Bego Gangoiti: 'itsasoa jagotea danon ardurea da'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-05-18 07:40   Barriketan

Itsasoa zaindu, bizia dastatu da aurtengo goiburua eta idea hori bera islatu nahi izan da kartel ofizialean be ume bat heldu baten sorbaldan, eta itsasoa bere kolore guztietan. Irudi horren bidez, belaunaldien arteko
transmisinoa, jagoletzea eta etorkizunaren aurreko ardurea irudikatu nahi izan dira.

XXXII. Arrain Azokea, maiatzaren 22tik 24ra izango da, datorren astegoienean. Arrain Azokea sano ezaguna da herrian eta inguruetan eta Lamerara hurreratuko danak badaki arrainagaz eta arrantza-ontzi eta sektoreagaz lotutakoa topauko dauela.  Besteak beste, 20 erakustoki, POP-UP Kresaltxua, BTWC dastaketak, kultur eta kirol ekitaldiak zein Solidaritza Gunea.

Horrezaz gan, Bermeoko Nautika Eskoleak 50 urte bete dituala be nabarmendu behar da, ibilibide emonkorreko eskolea, Bermeon sano maitatua dan horri emon deutsen Hegaluze Sariarena be ez dogu ahaztuko. 

Azalpen guztiak Bego Gangoiti, Arrain Azokako koordinatzaileak emon deuskuz.


1.- Lamerara hurreratuko danak zer topauko dau betiko azokea ala zeozer gehiago?

Arrantza Azokea dakar izenak berak eta mamina horixe izango da, gure enpresa nagusiak arrantzearen sektoreagaz dituen hartu-emonak jorratzea be parte izango da baina aurten Aztertu programea, Eusko Jaurlaritzearena landuko dogu, tailerrak eta erakusketa bat be izango dogu, itsasoaren ezaugarriak eta ingurumenaren arloa ezagutarazoteko gazte eta familiei bideratuta, itsasoa jagotea danon ardurea dalako. Itsasoak asko emoten dau baina geure partea da jagotea.

Bestetik, itsasoagz lotutako gure artisauek be zeresana izango dabe eta hurreratuko diranen aurrean lan egiten ikusteko modua be izango dogu.

2.- Artisauak aitatu dozuz eta aurtengo kartelean agiri dan marrazkia be nork egin dauen zehaztutea eskatuko deutsut

Arriguri enpreseagaz aspaldi gabiz lanean eta euren lana izan da. Diseinuan gura izaten dogu itsasoa eta gizartea hartu-emonetan dagozala erakustea eta aurtengo erronkea izan da itsasoaren, uraren zatitxuak txertatuz persona nagusi bat umea arrelepo daroana agertzea, zeozelan umeak jagoten doguzan moduan, itsasoa jagotea eta holako balioak be islatu gura izan doguz eta politto geratu dala pentsetan dot. 

Gainerakoan, aurtengo Arrain Azokarako Itsosue jabotie geure burue jabotie da bideoa be egin deuskue, ia gustetan jatzuen.


3.- XXXII. Arrain Azokea da aurtengoa eta atonketa eta koordinazino lanak eta erraz egiten dozuez ala burukominak be izaten dozuez?

Badira urteak, bai baina azken ordukoak eta beti moltsotuten jakuz. Arrantzaleak eta konserba lantegien lana interesau arren, gustetan jaku gauza barriak eta holakoak be eskaintzea herritarrei eta, esangura horretan, gizartea eta ekonomia arloak aldatzen doazen neurrian geu be dinamika horretan gabiz gustora, urtetik urtera jente asko hurreratzen jaku, enpresa, kultura zein gizarte mailakoak azokan eurena erakutsi guran eta gustetan jakuz holako erronkak.

4.- Batzorde, talde, alkarte, gizartearen inplikazinoa nabarmendu dozu eta danak esatea ez da poible izango...

Herriko kultura arloan dabizenak, jai batzordea, jantza, musika, gastronomia zein arraunlaritzan, danok gagoz inplikauta eta horri esker gara garen modukoak, herriak herriarentzat egiten dau, esentziari eusten ahalegintzen gara. Solidaritza Gunea be badaukagu, osasunaren arloan, 6-14 urte arteko umeei laguntzeko. Eta pentsetan dot bermeotar bakotxak sentiduten dauela Arrain Azokearen parte dala.

5.- Tuna World Experience, Arrantzalearen Eguna, Arrain Azoka eta holakoei esker Bermeo zer dan eta zertan ibili dan ondo dakigu...

Jakina. Bermeo arrantzaleakaz lotzea betiko kontua da baina gogoan izan daigun baloreen zerrendan zeresan handia daukala ekonomian zein herritarren artean; arraina elikagaia da, inportantea gure osasunerako eta jenteak badaki hori baina bihar etzirako produktu horren kalidadea bermatzea jagoku, hori be bada Arrain Azokan erakutsi eta zabaldu gura doguna.

6.- Hegaluze Saria 50. urte bete dituan Bermeoko Nautika Eskoleari emon deutsazue, nahikoa meritu egin dabelako ibilbide emonkor horretan...

Ezer baino lehen, zorionak Nautikako guztiei, Bermeoko Nautika Eskolea sano garrantzitsua da, aberasgarria bermeoatarrentzat eta kanpotik etorritakoentzat, izan be, profesionalizazinoan aurrera egin leikielako. Geuk Nautikakoek egin daben lana autortu, txalotu eta eskertu egiten dogu eta goraipatu hezkuntza arloan emondako pausuak. Eskoleak gorabeherak be izan ditu, erakunde bat baino gehiagoren pentzura egon dira baina egokituteko kapazidadea izan dabe beti. Arrantzaleak trebatzen zein arrantzeagaz lotutako beste lanbide batzuetarako atea be izan da.

Emakumeen integrazinorako be aparteko interesa eta lana egin dau Eskoleak, integrazinoaren arloan eredu da Nautika Eskolea, beti pentsau izan da arrantzaleak gizonezkoak dirala baina zorionez saregileak, konserba fabriketan eta emakumeak badabiz. 

Ganerakoan, Hegaluze Saria Nautika Eskoleari emotea omenaldia izan da, autortzea, sano merezidutakoa. 

7.- Ikasketak amaituta, nora doaz Nautika Eskolako ikasleak?

Barkuetara, bajurakoetara gehienbat eta makinetan ikasten dabenak itsasoan ibilteko aukerea izan arren, lehorrean be egin leikie lan; pentsaizu 200 ikasle inguru dabiz orain eta danak ez dira itsasora joango.

Beste alde batetik, datu lez esango deutsut Aita Mari ontziko patroia Nautika Eskolan trebatutakoa dala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu