Maren Zubeldia: 'ikusle bakotxak istorioan zeozer propioa topetea nahi dogu'
2026-04-13 07:55 BarriketanSilvina Guglielmotti eta Maren Zubeldia.
Ultramarino, Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmottiren film laburra, Malagako Zinemaldiko Sail Ofizialean erakutsi dabe Zinebi eta Bogoshorts lako jaialdietan izan ondoren. Sensibilidadez eta barruko begiradaz, filman identidade eta gorputz ez-bitarrak eta gizarte-arauak eta segurutzat jotako genero-rolak dudan jarten ditue. Alkarrizketan, proiekzino bakotxean istorioak zelan eboluzionetan dauen, publikoa protagonista zelan bihurtzen dan eta film laburrak hausnarketarako eta ikusgarritasunerako espazio bat zelan sortu nahi dauen azaltzen dabe.
Hamazortzi minutuko film laburra ZINEBI Jaialdian saritu eben Bertoko Begiradak txatalean eta Ultramarino laburrean zuzendarikide eta gidoilariak dira Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmotti; zuzendari artistikoa Esti Salinas izan da; antzezleak Zion Arakistain, Mariasun Pagoaga, Iraia Elías, Josean Bengoetxea, Nerea Arriola, Amaya Quiroga, Garazi Urkola eta Aiora Enparantza dira; produkzinoa Doxa Producciones, Ainhoa Andraka Rueda eta Zuri Goikoetxea Gonzálezena da; banaketea Kimuak etxearen ardurea izan da; argazkiak Almudena Sánchezek egin ditu; muntaketea Ainhoa Andrakak egin dau; musikea Mattin Zeberiok sortu dau eta soinua, barriz, Ane Zugaza, Manex Zabaleta eta Xanti Salvador ardurea izan da.
Kontuak kontu, Basque Audiovisual izan da alkarrizketea egin dauena eta Bizkaie! Atariaren ardurea izan da testua egokitu, zuzendu eta mendebaldeko euskalkian ipintea.
Geureari eutsiz, Malagako Zinemalditik bueltan prest azaldu dira Zubeldia eta Guglielmotti gure galderei erantzuteko.
1.- Zelan hartu dozue Ultramarino Malagako Zinemaldiko Film Laburren Sail Ofizialean hautatua izatea?
- Silvina Guglielmotti: gure lehen filma da zuzendari lanetan eta sorpresa eta lasaitasun nahasketa bategaz bizi dogu. Denpora luzez, Ultramarino oso prozesu hurbila izan zan, intuizinoetan eta bion arteko etenbako barriketaldiotan oinarritutakoa. Orain, zinemaldietan ibilbideari ekiten deutsola ikusteak suberte handikoak garela pentsetan dogu. Ederra da pelikulea ikusi eta konpartidu gura izan dabenak topau doguzalako eta prozesuan zehar guretzat oso intimoak izan diran galderak jenteari hurreratu ahal izatea.
- Maren Zubeldia: Malaga jaialdi garrantzitsua da, eta Ultramarino filmak Sail Ofizialean lekua izatea bultzada handia da guretzat zuzendariontzat. Ardura eta asmo oso personalean oinarrituta idatzitako laburra da. Mundu ez bitar batean bizitea posible dan aztertzea eta, harago, gure gizartean gorputz ez bitarra bizitea. Publiko guztiarengana heldu nahi dogu hausnarketa hau konpartiduta. Espero dogu Malagak aukerak edegitea jaialdien zirkuituan eta ahal dogun guztia egitekotan gagoz filma leku gehiagotara eroateko.
2.- Hautaketa honek mugarria ezartzen ete dau proiektuaren garapenean?
- Silvina: ez dakit mugarria izango ete dan baina etapa aldaketea dakarrela esango neuke. Film laburrak bere ibilbideari ekiten deutsonean, haregaz ditugun hartu-emonak be aldatzen dira: daborduko gure esku ez dagozan erresonantziak sortzen dira, eta horrek erabat eraldatzen dau filmaren bizitea.
- Maren: pozarren gagoz, handia da Malaga lako jaialdi batean hautatuta egotea; ilusino handia egin euskun albistea jaso genduanean. Gure hurrengo proiektuak prestetan edo atontzen gabiz eta holako zeozerk, duda barik, konfidantzea eta indarra emoten deutsu idazten jarraitzeko eta hurrengoa aurrera ataraten saiatzeko. Sormen-prozesu guztietan, momentu gogor batzuetan ikuspegia edo perspektibea eta motibazinoa galtzen dira, eta holako albisteek konfidantzea eta jarraitzeko bultzadea berreskuratzen laguntzen dabe.
3.- Zinebin estreinau zanetik orain arte, zer bilakaera izan dau filmagaz izan dituzuen hartu-emonak?
- Silvina: Zinebin ikusi neban lehen aldiz oraindino sorkuntza prozesuan egon barik. Hortik aurrera, film laburragaz nituan hartu-emonak aldatu egin ziran. Distantzia handiagoagaz begituten hasi nintzan, eta proiekzino bakotxak xehetasun asko erakusten zituala antzemon neban, batez be, oso persona ezbardinak ezusteko ikuspegietatik istoriora hurbiltzen zirala ikustean. Denporeagaz, hasierako asmoaren menpean egoteari itxi neutson eta proiekzino bakotxean sortzen zanaren arabera be definiduten hasi zan.
- Maren: Zinebiren ondoren, Bogoshortsera joan ginan, Kolonbiara. Han ikusleek ezustean harrapau gintuen. Asko gazteak ziran eta interes handia erakusten eben euskal tradizinoetan. Istorio hau kontetako geunkan helburuetako bat lortu genduala konturatu ginan: erreferente bat sortzea, alkarri begiratzeko ispilu bat, genero-markatzaile bitarrak dudan edo zalantzan jarriko zituan personaia bat, trans istorioetan sartu barik. Hau, batez be, istorio ez bitarra da. Proiekzino bakotxak erreakzino eta alkarrizketa bereziak oparitzen deuskuz publikoagaz eta sentiduten dot, apurka-apurka, istorioak gurea izateari ixten deutsola, eta ikusten daben persona guztiakaz konpartidutako zeozer bihurtzen dala.
4.- Zelakoa izan da Ultramarino beste jaialdi batzuetara eroatea eta autortzak jasotea?
- Silvina: filmaren ibilbidea pausuz pausu bizi izan dogu. Kimuak entzutetsuaren katalogoan sartzea oso garrantzitsua izan zan, pelikuleari hara eta hona ibilteko aukerea emon eutsolako eta bestela oso gatxa izango zalako bide bat topetea. Hortik Gijongo Nazinoarteko Zinemaldia, Zinebi eta Bogoshorts-eko nazinoarteko estreinaldia lako hautaketak etorri ziran. Esker onez bizi izan genduzan. Gonbidapen bakotxak bultzadea emon deutso filmari, jaiolekutik harago ibilbidea egiten jarraitzeko. Malagakoa be, holako istorioei ikusgarritasuna emoten deutsenakaz esker ona sentiduten dogu.
- Maren: harritu egin nau edade diferenteetako personakandik jaso ditugun erantzunen aniztasunak. Nerabeak hurbildu jakuz baina baita edadekoak be. Askok galdera bera egin deuskue: neskea ala mutila ete da? Eta holakok egitea gustetan jat. Gure sozializetako moduak muga sakona erakusten dau: generoa jariokorra izan daitekela onartzeko zailtasuna eta dana dualtasun horren barruan sailkatzeko etenbako beharra. Nortasun eta gorputz ez bitarrak dagoz eta gure gizartean leku bat merezidu dabe. Eta ez bakarrik gizartean: antzezpenean, liburuetan, film, antzerki eta enparauetan. Horregaitik ahalegindu gara Zazuren istorioa kontetan.
