Aritz Arrizabalaga: 'heriotzak ospakizun, zergaitik ez?
2026-10-26 07:40 BarriketanGau Baltza, Domu Santu Eguna eta holakoak gainean doguz, jarduerak hasita be badagoz Bakion kasik herri osoaren inplikazinoari esker eta Hil kanpaiak jo artien goiburuari eutsiz sekulako egitarau potoloa martxan dago hilaren 22an hasi eta urriaren 31ra arte. Bakioko Udala, Itxas Alde Dantza Taldea, Makatzeko Iturria kultur alkartea, Urkitza Eskolea eta gurasoen alkartea, Spockypheria Productions, Bertso Eskolea, Marta Txori eta Haria Alkartea.
Bakioko edadekoen testigantzak sano interesgarriak izan dira egunotako esentzia eta gorabeherak jakiteko eta, jakina, aitatu talde guztien inplikazinoa be ezin ahaztu. Azalpen zehatzak Aritz Arrizabalagak emongo deuskuz.
1.- Hil kanpaiak jo artien goiburuari eutsiz datoz aurtengo jarduera guztiak. Nori okurridu jakon?
Asmo bi nabarmenduko neukez; alde batetik, erreferentzia egiten deutso tradizinoari, bateren bat hilten danean kanpaiak jotea ohikoa dalako eta ez hori bakarrik, gaur egun be hileta-eleizkizunen ondoren badago ohiturea mokaua edo egiteko. Mexikon be badakigu zelako jai eta egiten dituen. Beste alde batetik, mezua da heriotzetan eta ifrentzua beste bizitzea dala baina gure jarrerea da heriotzea gauza serioa dan arren, zeozelan ospatu egin behar dala, hil-belatan opilak banatzen ziran eta zeozelan bizitzeak jarraitzen dauela.
2.- Bakioko edadekoen testigantzak gogoan hartuta, Heriotzearen bideak Bakion, hil kanpaiak, andabideak eta kanposantuak' ibilbidea egin zenduen atzo. Aitatu testigantzok erakusten dabe Bakion zeozelako tradizinoa badagoala egon holako gauzetarako?
Bakion eta Euskal Herri osan esango neuke. Domu Santu egunean eta hor bueltan, gurean, Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan eta Josu Ozaitak azaldu euskunez, baegoan zeozelako ohiturea kalabazak eta patatak hutsitu eta barruan kandelak sartzekoa, jentea ikaratzen eta ibiltea. Esangura horretan, igaz, Makatzeko Iturria alkarteak lan ederra egin eban, edadeko lauzpabost herritarren testigantzak batu zituan eta batek esan ei eban kaleko argiak jarri zituen arte egiten zirala holakoak eta, jakina, argiak jarri zituenean, kandelek euren indarra galtzen eben...
3.- Kalabazak, kandelea barruan sartuta, desfile ikusgarriak eta holakoak doguz gogoan baina gurean kutsatu eta jakuz holakoak?
Kutsatu bai, zaparradeari ez-ikusiarena egitea ezinezkoa da, konsumismoari aurre egitea sano gatxa da baina geureari eusten be jakin izan dogu, geure ohitura, tradizino eta pasadizuak ez doguz ahaztu behar; naturearen zikloak dira: jaio, bizi eta hil eta horri ezin jako uko egin.
4.- Itxas Alde taldeagaz 100 alargunen jantzearen aprobea izan zan Bakion. Zelako esperientzia izan zan?
Ikaragarria. Itxas Alde taldearen ekimena sekulakoa izan zan; eta oso oker ez banago, orain hiru urte Herio izeneko ikuskizuna be egin eben, jantzen bidez heriotzearen ingurkoak, errituak eta holakoak jorratuz. Oduan be hainbat emakume inplikau ziran eta herritarrak ondo hartu eben.
5.- Urriaren 28an, Uxue Alberdigaz Hil arte bizi barriketaldia iragarri dozue. Alberdi idazle eta bertsolari handia da. Zelako ekarpena egin leike elgoibartarrak?
Programazinoa atontzen eta ibili ginanean, heriotzearen gaia beste ikuspuntu edo jarrerea gura genduan eta hoberik ezin, Uxue Alberdik gustora hartu eban proposamena. Jaubetu ginan idazle zeregin horretan oso presente daukala heriotzearen gaia eta hautagai ona begitandu jakun. Eta datu lez baino ez bada be, barriketaldiari Hil arte bizi izenburua be Alberdik berak jarri eutson.
6.- Barikurako, 30erako, barriz, Deabru Baltzak taldeak bazterrak astinduko ditu Su Talka obreagaz. Sua eta zaratea ez dira faltauko…
Bai. Taldearen azken lana da Su Talka eta hasiera zaratatsua emon gura izan geuntsan astegoienari. Sabino Arana kalea jentez ganezka egoala ekin eutsen eta sekulakoa izan zan ikuskizuna.
7.- Spoockypheria Productionsek atondutako Gorefest Jaialdiak be erantzun bikaina izan dau, btez be gazteen artean...
Bai espezialistak dira holako gaietan eta atondu eben saioa gustagarria izan zan. Danetara, 10 film eskaini zituen Karmengo kaperan eta izenburuak aitatuko deutsudaz: Amira (Javier Yañez Sanz 16:06); Lights Out (David Sandberg 2:42); Mr. Dentonn (Ivan Villamel 9:00); Dar Dar (Paul Urkijo 10:00); Azpian (Danel Garay eta Laura Barquin 4:39); Tantak (Sergio Morcillo 14:35); Behind (Ángel Gómez Hernández 15:00); Gizagabea (Iñigo Acha 5:55); Tragedium (Gaston Haag 13:47); eta Fis of Jesus (David Muñoz eta Adrian Cardona 14:44). Izenburuak eta bakotxaren iraupena. Jentea pozik joan zan etxer
8.- Egun handia, urriak 31, izango da: Gau Baltzaren ibilbidea Dirty Dürum Brass taldeagaz eta ekitaldi berezia Andra Mari eleizearen inguruetan...
Antza nahaste-borraste berezia prestau dabe, eleizkizunetako kantuak, moldaketak eta euren estilokoak be bai. Frontoian hasi eta eleizara arteko ibilbidea egingo dogu eta tarte horretan doinu lasaiagoak izango dira batzuk eta zaratatsuagoak beste batzuk. Eta ez ahaztu makinatxu bat jarduera be izango ditugula Andra Mari eleizearen inguruetan: bertsoak, musikea, jantzak, jan-edana...
9.- Bakio bizitza da!, Itxas Alde Dantza Taldea, Makatzeko Iturria kultur alkartea, Urkitza eskolea eta guraso alkarte, Spoockypheria Productions, Marta Txori, Bertso Eskolea, Haria alkartea eta Bakioko Udalaren alkarlanari esker egin ahal izan da hau guztia...
Duda barik. Holan egin gura izan dogu, batek erantzunkizun guztia beregan hartu beharrean, taldelana izan da gurea, herria inpliketako gogoa eta bateren bat faltauko bada be kolektiboaren indarra lehenetsi dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
