Estitxu Garai: 'milazak batuko gara San Mamesen'.
2026-06-01 07:54 BarriketanLehenengo aldiz atondu dau Euskal Herriko Unibersidadeak gradu eta graduondo ikasketa-amaiera ekitaldi bateratua eta bagilaren 12an izango da San Mames estadioan, Bilbon. Gure ikasleen eskaeratik sortutako ekitaldia da, unibersidade ikasketen amaierea modu bateratuan ospatu nahi dabelako, euren bizitzako momentu garrantzitsu baten neurriko espazio sinboliko batean Joxerramon Bengoetxea errektoreak adierazo dauenez. Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazinoko errektoreordea eta Asier Blas Ikasle eta Konpromiso Sozialerako errektoreordea be izan dira aurkezpenean.
Ikasleek izan eben aukerea izena emoteko baina ekitaldira joan gura dabenek sarrerea erosteko aukerea dabe hemen.
Azken ikasturteko ikasleek ondoko formulario hau bete beharko dabe izena emoteko, izan be, eurak izango dira zelaian lekua hartuko dabenak, ekitaldiaren protagonista nagusiak.
Azken urteotan familiarteko eta lagunen aldetik be interesa biztu da era horretako ekitaldien aurrean baina espazio falteak askotan gogo hori zapuztu egin dau. Aurten konpartidutako gogo horri erantzun nahi izan deutsagu eta aukerea emon askoz be jente gehiagori, esan dau errektoreak.
Ekitaldi akademikoaz gan, musikea, dibulgazino zientifikoa eta sorpresa ugari izango dira. Eta han parte hartuko daben persona guztiak EHUko ikasle ohiak izango dira, unibersidadeagaz daben talentua eta loturea erakusteko: Nogen, Maialen Lujanbio, Janus Lester eta Amets Arzallus batuko dira San Mamesera.
EHUalumni sariak
Sofia Arribas arkitekto eta diseinatzaileak, Itxaso Ariza injineruak, Iñigo Lamarka abokatu eta EHUalumniko lehenengo presidenteak, Teresa Madariaga ekonomialari eta enpresa kudeatzaileak, Carmen Mijangos kimikari eta Zientzia eta Teknologia Fakultadean ikasi eban lehenengotariko emakumeak eta Iraia Iturregi entrenatzaile eta futbolari ohiak jasoko dabe 2026ko EHUalumni saria. Hainbat belaunalditako EHUko ikasle ohiek ibilbide profesional esanguratsua izan dabe eta unibersidade publikoaren balioen ordezkari lez jasoko dabe omenaldia.
Zientzia dibulgazinoa
Zientzia dibulgazinoak be lekua izango dau eta ekitaldi berezia izanik, aitabitxi lanetan be, akademiaren ordezkari berezia ibiliko da San Mamesen: Juan Ignacio Perez Iglesias, gaur egun Zientzia, Unibersidadeak eta Barrikuntza sailburuak Iraganaren etorkizuna berbaldia eskainiko dau.
Palestina gogoan
EHUk Palestinaren kontrako erasoak salatuz ekin eutson ikasturteari irailean eta esangura horretan, ikasturte amaierakoan be keinu bat euki nahi izan dau Gazagaz. Holan, Palestinako musikariz osotutako Sol Band taldeko abeslariak be parte hartuko dau ekitaldian.
Gauza asko dagoz jorratzeko eta Estitxu Garai EHUko Bizkaiko Campuseko Komunikazinoko errektoreordeak gustora emon deuskuz azalpen guztiak.
1.- Nobedadetzat hartu daiteke gradu eta graduondo ikasketa-amaiera ekitaldia eta musikea eta bertsoak protagonista izango dituan jaialdia batera egitea. Zeintzuk izan dira arrazoiak holako egun berezia atontzeko?
Ikasleek eurek behin eta barriro eskatzen izan deuskue graduazinoa, graduetan ziran egunean bertan egitea, lau bat urte egin ditue alkarregaz eta normaltzat hartu daiteke eskabidea, normalean urtebetegarrenean edo egiten ziralako orain arte baina bakotxak bere bidea hartzen dau eta gatxa izan daiteke danak batzea.
Geuk be pentsau izan dogu ez daukagula hiru campusetako ikasleak batzeko eta autortzak eta behar dan moduan egiteko eta holan etorri da erabagia.
2.- Nogen, Maialen Lujanbio, Janus Lester eta Amets Arzallus be batuko dira, nozonoiz EHUn ikasi dabenak. Bakotxa zertan ibili da?
Pozik gagoz aurrerago ezagun bihurtu jakuzan batzuk gurean ikasi ebelako. Maialen Lujanbiok arte eder ikasketak egin zituan; Nögen taldeko abeslariak Süne-Josune Arakistainek medikuntza ikasketak egin zituan eta gogoan daukat euskereran aldarrikapen berezia egin ebala; Amets Arzallus kazetaria da, ikasketak egin zituan berton; eta Janus Lester irakaslea da Zientzia eta Teknologia Fakultadean. Arko desbardinetatik datoz eta buztarketa berezi hori askok gustora hartuko dabe seguru.
3.- Amaiera ekitaldi bateratua bagilaren 12an izango da San Mamesen. Milazak sartzeko esperantzea dago…
Pozik gagoz lekuagaz, hiru pantaila handi izango dira, ez daizala inork detaile edo xehetasun txikienak be galdu, unibersidade publikoaren alde dagozan guztiak etortea gura dogu; eta oso oker ez banago, izen emoteagaz be polito gabiz, 4.000 ikaslek emon dabe izena baina familiartekoak, lagunak eta hurreratuko dirala badakigu eta, beraz, hitzordu polita izango dalakoan nago.
4.- Zientzia dibulgazinoaren harian, aitabitxi lanetan Juan Ignacio Perez Iglesias agertuko da, gaur egun Zientzia, Unibersidadeak eta Barrikuntza sailburuak Iraganaren etorkizuna berbaldia eskainiko dau...
Bai. Zientzia dibulgazinoa aldarrikatzea ezinbestekoa da eta arlo horretan bagenkian ona izango zala orain sailburu lanetan dabilen Juan Ignacio Perez Iglesias izatea aitxabitxi. Katedra zientifikoa zuzentzen be ibilibide luze eta emonkorra egin dau eta zientzia zabaltzen eta sustatzen be lan handia egindakoa da.
Emongo dauen berbaldiaren izenburua deigarria da eta pentsetan dot jenteak disfrutauko dauela.
5.- 2026ko EHUalumni saridunak be San Mamesen agertuko dira, besteak beste, Iraia Iturregi entrenatzaile eta futbolari ohia baina beste batzuk be nabarmendu beharko geunkez...
Jakina. Iraia Iturregi entrenatzaile eta futbolari ohia nabarmentzea ondo dago, Kirol Zientziak ikasi zituan Arabako Campusean eta emakume kirolarien arloan eredu izan da askorentzat.
Ganerakoan, Sofia Arribas arkitekto eta diseinatzailea, Itxaso Ariza injinerua, aeronautikearen munduan bikain dabilena, Teresa Madariaga ekonomialari eta enpresa kudeatzailea, Sarrikon ikasi ebana eta Carmen Mijangos kimikari eta Zientzia eta Teknologia Fakultadean ikasi eban lehenengotariko emakumea ez dot ahaztuko, orain arte danak emakumeak baina Iñigo Lamarka abokatu eta EHUalumniko lehenengo presidentea be nabarmenduko neuke,
6.- Palestina gogoan, Palestinako musikariz osotutako Sol Band taldeko abeslariak be parte hartuko dau ekitaldian...
Palestinaren kontrako erasoak salatuz ekin geuntson ikasturteari irailean eta esangura horretan, ikasturte amaierakoan be pentsau dogu polita izango dala Palestinako musikariz osotutako Sol Band taldeko abeslariak be parte hartzea ekitaldian. EHUk konpromiso sendoa dauka bakearen alde.
7.- Nerea Reparaz eta Julen Telleria aurkezle ibiliko dira San Mamesen...
Bai. Biak EHUko ikasle ohiak dira, nire fakultadean ibilitakoak eta badakit giro ederra sortzen eta jentea animetan eta ez dabela trabarik izango.
8.- Bagilaren 12ko jaialdian ezustekoak izango dirala aurreratu dozue. Badago zeozer aurreratzerik?
Aurreratzeak sorpresea hankaz gora jartea dakar eta, beraz, ez deutsut xehetasun handirik emongo [barreka]. Baina ikasleek protagonismo handia izango dabe, momentu hunkigarriak be egongo dira, ikasleak jazkera bereziagaz agertuko dira, jakintza aroloko euskal txapela eta banda akademikoakaz eta eurentzat momentu ahaztuezinak izango dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