5.- Istorioagaz identifikauta sentitu diran personen mezurik jaso dozue?
- Silvina: bai, eta bitxiena da mezuak oso esperientzia desbardinetatik datozela. Persona batzuk identidadea nabarmentzen dabe, beste batzuk, barriz, tradizinoakaz edo lekuagaz dituen hartu-emonak. Orduan ulertu neban filma ez dala bere testuinguru zehatzera mugatzen, persona askok oso modu desbardinetan bizitako sensazinoetan be oihartzuna dauela.
- Maren: Ultramarino-k gizarte-arau asko eztabaidatzen ditu eta arau horreek, batzuetan, sano errotuta dagoz gure gizartean eta mundua ikusteko dogun moduan, ez ditugula dudan jarten. Proiekzinoen ondoren, publikoagaz berba egin ondoren, jasoten ditugun ohiturei eta erreproduziduten ditugun rolei buruz egin geinkez barriketaldiak. Uste dogu danok sentidu dogula, noiz edo noiz, arau sozialen bategaz ez gatozela bat, eta hori da, hain zuzen be, publikoak film laburra ikustean sentidu dauena.
6.- Zer ekarriko ete dau Ultramarino laburrak aurrerantzean?
- Silvina: gustauko litxakit persona bakoitzak bere zeozer topetea istorioan. Tradizino oso zehatz batetik abiatzen dan arren, Ultramarino lanean gai unibersalak jorratu doguz, zeozeren parte izateko beharra eta, aldi berean, besteek batengandik espero daben lekua hartzeko zailtasunaz. Ia filmak aukerea emoten deutson ikusle bakotxari hortik bere burua ezagutzeko, tradizinoen aurreko loturearen bidez, duden bidez edo inguratzen gaituan sistemeagaz erabat bat ez etortearen sensazinoaren bidez.
- Maren: film laburra gure eskualdetik kanpoko jaialdietan erakusteak beste tradizino eta kultura batzuekaz konektetea dakar. Erreproduziduten ditugun rol bitarrak eta ia konturatu barik jasoten ditugun herentziak zalantzan jarteko, dualtasun horregaz bat ez datozen identidade eta gorputzentzako espazio bat aldarrikatzeko eta, aldi berean, sufriduten daben indarkeria zabaltzeko balio izatea nahi dogu.
7.- Bidaia honen ondoren, zer istorio kontau nahi dozue?
- Silvina: orain La Esquela lantzen nabil, bateren bat hilten danean zer jazoten dan eta agurraren inguruko hartu-emonak zelan berratontzen diran aztertzeko film laburra. Ultramarino obran gorputza eraldatzen dagoan lurralde lez irudikatzen dogu, eta labur barrian, ostera, desagertutako gorputzaz gabiz: daborduko ez dago presente, baina berba egiten jarraitzen dau eta geratzen diranak baldintzatzen ditu. Gorputza aztertzen jarraitzea interesetan jat, gatazkak hartzen dituan espazio legez. Film laburra izango da eta denprearen porasuz hazteko eta zabalago bihurtzeko aukerea izatea espero dot.
- Maren: ausartu egin naz eta idazten nabil oso gustora. Hamaika urteko neskato baten istorioa dakarren film luze baten gidoian nabil lanean. Umeari maitasun inozente bat biztuten jako. Hamazortzi urteko hockey-entrenatzailea gustetan jako baina neskeak kirola itxi behar izan dau lesino baten ondorioz. Umeak hockey jaialdi handi batean parte hartzeko gonbidapena jaso arren, benetan jarduera horretan parte hartu nahi dauen ala ez izango da buruko mina. Erabagi horren ondorioz, hurrengo ikasturtean ez da bere ikastetxeko kirol-taldean egongo, eta, beraz, ez dau entrenatzailea barriro ikusiko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
