Marta Unda Legarreta: 'jaialdi herritarra da gurea'.
2026-07-13 07:40 BarriketanArmintzako 36. Txapel Reggae garagarrilaren 18an izango da. Aurten, Jamaikan sortutako musikearen inguruan munduko hainbat ugarte lotuko dira alkarren artean. Txapel Reggaek Jamaika, Kanariak, Menorca eta Euskal Herriko artistak batuko ditu, baita Brasil, Frantzia eta Kanadatik etorritakoak be.
Jah Mason, Junior Dread, Dactah Chando, Rudymentari eta Steady Rockets izango dira gaueko zuzenekoetan protagonista Biobizz Portua Stagen. Bestalde, barritutako Spannabis Dub Stage guneak hamabi orduko sound system egitaraua eskainiko dau, Blackboard Jungle eta Irie Ites nazinoarteko erreferenteakaz.
Aurtengo barrikuntza nagusietako bat Txiki Yard izango da, familia osoagaz jaialdiaz gozetako sortutako espazio barria.
Armintza herri txiki baina eleganteak zelan hartzen dituan milazak zale eta bestelako gorabeherak jorratuko ditugu Armintzako Jai Batzordeko Marta Unda Legarretagaz.
1.- Erritmo beroak Armintzan eta doban. Zelan da posible goi mailako artistak ekarri eta doban izatea. Zeintzuk dira zuon babesle nagusiak?
Armintzako Jai Batzordearen izenean egingo dot berba eta nabarmenduko deutsut urte osoan zehar gabizela beharrean, holako jaialdi beteranoa eta entzutetsua zein kultura arloko bestelako jarduerak atontzen. Babesleak baditugu baina erakunde handietakorik ez, asko dira batzen jakuzanak eta horreek barik ez geunke holako izarrik ekarriko, jaialdi herritarra da gurea.
2.- Milazak batzen dira urtero Armintzan. 36 urte inguru martxan baina azpiegitura bako herri txikia izanik, aparkaleku, lo egiteko leku eta holakoak zelan konpontzen ditue bisitariek?
Trafikoagaz burukomin handia izaten dogu, kotxea ezin da herrian aparkau, hona datorrenak badaki hori baina Armintzatik hur dagozan auzoetara bialtzen doguz eta inguruetatik herrira joan-etorriak egiteko autobusak be ipinten doguz eta inguruetako herritarrak barik ez geunke gauza handirik egingo eta boluntarioen lana be txalotzekoa, eskerrik asko aitatu doguzan horreei eta isilpean geratzen diran horreek be eskertu behar doguz benetako inbasinoa izaten dalako Txapel baina onura edo mesedea be bada herriko taberna eta holakoetarako.
3.- Hiru txatal izaten dira: BiobizzLive, spannabis Dub Corner eta Txiki Yard. Portuan izaten dira kartelburuen kontzertuak?
Bai, portuan egiten dira BiobizzLive horretako kontzertuak, indartsuenak edo; eta aurten Jah Mason jamaikarra da kartelburua, azken hamarkadetako Jamaikako roots reggae ahots garrantzitsuenetako bat. 1990eko hamarkadan ekin eutson ibilbideari eta disko ugari argitaratu ditu ordutik. Armintzara Riddim Factory Band taldeagaz helduko da, Europako jaialdi handietan erakutsitako zuzeneko indartsua eskaintzeko. Bere ahots sendoa eta Irie Ites kolektiboagaz dauen lotura estua dira edizino honetako nagusietako batzuk. Baina hamabost urtean hara eta hona, Europa, Japonia, Australia eta Ameriketako Estadu Batuetan jo dauen Junior Dread brasildarra be hortxe izango da eta Menorkako Rudimentari eta Kanadako Dactah Chando be ez doguz ahaztuko, Chandok Reset lana aurkeztuko dau Armintzan.
4.- Steady Rockets euskaldunak be nabarmendu beharko geunkez. Zergaitik?
Aireratzea disko barria aurkeztuko dau Steady Rockets taldeak, bagilean argitaratutako diskoa, 11 kantu batu ditue, reggae eta ska buztartuz; berbak euskeraz dira eta Roberto Sánchez lako kolaborazinoak izan ditue Itzalaren Kolorea kantuan.
Eta ez ahaztu, Rudymentari taldeak be portuan joko dau.
5.- Jamaikarra da Mason baina kartelean, frantziarrak eta Dread brasaldirra be agiri dira. Badago zehazterik reggae estiloa nondik datorren, zein da jatorria?
Ez dago zehazterik. Urtetik urtera ikusten dogu Jamaika, Frantzia, Brasil eta Euskal Herrian be badagozala taldeak, aurten geurean dagozanak eta ez datozenak be bai, berbarako Akatz, ska eta reggae taldea. Armintza Bizkaiko herri txikia izanda interes berezia dogu hemengo taldeak sustatzeko.
6.- Euskaldunen artean, Herrimin zein Lurrikara nabarmendu daitekez baina Beñaranks ahaztu barik...
Spannabis Dub Corner horretan, Blackboard Jungle, 20 urtetik gorako ibilbidea duen talde frantziarra eta aurrerago Irie Ites frantsezagaz jarraituko dogu eta euskal atalean, Herrimin - Beñaranks, KBless zein Lurrikara nabarmenduko deutsudaz.
Baina Bomb Bass Hifi bilbotarrak be tartean izango dira eta hor be giro itzela izango dalakoan nago.
7.- Txiki Yard da aurtengo barrikuntzea, familientzako eta umeentzako gune berezia. Zer topauko dogu hor?
Gure jarrerea izaten da festibala ahalik eta onena izan daiten eta horretarako urte osorako lana dago. Esangura horretan, Txiki Yard, belaunaldi askoren arteko topagunea izango da, Txapel Reggaeren espiritua familian biziteko sortua. Tailerrak, jarduera artistikoak eta olgetarako gune librea eskainiko ditu. Jarduerak dinamizetako lantaldea egongo da bertan, eta Astigarraga Kit Line altzari-markearen laguntzeari esker, espazioak Montessori filosofian oinarritutako altzariak be izango ditu.
Musikeak be izango dau bere lekua Txiki Yarden. Disko Txiki saio berezia eskainiko da familientzat, Baltz Bita abeslari, selector eta Akatz taldeko arpegi ezagunenetako baten eskutik. Atzoko eta gaurko bersinoakaz musika-bidaia izango da, familiek alkarregaz jantzan egiteko eta txikienek reggaeagaz lehen hartu-emonak izateko.
Eguerdiko 12:00etatik gauerdira arte zabalik egongo da.
8.- Txapel Reggae zer da, reggae musikeari eskainitako jaialdia ala zeozer gehiago azpimarratuko zeunke?
Orain 36 urte hasi ginan jaialdia atontzen, hasiko ziran batzuk eta Jai Batzordekoontzat erronkea da, harro gagoz egindakoaz, jaialdia herritik herriarentzat sortzen dogu, komunidadearen isla da Txapel Reggae. Eta ixten badeustazu esango deutsut, kamiseta, toalla, pegatina eta holakoak topauko dozuezala portuan dogun etxolatxura hurrerazten bazarie.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
