen taldea da baina beste arlo batzuk be jorratzen dozuez, zirkua, berbaldiak, jardunaldiak, topaketak eta holakoak. Bilbon dozuela egoitzea badakigu baina noiztik zabizie lanean, jenteak ezagutzen dau Pantzart?

[Barreka]... Pentsetan dogu ezagutzen gaituela. Saioetan, herririk herri gabizanean, aretoak, Bilboko Campoa Eliseos Antzokian be izan gara edo kaleak jentez ganezka ikusten doguz eta hori seinale ona da. Normalean, udal, kultur etxe eta holakoek kontratetan gaitue eta horrek erakusten dau interesa dagoala gure obrak herritarrei erakusteko. 

2.- Zu zeu zuzendari artistikoa zara baina zenbat kide zabizie lanean?

Ekipo bat gara, lantaldea da gurea eta oso pozik ibilten gara beharrean, beti-beti hutsik egin barik gabizanok hiru gara: Ainhoa Pineda hernaniarra eta aktore bikaina, zuhurra eta euskera polita darabilena, aurkezlea eta komikatzaile bikaina da. San Petersburgon ikasi eban eta 2007, 2008 eta 2010 Max sariak jaso zituan Agerre antzerki konpainiagaz. Antzezle sortzailea da.

Santi Ortega gure txotxongilori maisua da, txotxongiloen mundua goitik behera ezagutzen dau eta titereak eregiten be esperientzia handikoa da, antzezlea eta musikari ona. Antzerkigile euskaldun onenaren Max 2008 saria irabazi eban Haur Kabareta/Cabaret Infantil lanagaitik. Aktore lanetan, La Pez taldearen El show de la patera rosa saioan, euskal ikuskizun onenaren saria jaso eban 2009ko Umore Azokan, baita 2010eko Cafe Bilbao antzerki testuen saria be, Sobre amor y más cuentos lanagaitik.

Eta neu naz zuzendari artistikoa, lan artistikoa zein programazinoa, dramaturgia eta koordinazino lanak egiten ditut. Kanpoan be ibilitakoa naz Bread and Puppet (AEB), Dream Community (Taiwan), Central Saint Martins (London) eta bertokoakaz be bai, berbarako, Trikipunk Sebastopoleko Titiriteroakaz. 

Eta nabarmendu gura dot Juan Kruz Igerabide gure idazle maitea; sano pozik gabiz, miresten dogun idazlea da baina gogoan izan Pantzart taldeak euskal idazleakaz lan egiten dauela.

Ganerakoan, argien diseinua Arantza Floresen ardurea da eta geugaz etorri izan da askotan areto handietara. Erretratuak egiten Jose Antonio Gutierrez Guti ibilten da.

3.- Badozue eredurik, zer talde jarraitzen dozue?

Aspalditik gabiz beharrean hirurok. Gure estetikea bereizgarria da baina, akaso, Bread and Puppet taldean ibili nintzanekoak gogoan dodaz, helduentzako eta umeentzako lanak egiten zituen eta zeozertxu talde horrek egindako lanetan eta hartuko neban baina guk umeentzako eta familientzako obrak egiten doguz. Datuak baino ez dira baina 500 lan baino gehiago egin doguz. Boli bili boli ikuskizunagaz ekin geuntsan eta jenteak ondo hartu eban, atara kontuak, 100 emonaldi baino gehiago egin doguz. Hor egoan gure estetikearen hazia. Aurrerago etorri ziran Txan fantasmea, Plisti-plasta, Hitzak txorabiatzen, Korri, kuru, korri! eta beste batzuk.

4.- Hasi zinienetik 500 ikuskizun inguru eskaini dozuez. Ez dira gitxi...

Pozik gagoz eta hor aitatu deutsudaz geure obretako batzuk baina orain Kolorez kolore ikuskizunagaz gabiz. Afrikan be eskaini dogu eta pozik hartu gaitue. Obrea ge sano gustau jake. Juan Kruz Igerabideren testuak erabili doguz. Antzezleak Ainhoa Pineda eta Santiago Ortega dira eta laburpentxua egitearren, poemak, txotxongiloak, leihoak, abestiak, ilargiak, barraskiloak eta hipopotamo handi bat dituen etxetxo bat eregitea da asmoan amaieran, bisitau daitekeen etxetxoa. Kolorearen aztia izenez ezagutzen dan Květa Pacovská ilustratzaile txekiarraren lan plastikoan inspirauta.

David Larrinaga, Ana D., Arantza Flores, Jose Antonio Gutiérrez Guti, Benjamín Alonso, Silvia Cano be ez dodaz ahaztuko eta produkzinoa Pantzart taldearena dala, egoitza iraunkorra (2016-2017) KunArten (Vitoria-Gasteiz) eta egoitzak TOPICen (Tolosa) eta Barakaldo Antzokian.


5.- Orain hilebete Kamerunen izan zarie Marionettes en Marche Jaialdian. Zelan hartu zaitue hango zaletuek?

Ondo. Kolorez kolore aurkeztu genduan, berba gitxien daukan obrea [Barreka]. Bideoa, teaserra eta dana bialdu gauntsen eta gustau jaken, batzuetan kanpoan gehiago baloretan zaitue hemen baino, holako gauzak normaltzat hartzea komenidu da. Gure materialak, papela, kartoia, gauza sinpleak dira baina han balorau egin dabe gure ikuskizuna. 

6.- Urrian, barriz, Txinan aurkeztuko dozue Kolorez kolore. Makaoko Contenporary Puppet Festivalean parte hartuko dozue. Zelakoak dora Kolorez kolore obrearen berezitasunak?

Koloreei buruzko Juan Kruz Igerabideren posiak ditu oinarri. Olerkiak eta kantuak buztartu eta arlo bisuala nabarmentzen dogu, testurak eta ikusleak erakarteko teknikak be badarabilguz. Květa Pacovská ilustratzaile txekiarraren lana be badago tartean eta obrea oso bizia, koloretsua da. Eszenografia zuriz hasten da baina koloretako sinfonia bihurtzen da. Sinplea baina ikusgarria.

7.- Zestoan, Boli Bili Boli irailaren 4an; 12an, Ataurin, Txan fantasma; eta 16an, Beasainen, Eman mama goxoa. Badozue lana...

Eskerrak [Barreka]. Jirabiran ibiliko gara egunotan... Boli Bili Boli aitatu dozu, kalean egiten dogu, gure lehenengoetakoa da, bikain funzionetan dauena. Nik baloretan dodan gauzea da gure taldea betikoa izatea, ekipo sendoa gara eta horri esker errazagoa izaten da guretzako ikuskizunak sortu eta horreei eustea. Oraintxe bertan, 10 ikuskizun daukaguz han eta hemen. 

Eman mama goxoa obrea asko maite dogu. Igaz, Gasteizko Udalak lizitazino bat emon euskun 30 tailer eta ikuskizun egiteko Gasteizko eskoletan. 

8.- Bestelako laguntzinorik edo babesik jasoten dozue?

Bai. Etxepare Euskal Instituari eskerrak emotea zentzunezkoa da baina Kunarte, Azkuna Zentroa eta Topic be nabarmenduko neukez.

9. Zertan dabil orain Pantzart?

Orain Iratxo ikuzkizuna lantzen gabiz, 0-3 bitarteko umeak gogoan, antxinako umeentzako seaska kantuak erabiltea da asmoa, naturea, loreak, laminak eta holakoak buztartuz. 

Ganerakoan, Joxean Ormazabalek idatzitako ipuin bat eta Iraia Okina ilustratzailearen lanak erabiliz zeozertxu egin gura neuke...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu