Igor Elortza: 'handitik txikira eta intimotik gizarte mailara gabiz gustora'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-11-09 07:55   Barriketan

Anonyme Popular #2 plazaratu barri dabe Igor Elortzak, Rafa Ruedak, Matxalen Erzillak eta Jose Lastrak. Lehenengo diskoa aurkezten makinatxu bat herritan jo eta su ibili ostean, pare bat urteko deskantsua hartu eta indarbarrituta agertu jakuz. Bederatzi kantu batu ditue diskora eta Aiora Renteria Agian kantuan eta Monsieur leCrêpe Lelo garai bai lelo kantuan. Kolaborazinoetan be asmau dabela esan daiteke.

Lan potoloa, bikain jagondako 100 orrialdeko disko-liburua eta gogotsu zuzenekoakaz hasteko ei dagoz baina 2027ra arte ez ei dogu holakorik izango. 2027ko urtarrilaren 22an, Elorrioko Arriola Antzokian agertuko dira.

Kontuak ugari eta horreen danen barri emoteko prest dago Igor Elortza.

1.-  Urte bi eta erdi joan dira lehenengotik bigarren honetara. Zergaitik horrenbesteko tartea?

Lehenengoa amaitu, agur esan geuntsan proiektuari eta ez genkian bigarrena etorriko zanik be baina zeozertan hasteko gogoa biztu jakun, zabaldutako bidean aurrera egiteko amesa. Rafa eta biok batu eta arlo musikala zein literarioa nondik oratu eta holakoak aztertzen hasi ginan. Erosotasun espaziotik urten eta lanketa zabalagoa egitekotan geratu ginan.

2.- Matxalen Erzillagaz hirukotea zarie Jose Lastra ahaztu barik...

Bai. Durangarra da Matxalen txelistea, gitarristea, musikari bikaina eta tarteka-marteka kantau be egingo dau eta, bide batez, esango deutsut aurreko lanean neu nintzala abeslari bakarra eta orain abeslari lanetan Rafa eta Matxalen be ibiliko dirala. Gure proposamen honetan ardatz edo arlo nagusienetakoa berbea da eta ahotsetan zeozelan zabaldu egin dogu jarduera hori. Oso gustora gabiz.    

Ganerakoan, Jose Lastra soinuaren lanketan, grabazinoetan ibili da eta zuzenekoetan be teknikari lanak egingo ditu. 


3.- Darabizuen estiloari jagokonez, bat baino gehiago zurtz eginda geratuko zan, rap, hip hop, funk, pop eta holakoak entzunda baina edade batekook badakigu musikearen arloan be ibili izan zarela...

Ahozko kultura garaikidea egiten dogu eta aitatu dozuan horreek be bai, zergaitik ez. Ez dakianarentzat, Zazpi Eskale proposamenean, Josu Zabala, Unai Iturriaga eta hirurok ibili ginan eta Gu ta gutarrak be nabarmenduko neukez.

Bertsoaren mundutik nator eta hor berbakaz olgetan eta ibilten gara baina jenteak jakin daiala antzerkiaren munduan be zeozertxu eginda nagoala eta Rafagaz be soinu-bandak, film, podcast eta mundu horretan be ez naz hasibarria, igaz New Yorken izan ginan Rafa eta biok Kerouac Festivalean, hainbat hikuntzatan poesia lantzeko hitzorduan eta hor jaubetu ginan gurean be antzeko gauzaren bat egiteko kapaz ginala eta spoken word horretan zergaitik ez gara sartuko. Ausardia izan daiteke baina bagara nor, nahikoa baliabide eta esperientzia dogu eta pop elektronikoan zein rap mundu horretan zeresan dogula pentsetan dot.

Sasoian sasoiko gauzetan ibiltea gustetan jaku, gaur egun esateko daukaguna esateko horreetan pozik gabiz eta badakizu hara eta hona begitu eta asko ikasten da.

4.-  Disko-liburu potoloa aurkeztu dozue, 100 orrialde ingurU dira eta 9 kantu diskoan. Ordu, egun eta hilebete batzuk egingo zenduezan hau guztia atontzen...

Jakina, Orain urte bi edo hasi nintzan etxean baina Rafa be batu zan eta eta gustora ibili gara. Musikea, berbak eta ikus-entzunezkoak dira gure arloak eta liburari jagokonez, diseinua, grafismoa eta holakoakaz hornidu eta mamin eta mimo guztiagaz, egunerokoaz eta euskal kulturaz eta bestelakoez jantzi doguz bertsoak, berbak jaso doguz, dana ondo jagonda eta berbaurre sakona be badakar liburuak, sorkuntza prozesua kontetako eta zehetasun txikienak erakusteko, badakizu saltsa-maltsan gabiz airoso.

Daborduko zuzenekoei begira gagoz eta gogoratu lehenengo saioa 2027ko urtarrilaren 22an, Elorrioko Arriola Antzokian agertuko gara. Aurrerago etorriko dira urtarrilaren 31koa Oñatin, Iruñeko Bertsoaroan, zezeilean edo, zezeilaren 28an, Hernaniko Biteri Etxean, zemendiaren 26an, Tolosako Topic Aretoan, martiaren 12an, Aretxabaletako Zaraia Aretoan, martiaren 21ean, Bilbon, apirilaren 5ean, Laudioko Basa zikloan eta maiatzaren 15ean, Durangoko San Agustin Kulturgunean.

Durangoko Azokearen bueltan zergaitik ez dozuen zuzenekorik eskaintzen esan deuskue batek baino gehiagok eta egia esan behar badeutsut promozinoaren harian, Durangoko Azokan erakutsiko dogu Anonyme Popular #2 eta Gabonak be hortxe izango dira...

Ensaioak, aprobak egiten eta bagabiz eta urtarrilaren hasieran Azpeitiko Soreasu Antzokira joango gara hango Dinamokoakaz egoteko, mobimentua indar eta indarra argi bihurtzeko tresnea dan Dinamokoakaz zuzenekoaren zertzeladak eta enparauak zehazteko.

5.- Kulturaz, kultur koopeatibeagaz lan egiteko amesik badozue?

Kontua da ze igaz be egin genduzala egonaldi batzuk eta aurten be astebete edo emongo dogu bertan zuzenekoak eta orraztu eta aberasteko. Antzerkiaren munduko lagun batzuk be han izango doguz zain eta Matxalen be geugaz dabilenez, Gaizka Izagirre arduratuko da argi eta ikus-entzunezkoez eta, azken batean, ikusizun ederra eskaini gura dogunez, azken ikutuak emon eta aurrera.

6.- Personaletik kolektibora gustora zabiz?

Bai. Euskal Herritik mundura ibiltea gustetan jat, handitik txikira eta alderantziz, intimotik gizarte mailara, beti adi nondik zer atrapau eta holako zereginetan baina bigarren proposamen honetan gehiago dago distantzia eta modu zabalean jorratuta.

7.- Bertsolari txapelduna eta seguru Euskal Herriko Txapelketea jarraitzen be ibiliko zara...

Bai. Gustora. Egon izan naz saio batzuetan eta Eibarreko finalaurrekoan disfrutau egin neban, Nerea Ibarzabalek irabazi eban. Baina finalean zer pasauko dan ez deutsut esango, jakin be ez dakidalako eta pronostikorik be ez deutsut egingo... Baina esango deutsut gure hurrego belaunaldikoak plazatan eta ondo dabizala, txapelketan be igarten da. Eibarreko saioan danak sentidu nituan serio, kargu egiten, bakotxak bereari eusten, ez zan inor ezkutau.

Txapelketeari erreparauta, jarrera onaz ikusi nituan. Saio onak egongo dira eta txapelketako finalean zortzi handi ikusiko doguz, goi mailako zortzi. Oro har, koxka bat gora egin dabe eta final ederra izango dala pentsetan dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu